Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza

Udalerriek ekonomia berdearen bultzadan duten eginkizuna aztertu du Pilar Unzaluk ICLEIrekin batera

2012-06-20

Toki-erakundeek ekonomia berdea bultzatzeko duten funtsezko eginkizuna aztertu du Pilar Unzalu Ingurumeneko sailburuak Rio de Janeiron, Stefan Kuhn ICLEIko (Jasangarritasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Sarea) hiri-gobernuko zuzendariarekin batera.

Hala, Udalsarea21 sarearekin bat egindako udalerriek arlo horretan egindako ekintza batzuk zehaztu ditu Pilar Unzaluk, Fernando Barrenechea Ihobeko zuzendari nagusiak eta Enrique Urrutia Uraren Euskal Agentziaren nazioarteko harremanetarako zuzendariak lagunduta; halaber, «enpresa txikiak eta ertainak bultzatzeko elementua delakoan», eskualdeko garapen-agentziek Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan 2010-2014 Programan izandako partaidetza nabarmendu du.

Ekonomia berdearen garapena Tokiko Agenda 21en metodologian nola txertatu den jakiteko interesa agertu du Khunek, bai eta Euskadin izandako jardunbide egokiak ezagutzeko ere. Izan ere, munduan Tokiko Agenda 21en metodologia erabiltzen ari diren 7.500 udalerritan baino gehiagotan bultzatu nahi du erakunde horrek Euskadik lortutakoaren antzeko integrazio bat.

Halaber, Euskadin EcoEuskadi 2020 Garapen Jasangarrirako Estrategiak aldagai hori barne hartzen duela azaldu du sailburuak, bai eta ildo horretan gauzatzen ari diren ekintzak garatu dituela ere.

Azkenik, Rio+20 konferentziaren harira onartutako adierazpen instituzionala eman dio Pilar Unzaluk ICLEIko arduradunari; berau gobernu-kontseiluak onartu zuen ekainaren 5ean, eta Euskadiko 4.000 herritarrek baino gehiagok parte hartu dute hura prestatzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Unzalu