Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: "Arreta gehiago jarri behar dugu egin beharreko lanean, eta ez horrenbeste hauteskunde-aurrerapenetan"

2012.eko ekainak 25

Lehendakariak adierazi du Euskadik autonomia erkidego "kaudimenduna" izaten jarraitzen duela, eta euskal administrazioa dela "hobekien eta azkarren ordaintzen duena, baita zor publiko txikiena duena ere". Halaber, adierazi du, Euskadik zor hori "ordain dezakeela". Patxi Lopez Lehendakariak adierazpen horiek egin ditu El Correo egunkariak eta KPMG enpresak Bilbon antolatutako Itxaropen Ekonomikoen Foroan.

Lehendakariak, bere hitzaldian, adierazi du Eusko Jaurlaritzaren zor bizia bere aurrekontuaren % 40 inguruan dagoela, eta Foru Aldundiena, berriz, horien gastu-aurrekontuaren % 70 inguruan dagoela. "Beraz, gobernu honek herri hau porrotera eraman duela dioten ahotsak nahiko alarmistak, zentzugabeak eta axolagabeak dira", adierazi du. Ildo horretan, Lopezek kritika egin die "egunero porrotaren danborrak jotzen ari direnei, datu negatiboak festak bailira plazaratuz, horrek ez baitio inolako mesederik egiten Euskadiri. Horregatik gustatuko litzaidake jendeak herri honetan, euskal gizartean gehiago pentsatzea, eta ez horrenbeste modu axolagabean Gobernu hau higatzean. Arreta gehiago jarri behar dugu egin beharreko lanetan, eta ez horrenbeste hauteskunde-aurrerapenetan", aipatu du.  Patxi Lopezek jakinarazi du Eusko Jaurlaritzan 2013ko aurrekontuan osatzen ari direla "dagoeneko".

Bere aburuz "Euskadik behar duena ez da aurrekanpaina eta hauteskunde batzuk, krisiak sorrarazi dituen arazo larriei aurre egiteko abian jarri diren planak geldiarazteko. Nire lehentasuna, beste batzuena ez bezala, ez da ahal bezain laster boterera iristea; nire lehentasuna da euskal gizarteari erantzutea, orain horretarako garaia baita, eta horretan ari gara", azpimarratu du.

Halaber, Lehendakariak adierazi du hiru esparru ezberdinetan itun nagusiak lortzeko lan egin behar dela: Europa mailako ituna, Europa benetako batasun politiko eta sozial gisa berriro zehazteko; Espainia mailako ituna, erakunde eta eragile sozial guztiek batera krisialdiari aurre egiteko; eta Euskadi mailako ituna, autogobernua defendatu, bizikidetza demokratikoa finkatu eta herri hau modernizatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria