Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Carlos Aguirre: “Espainiako zerga arloko desdoikuntza diru-sarrerek eragin dute, ez gastuek”

2012.eko ekainak 28

Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Carlos Aguirrek, Autonomia Erkidegoen Finantza Politikaren XX. Jardunaldiei hasiera eman die. Topaketa hori Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Sailak antolatu du, BBVA Taldearen babesarekin. Sailburuak autonomien eta Ogasun Ministerioaren ordezkarien aurrean adierazi duenez, “Espainiako zergen arloko desdoikuntzaren arazoa diru-sarrerek eragin dute, ez gastuek”. Aguirrek gailendu du krisi honetan presio fiskaleko bost puntu galdu direla eta Europako gainerako eremuetan galera hori BPGaren 1,5 puntukoa izan dela. BPGaren bost puntu horiek 55.000 milioi euro inguru dira guztira, hau da, Espainiako egiturazko defizita.

Espainiar eta euskal ekonomiaren esparrua Bruselak ezartzen dituen aurrekontuen arloko oreka- eta egonkortasun-akordioek baldintzatzen dute. Akordio horiek, sailburuaren ustez, “oso muturrekoak dira eta oso kaltegarriak dira gure ekonomiarako, gainditzeko oso zaila den atzeraldi batera baikaramatzate”.

Carlos Aguirrek ziurtatu du Europako egungo politika ekonomikoa ez dela zuzena. Beraren ustez, finantza-tentsioak arindu beharrean, larriagotu egiten ditu. Azken finean, titulu subiranoak defendatzeko mekanismoen eraginkortasunarekin lotutako ziurgabetasuna areagotzen du, eta, era berean, egiturazko erreformen eraginkortasunaren inguruan zalantzak eragiten ditu, eta, gainera, epe laburrean behintzat ez dira ari emaitza positiboak lortzen. Ekonomialari ugarik jada beheranzko espiral bat dela esan dute.

Sailburuak bere hitzaldiaren bukaeran ziurtatu duenez, “etengabe doikuntzak egiteak atzeraldira baino ez garamatza. Baina Europak hazi egin behar du, eta, hazteko, pizgarri publikoa behar du. Eta pizgarri publikoa lortzeko, politika ekonomiko hedakorragoa behar dugu”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)