Berriak Lehendakaritza

Oroimena euskal gizartearen zementu eta zimendu bezala

2012-06-27

Jesús Lozak elkarbizitza oroimenaren gainean eraikitzeko beharra defendatu du Txilen, “biktimen testigantza funtsezko euskarritzat hartuta”. Eusko Jaurlaritzaren elkarbizitzarako komisionatuak agerraldia izan du Txileko Senatuan, Salvador Allende omentzeko ekitaldi batean, beraren jaiotzaren 75. urtemugan.

Lozak irmotasunez defendatu du “oroimen ez-neutrala”, hau da, biktimak eragin dituztenak salatu eta haien proiektu politikoa deslegitimatzen duen oroimena. “Euskadin gizarte zintzo bat eraiki nahi dugu, moralki zintzoa den gizarte bat. Bere buruari begiratu diezaiokeena, begiak itxi gabe iraganaren aurrean”, laburbildu du Lozak.

Allende presidentea gogoratu ondoren, demokraziaren defentsaren sinbolo unibertsaltzat hartuta, komisionatuak hiru puntutan kontzentratu du bere hitzaldia: berdintasunaren aldeko borroka, demokrazia eta oroimen kolektiboa, etorkizunerako ikaskuntza-eskola gisa.

Lozaren hitzetan, Francoren ostean “ETA beste diktadura bat izan zen, bere proiektu politiko totalitario eta baztertzailea ezarri nahi izan baitzigun”. Indarkeria amaitu egin da Euskadin, “esku askoren batasunarekin, baina baita batzuen isiltasun konplizearekin ere”; orain, “Euskadik erronka bat du aurrean: askatasunean bizitzea elkarrekin”.

Hitzaldi honekin, Jesús Lozak bukaera eman dio bi egunez Txilen egin duen bidaiari. Bertan, agintari batzuekin elkarrizketatu da, horien artean Isabel Allende senataria, eta elkartasunaren museoa eta Gernikako bonbardaketaren 75. Urtemugaren erakusketa bisitatu ditu. Atzo goizean, txosten bat aurkeztu zuen Giza Eskubideen Katedran.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jesús Loza