Berriak Osasuna
qrcode

URRIAK 29, IKTUSAREN MUNDUKO EGUNA: Osakidetzak ariketa fisikoko programa bat bultzatu du Gorlizko Ospitalean iktusa izan duten pertsonentzat

2026-10-29
  • Getxo Kirolakekin lankidetza-hitzarmena sinatu du, iktusa izan eta errehabilitazio-prozesua amaitu duten pertsonek egokitutako ariketa fisikoko programetan parte hartu dezaten, haien autonomia, ongizatea eta gizarteratzea hobetzea helburu
  • Urtero, Osakidetzak milaka persona artatzen ditu gaixotasun horren ondorioz. 2025ean, ia 6.900 iktus-kasu artatu ziren; horietatik, % 51,9 gizonezkoak izan ziren eta % 48,1 emakumezkoak
  • Ekimen hau Euskadiko Osasun Itunaren ildotik dator, ohitura osasungarriak sustatzeko, komunitate-osasuna indartzeko eta pertsonengan oinarritutako arreta-ereduan aurrera egiteko asmotan

Osakidetzako Gorlizko Ospitaleak eta Getxo Kirolakek ariketa fisiko gainbegiratuko programa pilotu bat abiarazi dute. Ekimena iktusa izan eta errehabilitazio-prozesu nagusia amaitu duten pertsonei zuzenduta dago. Proiektuari esker, ospitaleko Medikuntza Fisiko eta Errehabilitazio Zerbitzuak gehienez 24 paziente bideratu ditu; paziente horiek 12 astez hartuko dute parte Getxo Kirolak erakundeak kudeatzen dituen Gobelako kirol-instalazioetan egingo diren ariketa fisikoko saio gainbegiratuetan.

Ekimenaren helburua da pertsona horien bizi-kalitatea, autonomia eta gizarte-partaidetza hobetzea, komunitateko ingurune seguru batean egokitutako jarduera fisikoko programetarako sarbidearen bitartez. Errehabilitazioan lortutako emaitzak mantentzen laguntzeaz gain, ondorioak murrizten, etorkizuneko konplikazioak prebenitzen, bizi-ohitura osasungarriak sustatzen eta parte-hartzaileen gizarteratzean ere lagunduko du.

Programa iktus iskemikoa edo hemorragikoa izan duten eta errehabilitazio-prozesu nagusia amaitu duten pertsona helduei dago zuzenduta. Bereziki egokia da ondorio motor arinak edo ertainak dituzten pertsonentzat, taldeko jardueretan segurtasunez parte hartu ahal dutenentzat eta ariketa fisikoa euren bizi-ohituren parte bihurtu nahi dutenentzat, osasuna eta autonomia mantentzeko tresna gisa.

Parte-hartzaileen hautaketa eta balorazioa Gorlizko Ospitaleko Medikuntza Fisiko eta Errehabilitazio Zerbitzuko profesionalek egingo dute. Halaber, parte-hartzaile bakoitzaren beharretara egokitutako ariketa-programak diseinatuko dituzte.

Programa hau abian jartzeak gero eta handiagoa den premiari erantzuten dio. Iktusa helduen artean hartutako desgaitasunaren arrazoi nagusietako bat da, eta osasun-arloan izandako aurrerapenei esker biziraupena handitu bada ere, pertsona askok ondorio fisiko, kognitibo edo emozionalekin bizi dira oraindik, eta horiek eragina dute haien eguneroko bizitzan. Gainera, ospitaleko errehabilitazioa amaitu ondoren, paziente horietako askok jarduera fisikoaren maila pixkanaka murrizten dute, eta horrek gaitasun funtzionala galtzea eta osasun-arazo berriak izateko arriskua handitzea ekar dezake.

Urtero, Osakidetzak milaka persona artatzen ditu gaixotasun horren ondorioz. 2025ean, ia 6.900 iktus-kasu artatu ziren; horietatik, % 51,9 gizonezkoak izan ziren eta % 48,1 emakumezkoak. Pazienteen erdiak baino gehiagok, 3.858 pertsonak (% 56,2), 75 urtetik gora zituzten; haietatik, % 55,3 emakumeak ziren eta % 44,7 gizonak. Bestalde, kasuen % 39,7 46 eta 75 urte bitarteko pertsonak izan ziren. Lurraldeka, 800 paziente baino gehiago artatu ziren Araban, 3.500 baino gehiago Bizkaian eta 2.400 baino gehiago Gipuzkoan. 2024ko datuekin alderatuta, paziente kopurua egonkor mantendu da, nahiz eta 75 urtetik gorako pertsonen kasuek gorakada txiki bat izan duten.

Proiektu hau Euskadiko Osasun Itunean jasotako printzipioekin bat dator; izan ere, prebentzioa indartzearen, bizi-ohitura osasungarriak sustatzearen, pertsonengan oinarritutako arreta bultzatzearen eta erakundeen zein komunitateko eragileen arteko lankidetza sustatzearen alde egiten du, herritarren osasuna hobetzeko. Era berean, pertsonek euren osasuna zaintzeko duten erantzukidetasuna sustatzen du, eta komunitateko baliabideak gehien behar dituztenengana hurbiltzen ditu.

Testuinguru horretan, ebidentzia zientifikoak erakusten du ariketa fisiko gainbegiratuak onura handiak dakarzkiela iktusa izan duten pertsonei. Besteak beste, gaitasun kardiobaskularra, muskulu-indarra, oreka, mugikortasuna eta eguneroko jarduerak egiteko autonomia hobetzen laguntzen du. Era berean, ongizate emozionala, norberarenganako konfiantza eta bizi-kalitatea indartzen ditu, eta topaketarako, parte-hartzerako eta elkarri laguntzeko espazioak sustatzen ditu.

Ekimen honen bidez, Osakidetzak, Osasun Sailak eta Getxo Kirolak erakundeak komunitate-osasunaren aldeko apustua indartzen dute, baita arreta-esparru asistenzialetik harago pertsonei laguntzen dien arreta-ereduaren aldekoa ere. Horretarako, iktus baten ondoren suspertze aktiboa, autonomia handiagoa eta bizi-kalitate hobea sustatzen duten baliabideak bultzatzen dituzte.

Iruzkin bat
  •  erabiltzaile
  • 2026-10-30

    Muchas gracias por la información.

Beste gonbidatu batzuk
  • Aitziber Zalbide eta Julia Mas Osakidetzako fisioterapeutak