Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Pilar Unzalu: "EcoEuskadi 2020 erregio ikuspegitik erronka globalei aurre egiteko gailua da”

2012.eko ekainak 20

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Pilar Unzaluk, EcoEuskadi 2020 Garapen Jasangarrirako Estrategia aurkeztu du Rio de Janeiron. Bere esanetan, “erregio ikuspegitik landutako proposamena da, bilakaera demografikoak, natura eta energia baliabide urriak eta klima aldaketak dakartzan erronka globalei aurre egiteko balio duena”. 

Pilar Unzaluk Estatu eta Erregioen arteko Mundu mailako Gailurrean parte hartu du gobernantza eta barne politiketatik abiatutako garapen ereduen aldaketa panelean.

Sailburuak azaldu duenez, “gaur egungo egoera ekonomikoa eta aurrean ditugun erronkak, Rio de Janeiron 1992. urtean egin zen Garapen Jasangarrirako Mundu mailako Gailurrean nabarmen gelditu ziren dagoeneko: ekoizpen sistemaren, natura ingurunearen eta bizitza kalitatearen arteko harreman estua.

“EcoEuskadi 2020, erregioetatik etorkizuneko estrategia nola eraiki daitekeen erakusle den gure kontribuzio txikia da”, azpimarratu du.

Jakitera eman duenez, hausnarketa eta partehartze prozesu zabal eta plural baten bitartez, Euskal Autonomi Erkidegoak EcoEuskadi sortu du, “administrazio publikoek enpleguan, hezkuntzan, garraioan, energian, babes sozialean eta biodibertsitatean, besteak beste, hartu beharko dituzten norabideak, helburu zehatzak eta ekimen bideak finkatzen dituen dokumentua”.

Rion jakin-min gehien piztu duen elementuetako bat, EcoEuskadi estrategia diseinatzeko eta garatzeko balio izan zuen partehartze prozesua izan da, zeinetan 5.000 lagun baino gehiagok parte hartu zuen. Pilar Unzaluk unibertsitate mailako eta beste mailatako 1.600 euskal ikasleen jarrera eraikitzailea azpimarratu nahi izan du.

Rio+20rako ere partehartzea


Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Pilar Unzaluk, EcoEuskadiren partehartzeaz hitz egiteaz gain zera azpimarratu nahi izan du, Rio de Janeiron egiten ari den Gailurrerako dokumentua egiteko ere partehartze prozesua irekia izan dela eta, bertan, 4.000 euskal hiritar baino gehiagok parte hartu duela.

“Partehartze altu horri esker jakin badakigu euskal gizarteak zer nolako garrantzia ematen dion Gailur honetan eztabaidatzen ari garen gaiei, batez ere, enplegua sortu eta bateratzailea izango den ekonomia berde baterako eman beharreko pauso eta aurrerapenei”, amaitu du Pilar Unzaluk.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)