Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaritzaren komunikatua arau foralak parekatzea dela eta

2010.eko otsailak 10

 Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak poza adierazi nahi dute gaur Senatuan emandako urratsa dela eta; izan ere, Eusko Legebiltzarraren ekimenez abiarazitako lege proposamena ‑Auzitegi Konstituzionalaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lege organikoak aldatu eta zergei buruzko euskal arau foralen aurka egitea jurisdikzio konstituzionalean aurkeztekoa, hain zuzen‑ onartu du gaur Senatuak. Eusko Legebiltzarreko talde guztiek onartutako neurri horren helburua ez da arau horien legezkotasuna kanpotik kontrolatzeko aukera saihestea, baizik eta arau horien tratamendua autonomia erkidegoetako parlamentuek onartutako legeekin homologatzea. Horrela, arau horiei buruz izan diren auzi gehiegizkoak ekidingo dira, beharrezko segurtasun juridikoa ahuldu baitute auziok.

Lege aldaketa horrek, eta Europako Justizia Auzitegiak Ekonomia Ituna babestu izanak, amaiera eman behar dio euskal arau fiskalak etengabe auzitan egon diren denboraldi luzeegiari, auzitan izate horrek aldatu egin baititu arau horien benetako izaera eta arauok Euskaditik kanpo ulertzeko modua. Etapa berri honetan lagungarri izango da, baita ere, Ekonomia Itunak foru erakundeei zerga alorrean arauak egiteko eskaintzen dien ahalmenaz zuhurrago baliatzea eta ahalmen hori hobeto azaltzea, gure autogobernuaren berezko baliabide hori ez dezaten bidegabe uztartu beste erkidegoekiko pribilegioarekin eta elkartasun ezarekin.

Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Senatuaren osoko bilkuran parte hartuta, argi eta garbi utzi du Eusko Jaurlaritzak arau foralak parekatzea babesten duela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria