
Paziente bat hil da tximino baztangak (mpox) jota Donostia Unibertsitate Ospitalean
Donostia Unibertsitate Ospitalean ospitaleratuta zegoen paziente bat hil da aste honetan, tximino baztangaren birusak (mpox) eragindako infekzioaren eta beste patologia larri aktibo batzuen ondorioz. Pazienteak gaixotasun onkologiko aurreratua zuen eta haren egoera klinikoa oso ahulgarria zen, eta bi faktore horiek areagotu egiten dute edozein infekzioren aurrean konplikazioak izateko arriskua. Ezin da, beraz, erabat egiaztatu heriotza infekzio horren ondorio zuzena izan denik, nahiz eta probabilitatea handia izan.
Gizona ospitalean bertan kutsatu zen, gero mpox diagnostikatu zitzaion beste paziente baten gela berean egon ondoren. Gela berean egon ziren bitartean, inork ez zekien ondoko pazienteak birusa zuenik. Lehenengo pazienteari birusa detektatu zitzaion ospitaleratzeko arrazoi izan ziren beste infekzio-mota batzuk bilatzeko errutinazko frogen bidez.
Bi kasuen berri izan ondoren, ospitaleak berehala aktibatu zituen identifikatutako kontaktu guztietan (zehazki, 30 baino gehiago) beharrezkoak ziren profilaxi-neurriak. Horrelako kasu baten aurrean egin beharreko jarduketak egin dira: kontaktu estuak identifikatu, esposizio ondorengo profilaxia eta jarraipen sanitarioa 21 egunetan, azken esposiziotik zenbatzen hasita.
Arina izan ohi den gaixotasun automugatua
Tximino baztanga edo monkeypox baztangaren familiako birus batek eragindako infekzioa da. Sintomak ez-espezifikoak izaten dira, eta esposiziotik 5-21 egunera agertzen dira. Hasierako koadro klinikoan sukarra, buruko mina, giharretako mina, gongoil linfatikoen hantura eta nekea izaten dira. Sukarra agertzen denetik 1-5 egunetara, gorputzeko edozein atali eragin diezaioketen lesioak agertzen dira.
Gaixotasuna arina eta automugatua izan ohi da. Pertsona gehienak hainbat astetan sendatzen dira. Hala ere, kasu batzuetan gaixotasun larriago bat sor daiteke, batez ere haurren, haurdun dauden emakumeen, heldu gazteen eta pertsona immunokonprometituen kasuan. Kasu larriak birusaren esposizio-mailarekin eta pertsonaren ahultasunarekin lotuta daude.
Osasun Publikoko datu ofizialen arabera, 2022ko lehenengo agerraldian tximino baztangaren 245 kasu detektatu ziren Euskadin, eta ordutik gaixotasunak nabarmen egin du behera, baina gorabeherekin: 2023an kasu bat erregistratu zen, 2024an 12 diagnostiko egin ziren, 2025ean 6 kasu detektatu ziren eta 2026an, urrira arte, 35 kasu jakinarazi dira. Kasuen guztizko kopurua ez da kezkagarritzat jotzen; gaixotasuna aspalditik ari da zirkulatzen eta urtetik urtera gorabeherak izaten baditu ere, asko jaitsi da 2022ko agerralditik. Euskadin erregistratutako kasu guztiei txertoa eman zaie eta jarraipen sanitarioa egin zaie.
Horrela, Osasun Publikotik honako gomendio hauek gogorarazten zaizkie herritarrei:
- Sintomak dituzten pertsonak: etxean isolatu lesioak erabat orbandu arte, lesioak estali, eremu komunetan maskara erabili eta kontaktu fisiko estua saihestu, bereziki pertsona immunodeprimituekin.
- Kontaktu estuak: sintomak zaindu 21 egunetan, tenperatura egunero kontrolatu, gizarte-harremanak mugatu eta sexu-harremanik ez izan aldi horretan. Sukarra edo erupzioa agertuz gero, berehala isolatu eta erreferentziako osasun-zerbitzuarekin harremanetan jarri.
- Higiene-neurri orokorrak: eskuak sarri garbitu urarekin eta xaboiarekin edo gel hidroalkoholikoarekin, norbere gauzak erabili (arropa, izarak, eskuoihalak, mahai-tresnak) eta ez izan kontakturik etxeko eta basoko animaliekin.

