Lehendakariak "Euskadiko ekonomia suspertzen hasi dela" baieztatzen du
Euskal Autonomia Erkidegoaren BPGd-k % 0,2ko hiru hilabete arteko hazkunde positiboa izan du eta 3.400 enplegu garbi sortu dira
Patxi Lopez Lehendakariak euskal "ekonomia suspertzen" hasi dela baieztatu du, % 0,2ko hiru hilabete arteko hazkunde positiboa egon delako eta 3.400 enplegu garbi sortu direlako. Hala ere, Lopezen ustez datu hauek ez "dira nahiko" krisi ekonomikoa bukatutzat emateko. "Guretzat krisia ez da amaituko krisian galdu diren lanpostuak xurgatzeko eta gazteek beren bizi proiektua gara dezaten lanpostu berriak sortzeko nahikoa den enplegua sortzeko gai ez garen arte", azpimarratu du.
Eustat-ek gaur goizean argitaratu dituen datuen arabera, 2009ko laugarren hiruhilekoan Euskal Autonomia Erkidegoaren Barne Produktu Gordina (BPGd) %0,2 hazi da aurreko hiruhilekoarekin aldenduta, behin urtaroko eta egutegiko eraginak kendu eta gero. Lehenengo hazkunde positiboa da 2008ko hirugarren hiruhilekoan hasi ziren beherapenen ondoren eta Espainiako ekonomiak izan duen hazkundea (% -0,1) hiru hamarrenetan gainditzen du, Estatistikako Institutu Nazionalak aurreratu duen balioespenaren arabera.
Lehendakariaren ustez, datu hauek Eusko Jaurlaritzak bultzatu dituen +Euskadi 2009 laguntzen programan bildutako neurriak "positiboak izan direla" baieztatzen dute. Izan ere, hazkunde positiboko datu hauek "industri sektorearen jarrera onean" eta eraikuntza sektorea gutxiago jaistean oinarritzen dira. Nahiz eta datu onak izan, Lehendakariak ez du uste "nahiko direnik" eta berriz ere azpimarratu du Gobernuak ez duela krisia bukatutzat emango "galdutako lanpostuak xurgatzeko eta gazteek beren bizi proiektua gara dezaten lanpostu berriak sortzeko nahikoa den enplegua sortzeko gai ez garen arte". Horregatik, Lopezek Eusko Jaurlaritzak "langabeziari aurre egiteko behar diren neurri guztiei ekiten" jarraituko duela ziurtatu du.