Berriak Herrizaingoa
Eu

Herrizaingo Sailak hamar milioi euroko inbertsioa egingo du 2015era arte saileko eta Ertzaintzako telekomunikazio zerbitzuetan (2012-06-19(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko ekainak 19

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Herrizaingo Sailerako telekomunikazio zerbitzuen kontratua egitea, 10.800.050 euroko zenbatekoa izango duena. Aurrekontuko partida hori 2015. urtera arte saileko hornidurak eta materialak berritzea finantzatzeko baliatuko da, Ertzaintzakoak barne, telekomunikazio zerbitzu guztiek ongi funtzionatzea ahalbidetzeko.

Gaur onetsitako urteanitzeko partida lau alditan banatuko da, aurtengo urterako (2012. urtea) eta datozen hiru ekitaldietarako, hain zuzen ere; partida, bidenabar, lau multzotan azpibanatuko da, telekomunikazioen arloko lau eremu nagusietarako bana: telefonia finkoa, telefonia mugikorra, datuen konektibitatea eta Internet (horretarako bi hornitzaile kontratatu beharko dira, erabiltzen diren bi nodoen mantentze-lanetarako).

Onartutako urteanitzeko partidak honela banatzen dira:

2012. urtea: 787.850 euro
2013. urtea: 3.337.400 euro
2014. urtea: 3.337.400 euro
2015. urtea: 3.337.400 euro

Legegintzaldi honetan, Herrizaingo Saileko informatika eta telekomunikazio arloko arduradunek erabaki dute zerbitzu teknikoen kontratuen iraungitze- eta ondoriozko berritze-data denbora-tarte berean biltzea; hala izapidetzeak azkartu egingo dira, eta baldintza ekonomiko hobeen artean hautatzeko aukera egongo da.

Telekomunikazioen elementuak gero eta garrantzi handiagoa du polizia izaerako lanen barruan, baita Herrizaingo Sailaren gainerako jardueretan ere. Hala, gaur onetsi den aurrekontu partidak oinarri ekonomikoa eskaintzen du egunero milaka ertzainek erabiltzen dituzten artxibo eta kontsulta sistemek eta ikerketako aplikazio guztiek funtziona dezaten; horrez gain, tartean daude, besteak beste, polizia ibilgailuetan instalatutako konektibitate erabilgarritasun berriak, patruilen komunikazio sistemak, Larrialdiei Aurre egiteko Zuzendaritzaren barruko babes zibileko zerbitzuak edota zirkulazioa kontrolatzeko eta kudeatzeko Trafiko Zuzendaritzak erabiltzen dituen gailuak. Aipatutakoez gain, arlo berean daude Ertzaintzak genero indarkeriaren mehatxupean dauden emakumeei banatzen dien bortxa telefonoak, edota Herrizaingo Sailak EAEn kudeatzen dituen hauteskunde prozesuak egiteko beharrezko komunikazioak eta datu sarea ere.

Herrizaingo Sailak garatzen dituen lan arlo guztietan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira bai arlo teknikoa, bai informatika- eta telekomunikazio-sistemak erabiltzea; horrekin batera, teknologiaren kostuak, oro har, merkatzen ari dira. Horri esker, atal horretako beharrezko inbertsio ekonomikoari eutsi ahal zaio, aurreko ekitaldietako maila bertsuetan, edo are maila baxuagoan ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan