Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Donostialdeko Metroko Lugaritz-Kontxa zatiko lanak lizitatu ditu

2012.eko ekainak 26

Metroa Donostiako lur azpian eraikitzeko lanak udazken honetan hasiko dira.

2,6 kilometro luze den zatiak 53 milioi euroko oinarrizko aurrekontua du, eta 39 hilabeteko epea egongo da lanak amaitzeko

Eusko Jaurlaritzak Donostia erdialdetik igarotzean Metroak izango duen lehen zatia eraikitzeko izapideak hasi ditu. Lugaritz eta Kontxako hondartzaren artean doan zatiaren obra zibila da (2,6 km.). Oinarrizko aurrekontua 53 milioi eurokoa da (BEZ barne) eta burutzapenerako epea 39 hilabetekoa da.

Lizitazio prozesuaren hasiera, Iñaki Arriola sailburuak zuzentzen duen Garraio Sailak sustaturiko Donostialdeko Metroaren proiektuari emandako beste bultzada bat da. Metroak lau geltoki izango ditu hiriaren erdialdean: Bentaberri-Unibertsitatea, Matia-Antiguo, Erdialdea-Kontxa eta Easo.

Udazken honetarako aurreikusten den lan hauen hasierarekin, Donostialdeko Metroa proiektuaren ehuneko 25 baino gehiago martxan egongo da jada. Zati batzuk zerbitzua eskaintzen ari dira jada, eta beste batzuk lanen azken faseetan daude.

Azken hamabost hilabeteetan Lasarte-Errekalde, Errekalde-Añorga eta Fanderia eta Oiartzun arteko zati bikoiztuak inauguratu dira. Hiru zati horien artean, trenbide bikoitzeko 5,4 kilometro osatzen dituzte, hau da, bidaiak egiteko zein itxoiteko denborak murrizteko aukera ematen duten zati seguruagoak dira. Horrez gain, trena erabiltzen duten pertsonek hiru geltoki berri dituzte: Añorga, Fanderia (orain arte bertan ez zegoen geltokirik) eta Oiartzun.

Beste alde batetik, aurreikuspenak betetzen badira, datorren urrian Loiola-Herrera (2,7 km.) zatia inauguratuko da. Zati horrek bi geltoki berri izango ditu Intxaurrondon eta Herreran; metroak bakarrik erabiliko duen 2 kilometroko tunel berria; eta zubi berria Urumea ibaiaren gainean, euskarririk gabe erdian, trenbidearen alorreko segurtasuna indartzeaz gain, uholdeak gertatzeko arriskua murriztuko duena. Gaur egun oraindik "topoak" zirkulatzen duen tunela goitik behera zaharberrituko da, eta merkantziak Pasaiako portura hel daitezen erabiliko da.

Beste puntu estrategikoetako bat Arasoko tailerrak eta kotxetegiak eraikitzeko lanak dira. Donostialdeko metroak garai berriekin bat datozen instalazioak behar ditu, eta Arasok baldintza guztiak betetzen ditu, ahalmenari eta operatibotasunari dagokienez.

Patxi López Lehendakaria buru den Eusko Jaurlaritzak Donostialdearekin eta Gipuzkoarekin duen konpromisoaren beste adibide bat, Altzari hiriaren erdialdearekin eta beste eskualde batzuekin trenbide lotura eskainiko dion linearen eraikuntza lanen hasiera da. Joan den ekainaren 18an jarritako lehen harriak erakusten duenez, Donostialdeko Metroa, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak ikuspegi politikotik, teknikotik eta ekonomikotik bultzatutako proiektu geldiezina da.

Horrez gain, denbora gutxi barru, Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda zatiaren eraikuntza proiektuaren idazketa lizitatuko da. Zati horrek jarraipena emango dio ekialderantz Herrera-Altza zatiari.

Eginiko mugikortasun azterlanen arabera, 33 milioi pertsona inguruk erabiliko dute egunero Donostialdean eraikiko den Metroa. Datu horiek kontuan izanik, laukoiztu egingo lirateke gaur egun topoak mugitzen duen bidaiari kopurua.

Proiektuaren deskribapena

Trazatua Lugaritzeko geltokitik Kontxa ingurura luzatzen da. Zati hori, lur azpiko bi geltoki izango dituen trenbide bikoitzeko tunela izango da. Geltokiak Bentaberri eta Matia-Antiguo izango dira.

Bentaberriko geltokiak sarbideko bi kanoi ditu: bat Eugenio Imaz kalean, Lorea eta Unibertsitate inguruei zerbitzua emateko, eta bestea Jose Goikoa kalean, institutuaren eta kirolgunearen artean, Bentaberriri eta unibertsitate gunearen iparraldeari zerbitzua emango diena. Horrez gain, Zarautz kalearekin lotzeko igogailua ere izango du, Aizkorri kalearen gune garaietara eramaten duen igogailuaren ondoan egongo dena.

Matia-Antiguoko geltokiak sarbideko hiru kanoi eta igogailu bitarteko sarbide zuzena ditu. Lehenbiziko kanoiaren ahoa Bentaberriko plazan dago, eta Bentaberri, Matia eta Ondarreta inguruei ematen die zerbitzua. Bigarrena Matia kalean dago, Gascuña plazaren parean, eta Antiguoko, Ondarreta iparraldeko eta Ondarretako hondartzako guneak hartzen ditu. Geltokira zuzenean heltzeko igogailua Matia kalean dago, Txalupagillene plazaren aurrean.

Obra burutzeko erasoko bi malda proiektatzen dira: Bentaberri eta Kontxa. Sarbide ahoa Zarautz kalean, geltokiaren hegoaldean, duen lehenbizikoak, tunel gisa jokatuko du larrialdietarako aireztapenerako. Kontxako pasealekuaren eta Mirakontxako pasealekuaren artean (horren parte bat hartuz) egongo den bigarrena proiektu horren azken zatiari, eta Kontxa eta Anoeta arteko lineak definituko duen proiektuaren hasierako zatiari, eraso egiteko gunea izango da. Horrez gain, aireztapen gune eta larrialdietarako irteera ere izango da.

Proiektuaren barruan, tunel berriaren eta egungo Lugaritzeko tunelaren arteko lotura egongo da, obra berezi gisa. Horretarako, une honetan dagoen tunela luzatu egingo da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)