Berriak Kultura
Eu

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoaren 2012ko ekitaldirako kontratua sinatu dute

2012.eko ekainak 22

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoaren 2012ko ekitaldirako kontratua sinatu dute

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuak eta Alberto Surio Euskal Irrati Telebista erakunde publikoko zuzendari nagusiak sinatu duten kontratuaren xedea da, izan ere, bitarteko bat eratzea, Eusko Jaurlaritzak EiTB finantzatzeko eta azken horrek maiatzaren 20ko 5/1982 Legeak agindu zion zerbitzu publikoa garatzeko (EiTB erakunde publikoa sortzeko Legeaz ari gara). Akordio horretan, Jaurlaritzak bere gain hartzen du erakunde publikoaren ustiapen-gastua konpentsatzeko zein inbertsioak egiteko beharrezkoak diren ekarpenak egiteko konpromisoa.

Lehengo eta bigarren programa-kontratuaren indarraldia amaituta, Programa-kontratuaren Jarraipen Batzordeak erabaki zuen 2012-2015 aldirako programa-kontratu plurianual berri bat ez ezartzea, eta horren ordez, alternatiba gisa, Eusko Jaurlaritzarekin akordio bat formalizatzea, urte baterako kontratu baten bidez, kontu hauek arautzeko helburuz: Jaurlaritzaren eta EiTBren arteko harremana, betiere irrati, telebista eta internet zerbitzu publikoen printzipio berberi jarrikiz, eta hortik ondorioztatzen diren neurketa-konpromisoak eta adierazleak aintzat hartuta; eta EiTBren finantziazioa (lehenengo programa-kontratua: 2002-2005 aldirako, 2006ean luzatua; bigarrena: 2007-2010 aldirako, 2011n luzatua). Erabaki hori hartu zen nozitzen ari garen krisi ekonomikoak baliabide publikoen esleipenean duen eragina kontuan hartuta, horren ondorioz zailago baita hurrengo urteetako diru-sarrera ekonomikoak aurreikustea eta EiTBren finantziazio egonkorra bermatzea.

Ildo horretatik, EiTBk garatuko du kontratuak biltzen dituen gizarte-komunikabideen jarduera, zerbitzu publikoa dena, betiere aplikagarri zaizkion xedapen orokorrei eta, bereziki, EiTB erakunde publikoa sortzeko 5/1982 Legean aurreikusitako printzipioei jarraikiz.   Orobat, zerbitzu publikoa eskainiko du, bere eginkizuna betez, honako helburu hauek lortze aldera:

a) Ikus-entzunezko zerbitzu unibertsala eta irisgarria eskaintzea, herritar guztiei zuzendua, eduki eskaintza egokia eta behar bestekoa bermatuta, kontratuan zerbitzu publikoaz egiten den deskribapenarekin bat.

b) Telebista, irrati eta interneteko plataformak edukitzea, euskal herritarrek, euskarak eta euskal kulturak, eta, orobat, Euskadiren errealitate politiko, sozial, kultural eta ekonomikoaren gaineko kontaketak presentzia izan ditzatenc) Kalitatezko edukien eskaintza bermatzea, euskal gizarteak bere komunikabide publikoei buruz dituen itxaropenei erantzungo diena, eta, besteak beste, sinesgarritasun, objektibotasun, profesionaltasun, hurbiltasun eta modernitate printzipioen errespetuan oinarritua.

d) Ikus-entzule maila egokia lortzea, euskal irrati-telebistak zerbitzu publiko izateko eman zaion agindua eraginkortasunez bete dezan.

e) Euskal gizarteari komunikaziorako eta partaidetzarako espazio bat eskaintzea. Herritarrei, talde eta eragile sozialei, eta, orobat, gutxiengoei eta egoera txarrenean dauden taldeei erakunde publikora iristeko eta bertan agertzeko aukera eman beharko die, gizarte aurreratua eta orekatua bultzatzeko asmoz.

f) Euskal gizartea egituratzen laguntzea, zenbat gizarte-balio bultzatuz, besteak beste, elkarbizitza demokratikoa eta aniztasunaren errespetatua, bakearen eta memoriaren kultura eraginkortasunez sustatzeko, eta, era berean, terrorismoak euskal gizarteari ekarri dionaren gaineko kontaketa objektiboa eta egiazkoa eratzen laguntzeko.

g) Euskadik atzerrian duen irudia hedatu eta indartzea, ezinbestekoa baita herrialde moderno, berritzaile eta ireki baten errealitatea transmititzeko; Euskadiren errealitate sozio-ekonomikoa, enpresa arloan daukan gaitasuna eta ekimen-gaitasuna hobeto ezagutaraztea; eta munduan euskal kultura eta euskara ezagutaraztea.

h) Euskal ikus-entzunezkoen sektorea bultzatzea, ikus-entzunezko edukien produkzio eta banaketaren bidez eta komunikazioaren teknologiak garatuz, aberastasun ekonomikoa sortzeko.

 

Horren guztiaren ordainetan, Eusko Jaurlaritzak hitzematen du 123.917.270 euro esleituko dituela 2012ko Aurrekontuen Legean, EiTBren eta haren sozietate publikoen gastu-ekarpenetarako, erakunde publikoaren diru-sarreren eta agindu zaion zerbitzu publikoak dakarren guztizko gastuen arteko aldea orekatzeko asmoz (publizitatearen salmentatik eta bestelako kudeaketetatik lortzen ditu diru-sarrerak).  Orobat, egun erabiltzen ari den ibilgetuaren inbertsio arruntak zein birjarpenekoak finantzatzeko, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen du 2012ko aurrekontuetan 8.000.000 euro esleitzeko konpromisoa.

Aurrekoan aurreikusitakoa gorabehera, EiTBk akordioak egin ahalko ditu Eusko Jaurlaritzako sailekin, zerbitzuak emateari eta betetzeari dagokionez, hala beharrezkoa izanez gero. Ildo horretatik, Eusko Jaularitzak bere gain hartzen du EiTBren eta sailen arteko hitzarmenak egiteko formula lagungarriak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa, betiere hitzarmenon helburuak izan beharko dutela kontratuaren helburuak betetzen laguntzea, bai eta kanpaina, komunikazio-ekintza edo babes-ekintza instituzionalak garatzea ere.

Kontratu berriak zerbitzu publikoaren definizioa aldatzen du. Hala, kulturaren ikuspegi adierabakarraren ordez, "euskal kulturak" moduko kontzeptuak sartzen ditu, eta EAEren aniztasuna eta errealitate desberdinak aitortzen. Orobat, bereziki sentikor agertzen da balio demokratikoei eta biktimak aitortzeari dagokionez, Euskadin orain dela gutxi gertatukoari buruz egiazko kontaketa osatze aldera.

Azkenik, azpimarratu behar da adierazle errealagoak eta neurgarriagoak sartzen dituela, Legebiltzarrari eta Jaurlaritzari kontratuaren jaraipena egiten errazte aldera. Horrez gain, EiTBren hazkundearen oinarriak ezartzen ditu, irrati eta telebisten gehienezko kopurua ezarriz, erakundea HDrako prestatuz, eta pantaila askotariko garapena bilduz hala nola: telebista, ordenagailu, tableta eta mobilenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Alberto Surio