qrcode

Unceta Parrokoa auzuneko 135 etxebizitzen birgaitze integraleko obrak hilabete honen amaieran amaituko dira, 8,2 milioi eurotik gorako inbertsioa egin ondoren

2026-06-29
  • Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Bilboko Udaleko Etxebizitzako zinegotzi Yolanda Diezek Santutxuko hiri-berroneratzeko jarduketa bisitatu dute. Jarduketa horren lanak aurki amaituko dira, eta, udan, etxebizitzen erremateen eta barne-azterketaren fasea burutuko da 
  • Itxasok nabarmendu duenez, horrelako auzoak “gure hirien eta eraiki zituzten langileen belaunaldien historiaren oso zati garrantzitsua dira. Gaur egun, gure konpromisoa da bizitza osoan hemen bizi izan direnek bertan duintasunez jarraitu ahal izatea, eraikinak igogailurik ez duelako edo arkitektura-oztopoak dituelako etxea utzi behar izan gabe”

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Bilboko Udaleko Etxebizitzako zinegotzi Yolanda Diezek Santutxuko UncetaParrokoa auzunean egiten ari diren birgaitze integraleko obrak bisitatu dituzte gaur goizean. Hiri-berroneratzeko jarduketa hori azken fasean sartu da eta, aurreikusitakoaren arabera, hilabete honen amaieran amaituko da. Esku-hartzeari esker, jabeen 13 erkidegotan banatutako 135 etxebizitza modu integralean eraldatu ahal izan dira, eraikinen energia-efizientzia hobetzera, irisgarritasun unibertsala bermatzera, energia berriztagarriak txertatzera eta inguruko hiri-azpiegiturak eta azpiegitura digitalak modernizatzera bideratutako jarduketen bidez. Udako datozen hilabeteetan, etxebizitzen erremateen, doikuntzen eta barne-azterketaren fasea burutuko da, jarduketa administratiboki erabat amaitu aurretik. 

Bisitan, halaber, Bilboko Udal Etxebizitzak elkarteko ordezkariek, birgaitze-prozesuan bizilagunei laguntzeaz arduratutako Opengela hurbiltasun-bulegoko langileek, INAP Técnicos de Ingeniería y Construcción enpresako idazlari taldeko eta zuzendaritza fakultatiboko ordezkariek eta ConstruccionesOlabarri eraikuntza-enpresako arduradunek parte hartu dute. 

Egiten ari den jarduketak 8.220.064,45 euroko guztizko inbertsioa mobilizatu du guztira. Kopuru horretatik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak 5.460.994,76 euroko ekarpena egin du Azpiegitura Estrategikoetan Inbertitzeko Programaren bitartez, Bilboko Udal Etxebizitzak elkarteak 1.557.240,20 euroko ekarpena egin du, eta jabeen erkidegoek eta partikularrek, berriz, 1.201.829,49 eurokoa. Horrela, beraz, administrazioen eta egoiliarren arteko lankidetzari esker, gaur egun Bilbon abian dauden bizitegi-birgaitzeko asmorik handieneko eragiketetako bat egin ahal izan da. 

Proiektuaren dimentsio sozialak ere garrantzi handia izan du obren finantzaketan. Lehen fase honetan sartzen diren titulartasun pribatuko 65 etxebizitzetatik 23k laguntza osagarriak jaso dituzte irizpide sozialaren arabera, hau da, etxebizitza guztien % 35ek. Laguntza gehigarri horiek 15.000 euro artekoak dira etxebizitza bakoitzeko, eta 260.000 euro inguruko ekarpena egin dute. Laguntza horri esker, onuradunei birgaitzearen kostu osoaren % 92 ordaindu zaie, dirulaguntza orokorra eta gizarte-irizpidearen araberako laguntza espezifikoa gehitu baitzaizkie, eta nabarmen murriztu da irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna hobetzeko ezinbesteko obrak egiteko hartu behar zuten ahalegin ekonomikoa.

Denis Itxasok komunikabideen aurrean eskaini duen hitzaldian onartu duenez, Unceta Parrokoa auzoa eta antzekoak “gure hirien eta eraiki zituzten langileen belaunaldien historiaren oso zati garrantzitsua dira. Gaur egun, gure konpromisoa da bizitza osoan hemen bizi izan direnek bertan duintasunez jarraitu ahal izatea, eraikinak igogailurik ez duelako edo arkitektura-oztopoak dituelako etxea utzi behar izan gabe”. Sailburuak gogorarazi duenez, Euskadik Europa hegoaldeko bizitegi-parkerik antzinakoenetako bat du, “eta horrek birgaitze-ahalegin handia egitera behartzen gaitu irisgarritasuna, energia-efizientzia eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, gure auzoen ondare-balioari uko egin gabe”. 

Itxasok azaldu duenez, “Unceta Parrokoa auzuneak erakusten du birgaitzeak erabat eralda ditzakeela duela hirurogeita hamar urte baino gehiago eraikitako eraikinak, ondare-balioari uko egin gabe”. Era berean, “inoiz izan ez diren lekuan igogailuak jartzea, etxebizitzen energia-portaera nabarmen hobetzea eta datozen urteetan egoiliarren mesederako izango den energia-komunitate partekatu bat sortzea lortu dugu”, gaineratu du. 

