Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Osakidetzak Bihotz Errehabilitazioko Programa aitzindaria aurkeztu du eta kardiopatia iskemikoa duten pazienteei zuzendutako blog bat abiarazi du

2012.eko ekainak 26
  • Osakidetzak Bihotz Errehabilitazioko Programa garatu eta martxan jarri du (Basurtuko Ospitalean eta Bilboko Eskualdeko Lehen mailako Arretan); kontrola eta auto-zainketak sustatzea du helburu, kardiopatia iskemikoa duten pazienteen artean ohitura osasungarriak eta ariketa fisikoa bultzatuta.
  • Arrisku-faktore nagusien (sedentarismoa, arteria-hipertentsioa, obesitatea, hiperkolesterolemia ...) prebentzioa tresnarik eraginkorrena da gaixotasun kardiobaskular bat izateko arriskua gutxitu nahi izanez gero. Infartu bat izan dutenen eguneroko errutinan ariketa fisikoa modu kontrolatuan txertatzea lagungarri da pertsona horien bizi-kalitatea nabarmen hobetzeko eta berriz ere horrelakorik gertatzeko arriskua murrizten du. Horretarako, Bilboko Udaleko Bilbao Kirolak erakundearen monitoreek laguntza emango dute.
  • "Osakidetza zure bihotzean" izena duen bloga bihotzeko patologia batekin bizi behar duten paziente kronikoei laguntzeko eta erantzunak emateko sortu da.
  • Basurtuko bihotz-errehabilitazioko zerbitzuak egunero hogei bat paziente artatzen ditu.

Errehabilitazio Programa

Basurtuko Ospitaleko Kardiologia eta Errehabilitazio Zerbitzuaren eta Bilboko Eskualdeko lehen mailako Arretaren arteko lankidetzari esker, Osakidetzak bihotz-errehabilitazioko programa bat garatu du miokardio-infartua izan duten eta kardiopatia iskemiko bat duten pertsonek ahalik eta bizimodu normalena egin dezaten, ahalik eta ondorio txikienekin. Horretarako, errehabilitazio-prozesuari hasiera-hasieratik ekin behar zaio, hau da, prozesu akutua edo infartua gertatu eta hasierako tratamendua jartzen denean; hori egitea funtsezkoa da albo-ondorioak minimizatu eta prozesuaren arrakasta bermatzeko.

Honela:

Hasierako fasea, pazientearen bizimoduaren ohiturak berehala balioestea, hala badagokio, ohitura horiek aldatzeko modua aurreikusteko; fase hori Ospitaleko Kardiologia Zerbitzuko erizain aditu batek egiten du, pazientea ospitaleratu eta handik gutxira.

Bigarren fasea ia segidan hasten da eta ospitaleko gimnasioan egiten da; bihotz-edukiera sendotzeko eta etorkizunean gaixoberritzerik ez gertatzeko pazienteak egin behar duen ariketaren intentsitate-maila egokitzen da.

Hirugarren fasea ospitaletik kanpo izaten da, bereziki lan horretan jarduten duen Lehen mailako Arretako erizain batekin: pazientearen egoeraren jarraipena egiten du osasun-ohiturei dagokienez; behar izanez gero, erretzeari uzteko laguntza eskaintzen du; elikaduraren inguruko aholkuak ematen ditu -argaltzeko edo bestelako dietak aplikatzen lagunduta-; eta ospitaleko gimnasioan egin beharreko lana amaitzen duenean paziente bakoitzari proposatzen zaion ariketa-programaren jarraipena gainbegiratzen du. 

Ariketa fisikoa egiten jarraitasuna izatea ahalbidetzeko, pazienteari, bere kabuz, gimnasio batera joatera bultzatzen zaio, ospitalean proposatutako jarraibideak aplikatzeko. Horretarako, Osakidetzaren eta Bilboko Udaleko Bilbao Kirolak erakundearen artean akordioa sinatu zen duela urtebete. Akordio horri esker, Bilbao Kirolak erakundearen kiroldegietako monitoreak Basurtuko Ospitalera joaten dira programa bertatik bertara ezagutzeko eta paziente kroniko horiei proposatzen zaien ariketa fisikoaren ezaugarrien berri izateko. Horrekin batera, Bilboko Eskualdean programaren ardura duen erizaina monitoreekin harremanetan jartzen da aldizka, pazienteen ariketen jarraibideak aplikatzen dituztela gainbegiratzeko monitoreekin koordinatuta. 

Fase horrek gutxi gorabehera 12 hilabeteko iraupena du infartua gertatu zenetik kontatzen hasita; fase hori amaitutakoan, pazientearen familia-medikuak eta erizainak egiten dute jarraipena.

