Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak biktimen “posizio morala” azpimarratu du Hipercor-eko atentatuaren urteurrenean

2012.eko ekainak 19

Patxi Lópezek gaur arratsaldean Bartzelonako Hipercor merkataritza-guneko sarraskiko biktimen omenaldian parte hartu du. Ezbehar horretan 21 pertsona hil ziren, lau ume, besteak beste, 1987ko ekainaren 19an, eta gertakizun horren XXV. urteurrena izan da gaur. Terrorismoaren biktimen omenez jarri zen monumentuan egin den ekitaldian izan da Jesús Loza, Bizikidetzarako komisionatua, eta Rodolfo Ares, Herrizaingo sailburua. Han izan diren agintaritza guztien esku-hartzeen ostean, lore-eskaintza bat egin da.

Lehendakariak bere hitzaldiaren hasieran Eduardo Puelles polizia inspektorea aipatu du, ETAk hil zuen duela hiru urte, Euskadin hildakoak eragin zituen azken atentatuan.

Ondoren, Patxi Lópezek biktimen senideen garrantzia azpimarratu du: “erreferente moral bat izan zarete, ahanzturaren kontrako erresistentzia bat, eta gizarte-eredu demokratiko baten defentsa. Eskerrak eman nahi dizkizuet hilketa terroristen aurrean izan duzuen jarrera moralagatik. ETA garaitu dugu: zuen garaipena izan da”.

Azkenik, lehendakariak “indarkeriarik gabeko garai berri honetan gidatu behar gaituzten hiru oinarriak” aipatu ditu, “egia, justizia eta demokrazia”, alegia.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)