Bestalde, Yolanda Diezek gogorarazi duenez, “prezio eskuragarriko etxebizitzak eskaintzea bezain garrantzitsua da etxebizitza irisgarriak, energetikoki efizienteak, erosoak eta pertsona edo familia bakoitzaren beharretara egokituak eskaintzea. Etxebizitza duina eskuratzeko aukera bermatzeko, ez da nahikoa eskuragarri dauden etxebizitzen kopurua handitzea; horrez gain, dagoen etxebizitza-parkea zaindu, egokitu eta hobetu egin behar da, batez ere parke publikoa, pertsonen behar errealei erantzuten jarrai dezan”. 

Inguruaren irisgarritasunaren, energia-efizientziaren eta hiri-kalitatearen hobekuntza 

Inbertsioaren partida nagusia eraikinen birgaitze sakonera bideratu da, 4,67 milioi eurorekin. Horri Opengela hurbiltasun-bulegora, ingurunea berrurbanizatzera, autokontsumo partekaturako energia-komunitate bat sortzera, esparrua digitalizatzera eta paisaia hobetzeko etorkizuneko esku-hartzeetara bideratutako bitartekoak gehitu behar zaizkio. 

Eraikinetan egindako jarduketen artean, honako hauek aipa daitezke: kanpo-isolamendu termikoko sistema bat instalatzea harri-zuntz bidez, antzinako arotzeriak ordeztea, estalkietan eta behe-solairuetan isolamendua sendotzea, hamahiru atalondoetan igogailuak instalatzea eta arkitektura-oztopoak desagerraraztea.Era berean, linea elektrikoak lurperatu dira, ur-harguneak berritu dira, azpiegitura digital berriak zabaldu dira eta 67 kWp-koinstalazio fotovoltaiko bat gaitu da eraikinetako elementu komunen autokontsumorako. 

Itxasok aurreratu duenez, birgaitzea azken fasean sartu da orain.“Obrak ekainaren amaieran amaituko dira, eta udan, berriz, etxebizitzen erremate-lanak, doikuntza teknikoak eta barne-azterketak egingo dira, esku-hartzean sartutako instalazio guztiek behar bezala funtzionatzen dutela bermatzeko”. Ildo horretan, sailburuak jarduketaren konplexutasuna nabarmendu nahi izan du, eta, azpimarratu duenez, “bereziki nabarmena izan da irisgarritasunaren arloan”. Izan ere, igogailuak instalatzeko, jatorrizko eskailerak eraitsi behar izan dira, igogailu berriak eskailera horiek aurrez okupatutako espazioan instalatu behar izan dira, eta eskailera-atal berriak eraiki behar izan dira hamahiru atalondoetan; eta, hori guztia, eraikinen bizigarritasunari eutsiz obrek iraun duten aldian. 

Itxasoren hitzetan, “proiektuaren zailtasunik handienetako bat hain eraldaketa sakona bizilagunen eguneroko bizitza aldatu gabe egitea izan da. Orain egiazta dezakegu ahalegin horrek merezi izan duela eta Unceta Parrokoa erreferentzia izango dela Euskadiko hiri-berroneratzeko etorkizuneko jardueretarako”. 

Unceta Parrokoa: hainbat fasetan eraldatu beharreko bizitegi-multzo historikoa 

Unceta Parrokoa auzunea Bilboko etxebizitza sozialen multzorik adierazgarrienetako bat da. 1952tik 1956ra bitartean eraiki zen, Ricardo Bastida eta Emiliano Amann arkitektoen proiektuaren arabera, eta zortzi eraikinek, 52 atalondok, 528 etxebizitzak eta 96 merkataritza-lokalek osatzen dute. C mailako tokiko babeseko Intereseko Kultura Ondasun gisa katalogatuta dago Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean. 

Bilboko Udal Etxebizitzak Toki Erakunde Autonomoa multzoko elementuen % 62ren jabea da, eta, horri esker, eremu osoa pixkanaka berroneratzeko estrategia bultzatu ahal izan da.Eraikinek behe-solairua eta bost altuera dituzte, eta XX. mendearen erdialdeko etxebizitza sozialen tipologia bereizgarria dute. 2001etik 2008ra bitartean fatxadetan jardun bazen ere, multzoak bere antzinatasunaren ondoriozko gabezia handiak zituen oraindik, hala nola igogailurik eza, berokuntza-sistemarik eza edo egungo estandarretatik oso urrun zeuden energia-prestazioak. 

Beraz, orain azken txanpan sartu den esku-hartzea eremuaren eraldaketa integral horren lehen fasea da, eta Santutxu kaleko bloke nagusia du ardatz. Hala ere, helburua da erreferentzia izatea auzunearen gainerakoa pixkanaka berroneratzeko bidean jarraitzeko, esku-hartzearen etorkizuneko faseen bidez. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Yolanda Díez (Bilboko Udaleko Etxebizitza zinegotzia)