Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintzak segurtasun-neurriak areagotzea aholkatzen du, oporretan lapurretarik egon ez dadin

2012.eko ekainak 21

Aholkuak etxebizitzara, bidaietara eta opor-destinora hedatzen dira

Ertzaintzak oporretan segurtasuna indartzea aholkatzen du, udan lapurreta-kopurua gehitu ez dadin. Horretarako, zenbait gomendio egin ditu, eta aholku praktikoak ere eman ditu, egunetan, asteetan edo hilabeteetan hutsik egoten diren etxebizitzen segurtasuna indartzeko. Horrez gain, udatiarren segurtasunerako aholkuak ere eman ditu, euren bidaietan kontuan har ditzaten. Horrela, errepiderako, geltokietarako eta aireporturako aholkuak eman ditu, bai eta opor-destinoetarako ere, hotelei, hondartzei eta abarri buruzko gomendioekin.

Etxebizitzetako lapurretak prebenitzea

Oporretan goazenean hutsik uzten dugun etxebizitzan lapurretarik egin ez dezaten gomendioen artean, hauek daude:

- Atea beti giltzarekin itxi, plastikozko txartela, erradiografia edo antzeko objekturen bat erabilita sar ez daitezen.

- Oporretako datak ez esan publikoki.

- Etxebizitzan jendea dagoenaren itxura eman (norbaitek korrespondentzia har dezala, telefono finkoa mugikorrera desbideratu eta erantzungailu automatikoa deskonektatu, pertsiana batzuk erdi zabalik utzi, edo etxetresna elektrikoren bat edo lanpara bat tenporizadore batera konektatu, aldizka piztu daitezen).

- Baliozko objektuak babestuta eta identifikatuta izan (etxebizitzan ez utzi ez bitxirik, ez eta baliozko beste objekturik ere; guztiei argazkia atera eta marka, modeloa eta serie-zenbakia idatzi, lapurtzen badituzte identifikatu ahal izateko).

- Itzultzean ikusten bada lapurreta egon dela, ez sartu etxera Ertzaintza iritsi arte. Etxera sartu behar baduzu, ez ukitu lapurrek manipulatu dituzten objektuak.

Prebentzioa bidaian                      

Bidaia planifikatu ostean, oinarrizko gomendio batzuk hartu behar dira kontuan, geltokietan eta aireportuetan zein errepidean:

- Dirua eta agiri pertsonalak banatuta eraman.

- Ez eraman diru-kopuru handirik.

- Larrialdietarako diru-kopuru bat bereizi eta leku seguruan gorde.

- Aireportuetan eta geltokietan, ez galdu bistatik zure gauzak, eta, fakturatzen ari zarenean, jarri arreta zure inguruan dauden pertsonengan. Ez eraman beste pertsona batzuen gauza pertsonalik, oparirik edo paketerik, eta ez fakturatu beste pertsona batzuen ekipajerik.                          

- Errepidean, atseden hartzeko, ez joan jende gutxi dagoen lekuetara. Ibilgailuetan, ez utzi agerian baliozko objekturik. Beste gidari batzuek ibilgailua geratzeko seinaleak egiten badizkizute, arreta handiz ibili, eta, geratzen bazara, kontu berezia izan.

Prebentzioa opor-destinoetan

- Ibilgailua hotelaren edo apartamentuaren ondoan aparkatu, ahal bada jendea dabilen lekuetan.

- Objektu pertsonalak kontrolpean izan, eta baliozko gauzak hoteleko kutxa gotorrean gorde.

- Hondartzetan, igerilekuetan edo aisialdirako tokietan zure objektu pertsonalak kontrolpean izan uneoro, eta ez utzi pertsona ezezagunen eskuetan.

- Pertsona ugari pilatzen den lekuetan arreta berezia izan, ebasketak saihesteko.

 

3 iruzkin
  • @DonostiakoUdala
    2015.eko abuztuak 27

    Comentario de Twitter:
    RT @DSS_Babeszibila: [Aholkua] Oporretan lapurretarik egon ez dadin, segurtasun neurriak areagotu
    http://t.co/xDSwY0vyEF @ertzaintzaEJGV

  • @Ayto_SS
    2015.eko abuztuak 25

    Comentario de Twitter:
    RT @DSS_Babeszibila: [Consejo] Incrementa las medidas de seguridad para evitar robos en vacaciones http://t.co/hZpLHgKHoy @ertzaintzaEJGV

  • @admanza
    2015.eko uztailak 29

    Comentario de Twitter:
    RT @DSS_Babeszibila:[Consejo] Incrementa las medidas de seguridad para evitar robos en vacaciones http://t.co/Ny3EwsXLqM vía @ertzaintzaEJGV

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko