Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzak Gurutzetako, Lutxanako eta Burtzeñako biztanleen osasun-asistentzia Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera hurbildu du

2026-10-26
  • Osakidetzak asistentzia berrantolatu du, kontsultak, probak eta prozedurak modu progresiboan egin daitezen auzo horietatik hurbilen dagoen ospitalean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean
  • Lehen pilotajea azaroaren 2an hasiko da, Barne Medikuntzarekin, eta, ondoren, berrantolaketa Kardiologiara, Arnas Aparatura, Oftalmologiara eta katarata-kirurgiara zabalduko da
  • Gurutzeta, Lutxana eta Burtzeñako asistentzia Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean berrantolatzeak erantzuten dio Euskadiko Osasun Itunak arreta jarraituagoa eta koordinatuagoa eskaintzeko eta zerbitzuak pertsonei hurbiltzeko hartutako konpromisoari

Osakidetzak aurrera egin du Gurutzeta, Lutxana eta Burtzeña auzoetako Lehen Mailako Arretako unitateetara atxikitako biztanleriaren asistentzia berrantolatzeko bidean, herritar horien osasun-arreta modu progresiboan egin dadin Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean. Helburua da pertsona horien kontsultak, probak eta prozedurak beren auzoko ospitalean jaso ahal izatea, arreta hurbilagoa izan dezaten eta lehen mailako arretaren eta ospitaleko arretaren artean hobeto koordinatua. Berrantolaketa horrek erantzuten dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak inguru horretako bizilagunekin hartutako konpromisoari, herritar horiek orain arte beste zentro batzuetara joan behar baitzuten arreta espezializatua jasotzeko, nahiz eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearen ondoan bizi.

Aurrerapauso hori dagoeneko errealitatea da zerbitzuen zati handi batean. Gaur egun, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak artatzen ditu herritar horien larrialdien % 85, ospitalizazioen % 66, kanpo-kontsulten eta proba osagarrien % 54, etxeko ospitalizazioaren % 100, eguneko ospitalearen % 65 eta ebakuntzen % 59.

Berrantolaketak egoera hori finkatzea eta zerbitzu berrietara zabaltzea ahalbidetuko du. Horretarako, hasi dira jada beharrezkoak diren kudeaketa administratiboak eta giza baliabideen kudeaketak egiten, eta ezarpena modu progresiboan egingo da, asistentzia-pilotajeen bidez. Pilotaje horiei esker, zirkuituak ebaluatu ahal izango dira, eta une oro bermatu ahal izango dira segurtasun klinikoa, arretaren jarraitutasuna eta asistentzia-mailen arteko koordinazio egokia.

Gurutzetako Pazienteen Elkarteari informazioa ematea

Joan den ostiralean, Lore Bilbao Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiarekin egindako bileran, prozesu horren berri eman zion Osakidetzak Gurutzetako Pazienteen Elkarteari.

Bileran, ezarpen-egutegia, gehituko diren zerbitzuak eta trantsizio ordenatua ziurtatzeko aurreikusitako neurriak zehaztu ziren. Bilera horretan, halaber, Osakidetzak pazienteen segurtasunarekin, asistentziaren jarraitutasunarekin eta agenden, hitzorduen, proba diagnostikoen eta prozeduren koordinazioarekin duen konpromisoa helarazi zitzaion elkarteari.

Ezarpen-egutegia

Lehen pilotajea Barne Medikuntzarekin hasiko da. Datorren azaroaren 2tik, astelehenetik, aurrera, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egingo dira berrantolaketaren eraginpean dauden biztanleentzako espezialitate horretako lehen kontsultak.

2026ko azarotik abendura bitartean agendak sektorizatuko dira eta Kardiologiako eta Arnas Aparatuko pazienteei hitzordu berriak emango zaizkie. 2027ko urtarriletik aurrera, Zaballako anbulatorioan, La Felicidad, arreta jasotzen zuten pertsonak anbulatorio horretan bertan jarraituko dute arreta jasotzen, baina Gurutzetako agendekin. Kontsulta horien ondoriozko probak eta prozedurak Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egingo dira.

Oftalmologian eta kataraten kirurgian agendak eta asistentzia-fluxuak berrantolatzeko garaian, prozedura berari jarraituko zaio. Espezialitate horren konplexutasuna dela eta, 2027ko lehen seihilekoan gehituko da espezialitate hori. Sortzen diren katarata-kirurgia handi anbulatorioak Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko zerrendan sartuko dira, eta bertan egingo dira ebakuntzak.

Euskadiko Osasun Ituneko konpromisoa bete da

Pilotajeak ebaluatu ondoren, eta giza baliabideen, administrazio-antolamenduaren eta laguntza-zirkuituen arloan egin beharreko jarduketak osatu ostean, fasez fase egingo da aurrera, Gurutzeta, Lutxana eta Burtzeñako biztanleen Lehen Mailako Arretaren eta ospitale-arretaren benetako integrazioa lortu arte.

Neurri hori Euskadiko Osasun Itunaren barruan sartzen da, pertsonak erdigunean dituen osasun-arreta integrala eta koordinatua sustatzen duen heinean. Itunak genero-ikuspegia eta ekitatea ditu zeharkako ardatz, eta zerbitzu-zorro eskuragarria eta ekitatiboa bermatzea du helburu, batik bat zerbitzu horiek eskuratzeko zailtasun handiak dituzten kolektiboentzat. Lehen Mailako Arretaren eta ospitale-arretaren arteko integrazioak, beraz, asistentzia-kalitatea hobetzea, pazientearen ibilbidea erraztea eta osasun-zerbitzu publikoak herritarrengandik hurbilago egotea du helburu.

Enkarterriko emakumeen mamografiak Gurutzetan ere bai

Arreta hurbiltzearen aldeko bideak bularreko minbiziaren baheketa-programa ere barne hartzen du. Joan den urriaren 5etik, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egiten dira Portugaleteko Errepelega osasun-zentroan egiten ziren baheketako mamografiak.

Hartara, azpiunitate berriak Enkarterriko —zehazki Balmaseda, Zalla, Gueñes eta Abanto-Zierbenako— 7.187 emakumeri eskaintzen die arreta. Jarduera astelehenetik ostiralera egiten da, eta egunero 20 emakume artatzen dira batez beste.

Lekualdatzeak irisgarritasun-irizpideari erantzuten dio, baita pazienteek aditzera emandako premiari ere. Garraio publikoari esker, emakume horiek Gurutzetako Ospitalera Errepelegako osasun-zentrora baino errazago iristen dira —osasun-zentro horretan egiten zen lehen baheketa—.Neurri horrekin, Osakidetzak erantzun praktikoa ematen die aipatutako zailtasunei, eta emakumeek bularreko minbizia garaiz detektatzeko programa horretan duten esperientzia hobetzen du. Izatez, programaren helburua da bularreko minbiziak eragindako hilkortasuna murriztea eta eraginpean dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
Komunikabideek behera kargatzeko