Programak emaitza onak lortu eta finkatutako helburuak betetzearren, pazienteek gaixotasuna eta gaixotasuna kontrolatzeko eskura dituzten baliabideak ezagutzea ezinbestekoa da; paziente aktibo edota aditu bihurtu behar dute. Osasuna zaintzeari eta gaixotasuna eramateari dagokienez, pazientearen baterako erantzukizunaren printzipio hori oinarri-oinarrizko lan-ildoa da Euskadiko kronikotasunaren erronkari aurre egiteko Estrategian, funtsezkoa legealdi honen hasieran euskal osasun-sistemaren eredua aldatzeko abiarazitako prozesuan.

Sentsibilizazioa eta prebentzioa blogaren bitartez:

Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak eta Osakidetzak prebentzioa eta sentsibilizazioa bultzatu nahi dituzte. Horretarako, esperientzia ezberdin bat abiarazi dute Bilbon, "Osakidetza zure bihotzean" izena duen blog bat martxan jarrita; blog hori kardiopatia iskemikoa duten pazienteei zuzenduta dago. Blogean, pazienteen arteko informazioko eta komunikazioko zerbitzu integrala eskaintzen da, baita pazienteen eta Euskal Osasun Sistemako profesionalen artean ere.

Horretaz gain, "Osakidetza zure bihotzean" blogaren berri Bilboko Osasun Zentroetan ere emango da, osasun-arloko profesionalen berezko bideetatik; askotariko edukiak izango ditu: esteka, bideoak, argazki-galeriak, facebook-eko eta twitter-eko orriak...; Webetik elikatuko den bloga izango da, baita erabiltzaileen aldetik ere.

Blogean parte hartuko dute, halaber, zenbait kirolari eta prestatzaile fisikok. Ariketa kardio-osasungarri egokituak nola egin jakiteko aholkuak emango dituzte. Sukaldeko errezetentzako lekua ere izango da, izen handiko sukaldarien eskutik.

"Osakidetza zure bihotzean" blogaren beste helburuetako bat da herritarrak prebenitzeak eta beren osasun kardiobaskularra zaintzeak duen garrantziaz sentsibilizatzen saiatzea. Horretarako, gizarte-sareen bidez komunikazio-bide berriak zabalduko dira, bai esperientziak trukatzeko bai gaixotasun kardiobaskularren aurrean jendea sentsibilizatzeko hedatu nahi diren proposamenen, alternatiben eta kanpaina zehatzen partaide izateko ere.

"Osakidetza zure bihotzean" bloga, www.contucorazon.net

"Osakidetza zure bihotzean" bloga jaio da kardiopatia iskemikoak dituzten pazienteen artean kirola eta auto-zainketa sustatzeko ekimena osatzeko.

Herritarrei zabalduta dagoen bloga da. Errehabilitazio kardiakoko programan parte hartzen duten pazienteetatik haratago doa. Baliagarri izan daiteke gaixotasun kardiako bat izan baina errehabilitazio kardiakoan ez dabilenarentzat ere. Arrisku kardiobaskularren bat izan eta gaixotasuna agertzea prebenitu nahi dutenek ere har dezakete parte. Gaixotasun horiek dituzten pertsonen zaintzaileentzat edo haiekin bizi direnentzat ere izan daiteke lagungarri. Gaixotasun horri nola aurrea hartu eta nola zaindu jakin nahi duen edonork eskura ditzake blog honetako aholkuak, eta bertan agertutako jardueren berri izan.

"Osakidetza zure bihotzean" blogak zenbait atal ditu. Basurtuko Ospitaleko Kardiologia Zerbitzuko medikuak, nutrizioan aditu diren medikuak, errehabilitazioan jarduten dutenak, eskualdeko lehen mailako arretakoak, psikologoak eta erizainak aritzen dira blogeko edukiak lantzen.

1.- Berriak: Gure bihotzak osasun ona izan dezan laguntzeko eta ondo funtzionatzeko beharrezko dituen zainketei buruzko informazio guztia eskuratzeko modua izango da atal honetan.

2.-Errezetak: Gure bihotzaren osasuna hobetzeko lagungarri diren errezetak. Elikadura osasungarri eta prebentiboaren alde.

3.-Prebentzioa eta errehabilitazioa: Espezialistek eta adituek gomendioak eta argudio egokiak eskainiko dituzte prebentzioaren, kontzientziazioaren eta errehabilitazioaren alde. Bihotzarentzat osasungarriak diren jardueren proposamenak, hala nola, ibilbide edo ariketa egokituak; edo espezialistekin izandako elkarrizketak, bizimodu osasungarriagoa lortzen laguntzeko.

