Berriak
Eu

Elkarrekin lan egingo dute Pirineotako bi aldeetako erakundeek, partekatzen dituzten ibaiak hobetzeko

2012.eko ekainak 25

 Hurrengo bi urteetan Pirinioetako mendebaldeko muturreko mugaz haraindiko ibaietan ingurumen-baliabideak hobetzeko lan egingo duen Europako proiektua abian jartzeko bilera egin dute gaur goizean. Proiektua 'GURATRANS' da, eta bere helburua Europako plan hidrologikoetan ezarritako neurriak sustatzea da. Horretarako, arro horien kudeaketa integralean parte hartzen duten hainbat erakunderen arteko lankidetza bultzatuko dute.

Europar Batasunak ezarritako Uraren Esparru Zuzentarauaren arabera, erkidegoko eremu batean ura babestu behar da, arro hidrografiko bakoitzera egokitutako kudeaketa-plan eta neurri-programen bidez.  Ur-lasterrek administrazio-mugetan eragina izan beharrean beren ibilguetan bakarrik eragina izan dezaten, herrialdeen eta inplikatutako alderdi guztien artean lankidetza ezarri behar dela jasotzen du Zuzentarau horrek, urak elkarrekin kudeatu ditzaten, elkarri lagunduz.

Gaur goizean Donostian aurkeztu duten 'GURATRANS' proiektua mugaz eta eskualdez haraindiko kudeaketa-egituren behar horri erantzuteko sortu da, baliabide hidrikoen kontrol handiagoa eta koordinazio hobea izateko aukera eman dezaten. Proiektua gauzatzeko, lan-talde bat osatu dute erakunde hauekin: HAZI korporazioa, Uraren Euskal Agentzia-URA, Gipuzkoako Foru Aldundia, Nafarroako Ingurumen arloko Baliabide Zentroak (CRANA), Nafarroako Gobernua, Euskal Herri Hegoaldeko Herri Elkargoa eta Adour-Garonne Uraren Agentzia.

Erakunde horietako ordezkariak izan dira proiektua abian jartzeko ekitaldian, eta partekatzen diren natura-baliabideak direnean, lankidetza funtsezkoa dela esan dute.  Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Zuzendariak, Ainhoa Iraolak, positibotzat jo du mota horretako proiektuak abian jartzea:  "Elkarrekin egindako estrategiei esker, partekatzen ditugun ibaien egoera eta ibai horien ekosistemetan bizi diren espezieetarako habitataren kalitatea hobetuko dira".

Bestalde, URA erakundearen Zuzendari Nagusiak, Iñaki Urrizalkik, zuzentzen duen erakundeak mota horretako proiektu batean parte hartzea oso garrantzitsua dela adierazi du, mugaren bi aldeetako lau erakundek elkarrekin lan egingo dutelako partekatzen dituzten uren kudeaketa hobetzeko.

Jarduera-eremuak eta esperotako emaitzak

'GURATRANS' proiektuaren ekintzak mugaz eta eskualdez haraindiko bost ibaitan egingo dira: Bidasoa; Urdazuri, Nafarroaren eta Euskal Herri Hegoaldeko Herri Elkargoko eremuen

Artean; Urumea, eta Oriaren ibaiadarrak: Araxes eta Leitzaran, Nafarroa eta Gipuzkoa artean igarotzen direnak.

Helburua da aztertutako bost ibaien ur kantitate eta kalitateari buruz dugun informazioa eta haien egoera hobetzea. Horretarako, mugaz eta eskualdez haraindiko kudeaketa-egiturez baliatuko dira, ur-baliabideak hobeto koordinatzeko eta haien kontrol handiagoa izateko.

Aurreikusitako jarduerak

Aurreikusitako jarduera-ildo ugari eta 'Guratrans' proiekturako bideratutako aurrekontuaren ehuneko handia lurretan ekintza zehatzak egiteko erabiliko dira. Horiei esker, ibaien eta haien ekosistemen egoera nabarmen hobetuko da. Ekintzarik esanguratsuenak faunarako eragozpenak kentzea eta ibilguak eta erriberako landaretza hobetzea izango dira.

Presek eta presa txikiek ibaietan eragiten dute, eta haien arteko konektibitatea mugatzeaz gain, arrainak eta bestelako fauna-taldeak igarotzea ere eragozten dute.  Eragin horren adibide bat Inturiako presa dugu, Leitzaran ibaia zatitzen duelako, eta proiektu honen bidez, iragazkortuko dute. Erriberako landaretza hobetzeari dagokionez, landareak landatuz eta landare inbaditzaileak kenduz hobetuko dute, ibai-ekosistemen oinarrizko baldintzei eusten dietelako. Horrekin batera, ibaien ibilguen egiturazko dibertsitatea handitzeko ekintzak egingo dituzte, biodibertsitatea izateko haien gaitasuna handi dadin.

Halaber, herritarrek ur arloko jardueretan parte hartzeko eta horien aurrean sentikor agertzeko, eskaeraren kudeaketa hobetzeko eta kontrol-sareen artean informazioa trukatzeko ekintzak ere egingo dituzte.

Proiektu hau, Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzarako Programa Operatiboan (POCTEFA 2007-2013) jasotzen da, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) baliabideak ditu.

 

PROIEKTUAREN DATUAK

Izena: Pirinioetako mendebaldeko muturreko mugaz haraindiko ibaien tokiko kudeaketa eta kudeaketa parte-hartzailea

Akronimoa: GURATRANS

Aurrekontu osoa: 1.070.163,91€

FEDER funtsaren laguntza: 695.606,54€ (% 65)

Iraupena: 24 hilabete

Hasiera-data: 2012ko uztailaren 1

Jarduera-esparrua: Bidasoa, Nivelle, Urumea, Araxes eta Leitzaran ibaiak

   

 

Bazkideak

 

Inbertsio osoa

Finantziazioa

FEDER

Herri Administrazioak

 
HAZI

 
492.122,00

 
319.879,30

URAk 120.569,89

Gipuzkoako F.A. 51.672,81

Fundación
Crana
Fundazioa

 
304.076,13

 
197.649,48


Nafarroako Gob. 106.426,656

Communauté de Communes Sud Pays Basque

Euskal Herri Hegoaldeko Herri elkargoa



273.965,78



178.077,76

Funts propioak 89.999,02

Adour-Garonne Ur Agentziak 6.000

Bazkideak:

  • Uraren Euskal Agentzia-URA
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
    • Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako departamentua
    • Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko departamentua
  • Uraren zerbitzua. Ingurumen eta Ur zuzendaritza nagusia. Nafarroako Gobernuaren Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentua
  • Adour-Garonne Uraren Agentzia

Iruzkin bat
  • @riosconvida
    2012.eko ekainak 27

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Entidades de ambos lados de los Pirineos impulsarán de forma coordinada la mejora en los rí http://t.co/g1NktQEb

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Urrizalki, Ainhoa Iraola