Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Pilar Unzalu: "ekonomia berde baterako bidea egiten laguntzen diguten neurriak ezin ditugu gehiago atzeratu”

2012.eko ekainak 18

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Pilar Unzaluk, gobernuen, gizartearen eta enpresen arteko ekimenak bateratzearen alde egin du “karbono isuri gutxiko eta justuagoa den ekonomia garapen eredu berri baterako bilakaera” lankidetzan egin ahal izateko.

Patxi Lopez lehendakarikide den The Climate Group taldean parte hartu du Pilar Unzaluk, zeinetan hau azpimarratu duen, “jakin badakigu ez dagoela gauzak aldatzeko berehalako soluziorik emango digun zentzuzko formula magikorik baina ezin dugu eredu berri horretarako bidea egiten lagunduko diguten neurri zehatzak atzeratu”.

“Eta bide hori egiteko, inoiz baino gehiago, gobernuan ekimenak beharrezkoak dira, baina ez da nahikoa. Ziur gaude legedia aldatu beharko dugula misio horrek arrakasta izatea nahi badugu, gizartea eta enpresak inplikatuz eta publiko-pribatuaren arteko harremana bultzatuz” gaineratu du sailburuak.

Zentzu horretan, Basque Ecodesign Center-en sorrerak suposatu duena azpimarratu nahi izan du. Horri esker, Euskadiko erreferentziazko 8 enpresek ekodiseinua bultzatuko dute eta ekoizpen saretik tira egiten saiatuko dira merkatu berriak irekitzeko eta ekoberrikuntza indartzeko.

Lantalde horrek egingo duen lanaren ardatza, besteak beste, kostuen analisia eta bizi iraupenaren metodologia berrienak ikertzea eta indarrean jartzea izango da, baita proiektu bateratuak sortu eta merkaturatzea eta ekodiseinuan adituak izango diren profesionalak trebatzea

Euskal Enpresaren Ekoefizientzia Programa ere azaldu du sailburuak, zeinetan bi urteren buruan, euren kabuz, 500 enpresa baino gehiagok izena eman duten eta ingurumen gaietan 12 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin duten.

“Garrantzitsuena zera da, enpresek barneratu dutela ingurumen faktorea eta horrek estatu zein nazioarteko merkatuetan lehiakortasuna handitzen diete. Are gehiago, lan egiteko modu horrek, ekoizpen garbirik gabe sartu ezin izango ziren merkatuetan ateak parez pare irekiko zaizkie” gaineratu du Pilar Unzaluk.

Sailburuak, ekonomia berdea etorkizuneko ekonomia dela defendatzeaz gain ekonomia, gizarte eta ingurumen esparruetan eredu aldaketa eta gizarte jasangarria baten aldeko Euskadiren konpromisoa azpimarratu du, eta horren adibide EcoEuskadi 2020 Garapen Jasangarrirako Estrategia da.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak aurkeztutako proposamenen balorazio ona egin du The Climate Group-ek eta Euskadik ekonomia berde baten inguruan egindako proposamenak erreferente direnez, horietan sakontze nahia adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Unzalu