4.-Lagunak: Atal honetan estekak, elkarteak eta gizarte-sareak agertuko dira. Kardiopatia bat bizi dutenek euren bizipenak, inpresioak eta aholkuak eskaintzeko aukera izango dute. Ezagutzea eta konpartitzea ere prebentzioa da.

Prebenitzeko gaixotasuna ezagutu egin behar da. Eta pazientearen kasuan, bere patologia ezagutzea eta horretaz jabetzea lagungarri izango zaio gaixotasuna hobeto kontrolatzeko.

Erreakzionatzen ere jakin behar da: horregatik, "Osakidetza zure bihotzean"  blogean Bihotz Biriketako Bizkortzeari (BBB) buruzko kanpaina guztiak bilduko dira, guztiok jakin dezagun "Bizitza nola salbatu".

Desgaitasunen eta heriotzaren kausa nagusia mundu osoan

Patologia kardiobaskularra da heriotza-kausa ohikoena, eta minbiziak baino jende gehiago hiltzen du. Munduko lehenengo heriotza-kausa da.

Kardiopatia iskemikoari (KI) buruzko Bizkaiko azken datuek adierazten dute 2010ean 837 lagun hil zela patologia horregatik. Gaur egun, kardiopatia iskemikoa duten ia 700 paziente artatzen dira Basurtuko Ospitalean.

Egunero, batez beste, kardiopatia iskemikoa duten 18 paziente izaten da Basurtuko Ospitaleko kardiologia zerbitzuko errehabilitazio-eremuan. Zerbitzu horrek urtero 150 lagun artatzen ditu. Erdiek, gero, bizkortze- eta mantentze-ariketak egiten jarraitzen dute udal kiroldegietan.

Osasun eta Kontsumo Sailaren Bizkaiko Lurralde Zuzendaritzaren Zaintza Epidemiologikoko Unitateak emandako informazioaren arabera, 2010ean kardiopatia iskemikoa izan da gizonetan Galdutako Bizitzako Urte Potentzialen (GBUP) bigarren kausa, biriketako minbiziaren atzetik.

Kardiopatia iskemikoak jotako heriotzen % 42 miokardio infartu akutuak (MIA) eragin zuen. Hilkortasun-tasa 70/100.000 da 65-74 urteko gizonetan, eta emakumetan izaten diren MIAgatiko heriotzen % 86, 74 urtetik gorakoen artean izaten dira; gizonetan, berriz, heriotzen % 59 eragiten ditu MIAk.

Euskadin, helduen % 20k du hipertentsioa, "hiltzaile isila" esaten dioten hori. Ehunekoa hazi egiten da 65 urtetik gorakoen artean, biztanle horien % 60k baitu. Espainiako Estatuan 18 urtetik gorakoen % 40k du arteriako hipertentsioa. Amerikako Estatu Batuetan, berriz, gaixotasun kardiobaskularrek pertsona bat hiltzen dute 39 segundoan behin, hau da, ia 2.200 lagun egunean.

2010ean, 3.494 lagun ospitaleratu zituzten Bizkaian kardiopatia iskemikoa izateagatik. Ospitaleratutakoen artean, gehienak gizonezkoak ziren (% 72). Emakumeetan, patologia hori adinean aurrerago agertzen da (ospitaleratutako emakumeen % 78k zuen 65 urte baino gehiago; gizonetan, berriz, ospitaleratutakoen % 55ek bakarrik).

4 iruzkin
  • @Nkn63
    2012.eko ekainak 26

    Comentario de Twitter:
    RT @alfrealday: Osakidetza presenta el Programa de Rehabilitación Cardiaca del H.Basurto y la Comarca Bilbao. http://t.co/fKJtqO6h http://t.co/rq5bwZra

  • @Nkn63
    2012.eko ekainak 26

    Comentario de Twitter:
    Hoy se presenta un blog orientado a informar sobre Cardiopatia isquemica, realizado por y para pacientes #Osakidetza http://t.co/lMsUK82r

  • @alfrealday
    2012.eko ekainak 26

    Comentario de Twitter:
    Osakidetza presenta el Programa de Rehabilitación Cardiaca del H.Basurto y la Comarca Bilbao. http://t.co/fKJtqO6h http://t.co/rq5bwZra

  • @alfrealday
    2012.eko ekainak 26

    Comentario de Twitter:
    Osakidetza presenta el Programa de Rehabilitación Cardiaca del H.Basurto y la Comarca Bilbao. http://t.co/fKJtqO6h http://t.co/rq5bwZra

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • El Director General de Osakidetza, Julián Pérez Gil; las Dras. Nekane Murga, Cardióloga, y Myrian Zulueta, Médico Rehabilitadora, ambas del Hospital de Basurto, y Ángel Mª Martínez, paciente