Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak

“Aurrerabide teknologiko eta profesionalak ezartzen duen eskakizunera egokitzea ahalbidetzen die langileei Hobetuzek”

2012-06-20

Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak gaur ospatu du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Paraninfoan, Bilbon, bere hamabosgarren urteurrena "enpresei eta langileei lagunduz". 1996ko uztailaren 19an sortua, 1,2 miloi euskal langilerentzat egin ditu prestakuntza-ekintzak Hobetuzek, 11.500 prestakuntza-plan finantzatu ditu eta 223 milioi euro eman ditu laguntzetan denboraldi horretan.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak parte hartu du ekitaldian eta Hobetuzek azken 15 urteetan izandako ibilbidea balioetsi du. Sailburuak nabarmendu duenez, Hobetuzek "langileei aurrerabide teknologiko eta profesionalak ezartzen dituen eskakizunetara etengabe egokitzea ahalbidetzen die. Prestatzeko denboraldi bat eta lan egiteko beste bat dagoelako. Prestakuntza eta ikaskuntza etengabeko prozesua dira bizitza osoan".

Euskal Autonomia Erkidegorako Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioa eta Hiruko Akordioa 1995eko irailean Confebaskek, UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzak sinatu izanak Hobetuz sortzea ahalbidetu zuen. 1996ko uztailaren 19an gauzatu zen, eta gure erkidegoan etengabeko lanbide-prestakuntza sustatzen eta kudeatzen duen hiruko erakundea da.

Langileen prestakuntza eraginkorragoa izan dadin, erabiltzaileekiko hurbilagoa eginez eta enpresen eskakizunekin eta langileen prestakuntza-premiekin estu lotuz, Hobetuz elkarlanean aritu da 1986az geroztik Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarekin eta iaztik Lanbiderekin erakunde laguntzaile gisa, Etengabeko Prestakuntzarako Laguntzen urteko deialdien bidezko aholkularitza- eta finantzaketa-lanetan.

Fundazioak enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta langileen enplegagarritasuna gehitzeko egiten duen ekarpena nabarmendu du Hobetuzen presidente Asier Aloriak. Bestalde, Confebasken idazkari nagusi Nuria López de Gereñuk "prestakuntzarekin euskal enpresen kolektiboak duen konpromiso irmoa" eta "publiko-pribatu lankidetza trabagabe eta egitekotsua" adierazi ditu.

UGTren Euskadiko idazkari nagusi Dámaso Casadok, aldiz, azpimarratu du prestakuntza, berritzaile, ziurtatu eta "lan-merkatuarekin sintonian dagoen prestakuntza kualifikatua lortzera" bideraturikoaren aldeko apustua egin behar duela Hobetuzek. CCOOko Eduardo Garcíak "finantzaketa egonkor baten premia" erantsi du.


Jarduera

Honako hauek dira 15 urte hauetan Hobetuzek garaturiko jardueraren datu aipagarrienak:

- 1.204.608 laguntza prestakuntza-ekintzetarako, eta horietatik % 62,2 enpresa-planei dagozkie eta % 37,8 langileentzako eskaintzari.

- Ikastaro eta prestakuntza-ekintzetara bertaratzen direnen profila. % 50,7 Bizkaitik datoz, % 35,8 Gipuzkoatik eta % 13,5 Arabatik. % 8,7 25 urtetik beherakoak dira,% 69,4 25 urtetik 45 urtera bitartekoak eta % 21,9 45 urtetik gorakoak. % 63,3 gizonak dira eta % 36,7 emakumeak. % 86 besteren konturako langileei dagokie, % 8,7 norbere konturakoei, % 4,3 langabezian daude eta % 1 administrazio publikoko langileak dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)