Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadiko 10 herritarretik 7k uste dute gizarte ongizatean murrizketa politikek ez dutela balio krisialditik ateratzeko

2012.eko ekainak 21

Hau izan da Prospekzio Soziologikoen Kabineteko zuzendaria, Víctor Urrutia, gaur goizean Lehendakaritzan eman duen nabarmentzeko bat, Ongizatearen Estatutari buruzko ikerketa bat aurkezterakoan. Ikerketa honen helburua izan da Euskadiko herritarren pertzepzioa jasotzea Ongizate Estatuaren arloko botere publikoen lehentasunei eta eginkizunei buruz, gaur egungo krisi ekonomikoaren testuinguruan.

Ikerketa honen fitxa teknikoa zabaldu den txostenean kontsulta daiteke. Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 2.254 lagunek osatua da, eta informazioa etxean egindako banakako elkarrizketen bidez jaso da. Lagin errorearen estimazioa ±%2,11 da EAE osorako, %95,5eko konfiantza mailarako, p=q=0,5 izanik. Informazio bilketa 2012ko maiatzaren 29a eta ekainaren 2a bitartean egin zen.

NABARMENTZEKOAK

Babes soziala

• Euskadiko herritarren %81ek Ongizate Estatua defendatzea lehentasunezkotzat jotzen dute eta 10 inkestatutatik 7k diote ongizate politiketan murrizketak egiteak ez duela krisitik ateratzeko balioko.

• Inkestatu gehienen ustez, langabetuak eta gazteak dira administrazio publikoek gehien babestu beharko lituzketen talde sozialak.

Konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa

• Euskal herritarren %78 Gobernu Zentralaren ajuste neurrien kontra Eusko Jaurlaritzak iragarri duen konstituziokontrakotasun errekurtsoaren alde daude.

Zerbitzu eta administrazio publikoak

• Espainiako gainerako lekuekin alderatuz, euskal herritarrek uste dute Euskadiko zerbitzuak hangoak baino hobeak direla, bereziki osasun arloan, hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan.

1. GIZARTEBABESA

Gizatalde kaltetuak

EMAITZAK

Administrazio publikoek gehien babestu beharko lituzketen bi gizataldeak aukeratzean, euskal herritar gehienek langabetuen alde egin dute. 2010eko irailetik 15 puntu egin du gora aukera horrek. Gainera, 10 inkestatutik 6ren ustez langabetuek babes gutxi jasotzen dute administrazio publikoen aldetik, eta 10etik 2ren ustez ez dute batere babesik jasotzen.

Gehien babestu beharrekoetan bigarren taldea gazteena litzateke, herritarren ustez. Aukera horrek ere 10 puntu gora egin du 2010eko irailetik. Herritarren %47k diote administrazioen aldetik babes gutxi jasotzen dutela eta %36k ez dutela batere jasotzen.

Zerbitzu publikoen eta gizarte babesaren etorkizuna

Zerbitzu publikoen eta gizarte babesaren etorkizunari buruzko ziurgabetasun sentsazioa da, %44k baitiote etorkizunean ongizate politikek Euskadin okerrera egingo dutela, %38k uste dute berdin jarraituko dutela eta %14k hobetu egingo direla. Are zalantzagarriagoa da Espainian gizarte babesak izango duen etorkizunari buruzko iritzia; izan ere, ongizate politikak okerragotu egingo direla uste dute %64k.

Euskadiko gizarte babesaren arlo zehatzei dagokienean, etorkizunerako espektatiba onenak osasun arloari buruzkoak dira, %15ek uste baitute hobetu egingo dela eta %40k berdin jarraituko duela. Atzetik dator hezkuntza sistema publikoa, %12k uste dutelarik etorkizunean hobetu egingo dela eta %40k berdin mantenduko dela.

Lehentasunak eta eginkizunak

Garapen ekonomikoa ziurtatzeko hartu beharko liratekeen neurriei dagokienean, %56k aipatu dute bi garrantzitsuenen artean “gazteen artean enplegua bultzatu”, %40k “hezkuntza, formazioa eta ikerketan inbertitu”, %35ek “enpresei eta enpresak sortu nahi dituzten ekintzaileei lagundu” eta %27k “administrazio publikoen defizita murriztu”.

Euskal herritarren %81ek lehentasunezkotzat jo dute, elkartasunezko gizarte guztientzat, Ongizate Estatua defendatzea. Gainera, 10 inkestatutatik 7k uste dute ongizate politiketan murrizketak egiteak ez duela krisitik ateratzeko balioko. Ongizate Estatuaren iraunkortasunari dagokionean, %59 ados daude ondoko esaldiarekin: “Ongizate Estatua gehiegi hazi da eta sostengaezina bihurtu da” eta %84 ondokoarekin: “arazo nagusia da politika publikoetan erabiltzen den diruaren kontrol zorrotzik ez dagoela”.

Gastu publikoa eta aurrezteko neurriak

Euskal herritarren gehiengo zabalak (%75) osasun arreta aukeratu du inolaz ere murrizketarik onartuko ez luketen arloez galdetuta. Atzetik datoz hezkuntza (%38), pentsioak (%31) eta langabeziagatiko prestazioak (%23).

Baliabide publikoen banaketari dagokionean, herritarren ustez baliabide gehien eman beharreko arloa osasungintza da, 0 eta 10 arteko eskala erabiliz 8,5 eman baitiote bataz beste; atzetik datoz hezkuntza, 8,3rekin, enplegua sustatzeko eta langabeziaren eta lan prekarietatearen aurkako politikak, 7,9rekin eta gizarte zerbitzuak, 7,8rekin.

Konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa

Euskal herritar gehienak Gobernu Zentralaren ajuste neurrien kontra Eusko Jaurlaritzak iragarri duen konstituziokontrakotasun errekurtsoaren alde daude. Zehazki %78 “gehienbat ados” daude errekurtso horrekin, %9 “gehienbat ez daude ados” eta gainerako %13k ez dakite edo ez dute erantzun.

2. ZERBITZU ETA ADMINISTRAZIO PUBLIKOAK

Euskal administrazio publikoen funtzionamenduari dagokionean, iritzi oso edo nahikoa positiboa dutenak (%27) 5 puntu gehiago dira iritzi oso edo nahikoa negatiboa dutenak baino (%22). %47k diote beraien iritzia “ez positiboa ez negatiboa” dela.
Alderaketa eginez, euskal herritarren iritziz Euskadiko zerbitzu publikoak Espainiako gainerako lekuetakoak baino hobeak dira, bereziki osasungintzan, hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan; hurrenez hurren %76k, %69k eta %61ek diote Euskadin hobeak direla.

Euskadiko zerbitzu publikoak Espainiako gainerako lekuetakoak baino hobeak diren ustea areagotu egin da 2008tik hona. Zehazki, 20 puntu hazi da hezkuntza Euskadin hobea dela uste dutenen ehunekoa, 19 puntu gizarte zerbitzuak hobeak direla uste dutenena eta 13 puntu osasungintzari buruzkoa.

Azkenik, azken urteotan administrazioek izan duten bilakaerari dagokionean, herritar gehienek diote hobetu egin direla Interneten bidezko sarbidea edo teknologia berriak erabiltzea bezalako aspektuetan.

Beste alderdi batzuei buruz, aldiz, gehiengoak dio lehen bezala jarraitzen dutela, hala nola langileen profesionaltasunean, herritarrei emandako informazio eta tratuan, prozesura administratiboen erraztasunean eta gestioak ebazteko azkartasunean.

Balorazio negatiboena “diru publikoa zertan gastatzen den azaltzean” aspektuari dagokio: %41ek uste dute administrazio publikoek okerrera egin dutela horretan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Víctor Urrutia