Berriak Kultura
Eu

Gazteaukerak bere ataria berritu du

2012.eko ekainak 27

Etorkizunera begira

Gazteaukerak bere ataria berritu du

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak bultzatzen duen Gazteaukera atariak soineko berria jantzi du. Bertara sartzen den edozein erabiltzailek konprobatu ahal izango ditu diseinu berriarekin etorri diren aldaketa ugariak. Hartara, Gazteaukera eskuragarriago, ordenatuago eta erakargarriago bilakatu da, eta gizarte-sareek garrantzi handiagoa hartu dute.

Gazte Informazioa eta Gazte-txartela atariek iaz izan zuten arrakasta ikusita abiarazi du Gazteria Zuzendaritzak egitasmo hau. Gazteaukeraren atari berrituak dema berriei aurre egin nahi die, partaidetza sustatu eta gazteekiko komunikazio zuzenagoa bultzatu, web 2.0ren izaeraren aldeko apustu sendoa eginik. Ahin zuzen ere, atariak honakoak biltzen ditu, bere edukien artean: bloga, Facebookeko webgunea, Twitter, Tuenti, Flickr eta Deliciouseko kontuak eta Youtubeko katea.

Tresna, funtzionalitate eta zerbitzu multzo honi eta diseinu berriari esker, bideoak, argazkiak eta gizarte-sareak ikusgarriagoak eta argiagoak izango dira. Gainera, gai bakoitzean eskaintzen den informazioa eguneratu eta berridatzi egin da, hainbat sailen laguntzaz: Osasun eta Kontsumo Saila, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila, Kultura Saila, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila, Lan eta Gizarte Gaietarako Saila, Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Saila eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.

Atari berria epe luzera begira diseinatu da, eta artatze-lan erraz eta iraunkorra izango du. Kasu askotan, atariaren edukiak RSS sistemaren eta Gazte Informazioak sortutako edukien bidez elikatuko dira.

 

Gazteaukerari buruzko datuak

Gazteaukera ataria Gazte Plana 2002-2005en baitan sortu zen, gazteen premiei egokitutako informazio baliagarria modu zuzenagoan eskaintzeko asmoz. Azken hamarkada honetan Interneteko atariek izan duten bilakaera eta gizarte-sareen gorakada ikusita, berrikuntza tekologiko horietako asko hartu ditu Gazteaukerak.

Datu estatistikoei dagokienez, 2011ko ekainetik 2012kora 580.380 bisita izan zituen atariak, eta 1.886.770 izan ziren ikusitako web-orriak, aurreko aldiarekin alderatuta, %31,7ko gorakada, alegia. Facebook, Twitter eta Tuenti bezalako gizarte-sareetatik edo buletin digitaletik heldutako bisiten kopuruak gora egin du nabarmen.

Bisiten jatorriari dagokionez, EAEko hiru hiriburuak nabarmentzen dira, logikoa denez gero: Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gasteiz, eta hurretik, Getxo, Eibar, Azkoitia edo Urnieta. Euskaditik kanpoko bisitak Bartzelona, Madril, Valentzia eta Zaragozatik iritsi dira, nagusiki.

Aintzat hartu beharreko beste datu bat dago: gero eta erabiltzaile gehiago konektatzen da atarira mugikorren bitartez, %6, azken urtean. Estatistikok aztertuta, erabiltzaile fidelen kuota handia du atariak, askok hainbatetan kontsultatzen dute eta.

 

Gizarte-sareak

Online komunikazioaren eta gizarte-sareen aldetik, Gazteaukeraren Facebookeko gunea 4.380 erabiltzaileri atsegin zaie, Twitterreko kontuak 1.697 jarraitzaile ditu eta Tuentin 176 lagun daude. Zifra horiek ere gora doaz urterik urte.

Berritasun gisa, Youtubeko katean Euskadiko Gazteak Lankidetzan eta Auzolandegiak programei, gazte informazioari eta Europako programei buruzko bideoak sortzeko ahalegina egin da azken urtean. Azkenik, Gazteaukeraren Flickr kontuan programa eta ekimen ugariren argazki eguneratuak daude.

 

Gazteekin harremanetan, sarean

Ekimen ugari burutu ditu Gazteaukera atariak gazteek parte har dezaten. Batetik, hainbat programari buruz duten ikuspuntua erakutsi nahi izan da argazki, bideo, narrazio eta kartel lehiaketen bidez. Beste egitasmo batzuei esker, ordea, partaideak blogger bilakatu dira eta Gazteaukeraren kateetako agente aktibo. Hala gertatu da "Gazte Txartela I low Cost" kanpainian edo Basque Teamekin batera ekoitzitako "Gazte Olimpic Team" proiektuan.

Azkenik, Gazteaukeraren gizarte-sareei esker, zuzenean heda daiteke informazioa gazteen artera, eta, aldi berean, sare horietan mahairatzen diren galderei erantzuten die Gazteria Zuzendaritzak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan