Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak

Lanbidek jardunbide mafioso batzuk salatu eta jakinarazi dizkio Herrizaingo Sailari, jendaurreko arretako hitzorduen iruzurrezko salmenta dela eta

2012-06-20

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Herrizaingo Sailaren kolaborazioa eskatu du ustezko jardunbide mafioso batzuk eragozteko bere bulegoetako lautan gutxienez jendeari arreta emateko hitzordurako txartelak saltzen ari direla eta. Lanbideko langileek antzeman dute "mafia antolatu batzuk premian dauden eta guregana informazioa eskatzera edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta tramitatzera datozen pertsonak engainatzen saiatzen ari direla", Vitoria-Gasteizko San Martin eta Txagorritxu auzoetako bulegoetan eta Bilbon Mazarredoko eta Rekaldeko bulegoetan.

Lanbidek euskal herritarrak ohartarazi nahi ditu ez dela beharrezkoa haren bulego-sarean zerbitzuak jasotzeagatik ordaintzea, erabiltzaile guztiak doan artatuak izango baitira, legeak ezartzen duenez.

Iruzurrezko egoera hauek izateko aukeraren aurrean, Lanbidek Ertzaintzaren laguntza eskatu du, eta hark segurtasun-neurri batzuk ezarriko ditu zehazteko nortzuk diren premia larriena duten pertsona horietaz ustez probetxua ateratzen saiatu direnak, herritarren interesari kalte handia egiten ari baitira.

"Pertsona horiek gure erabiltzeak engainatzen ari dira, eta ohartarazten dugu ez dela beharrezkoa gure pertsonal espezializatuarengandik zerbitzuak jasotzeagatik ordaintzea", jakinarazi du Lanbidek. Itxura denez, lehenengo ikerketek mafia antolatu batzuk antzeman dituzte, eta orain arte Vitoria-Gasteizko San Martin eta Txagorritxu auzoetako bulegoetan eta Bilbon Mazarredoko eta Rekaldeko bulegoetan jardun dute.

"Jardunbide hauek kalte larria egiten diote herritarren interesari, erakundearen irudiari eta, are larriagoa dena, eraso egiten diote herritarren eskubide legitimo bati, euskal herritar guztiei dagokien zerbitzu publiko batek modu zorrotz eta profesionalean artatuak izateko eskubideari, alegia", edozein iruzurrezko jarreraren atzetik joatea Lanbideren helburua den neurrian.

Lanbidek egin duen alertaren arabera, pertsona horiek goizean goiz joatean dira bulegora lehenengoak sartzeko, hitzordurako txartel batzuk hartzen dituzte, eta gero beren txandaren zain dauden beste pertsona batzuei saltzen saiatzen dira. "Lanbidek ez du onartuko gutxi batzuek probetxua ateratzea gaizkien pasatzen ari direnen premia-egoerari, eta are gutxiago Euskal Enplegu Zerbitzuak prestazio hau oso-osorik kudeatzen hasi zenetik arreta-denbora nabarmen murriztu denean". Gaur egun, batez besteko itxaronaldia 14 egunekoa da.

Salaketa hau Euskal Enplegu Zerbitzuko langile batzuen eskariz egin da, hitzorduak saltzeko saio batzuk antzeman baitituzte. Abisu horiek jaso eta berehala, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu eta Lanbideko Administrazio Kontseiluko lehendakariak, Gemma Zabaletak, ikerketa bat hasteko eskatu dio Herrizaingoko sailburuari, Rodolfo Aresi.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan