Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Altza, Donostialdeko Metro sarearen parte izatetik hurbilago

2012.eko ekainak 18

Patxi López Lehendakariak Herrera-Altza zatiaren lehen harria jarri du gaur

Altza, behin betiko Donostialdeko Metro sarearen parte izatetik hurbilago dago, Herrera-Altza zatiaren lehen harria jarri ondoren. Ekitaldian Patxi López Lehendakariak hartu du parte. Lehendakariak aurreratu duenez, aurreikusiriko epeak betetzen badira, Altza 2015ean igoko da metrora.

Ekitaldian Iñaki Arriolak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak ere hartu du parte, eta Larratxoko pasealekuko biribilgunean burutu da, Altzako anbulatorioaren aurrean. Izan ere, inguru horietan egongo da metroak bertan izango duen geltokira sartzeko ahoetako bat.

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako hiriburuko auzo jendetsu horretako biztanleen aspaldiko eskariari erantzun dio. Hau da, hiriburuaren erdialdearekin eta Gipuzkoako beste eskualde batzuekin tren bidezko lotura izatea.

Une honetan autobusa da Altzan bizi diren hiritarrei zerbitzua eskaintzen dien garraio publiko bakarra. Etorkizunean, Metroa-autobusa intermodaltasunak, Altzara heltzen diren eta Altzatik beste toki batzuetara doazen pertsona guztien mugikortasuna erraztuko du. 

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak Altzarekin eta bertako biztanleekin duen konpromisoa ez da obra horien hasierarekin eta burutzapenarekin amaituko. Izan ere, denbora gutxi barru, Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda zatiaren eraikuntza proiektuaren lizitaziorako izapideak hasiko dira. Zati horrek ekialderantz luzatuko du saihesbide berria.

Donostialdeko metroa Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko eta finantzaturiko ekimena da, eta pauso irmoz ari da bere bidea egiten:

  • Proiektuaren ehuneko 25 burutzapen fasean dago jada.
  • Intxaurrondon eta Herreran geltoki berriak izango dituen Loiola-Herrera trenbide saihesbidea urrian hasiko da zerbitzua eskaintzen.
  • Duela hilabetetik Lasarte-Errekalde-Añorga bikoizketa erabat funtzionatzen ari da, eta duela hamabost hilabete Fanderia-Oiartzun zatia inauguratu zen.
  • Jaurlaritza Lugaritz-Erdialdea Kontxa eta Erdialdea Kontxa-Anoeta zatien eraikuntza proiektuak amaitzen ari da, denbora gutxi barru obren lizitazioa eta esleipena egiteko.
  • Datozen asteetan argi berdea emango zaio Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda zatiaren eraikuntza proiektuaren idazketaren lizitazioari. Zati horrek jarraipena emango dio Herrera-Altza zatiari.
  • Burutzen ari diren Arasoko Kotxetegi eta Tailer berriek, hiritarrei zerbitzurik hoberena eskaintzeko beharrezkoak diren azpiegiturak emango dizkio Metroari.

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak bultzaturiko aurrekaririk gabeko trenbide operazio horrek, lau geltoki berri aurreikusten ditu Donostia erdialdean (Bentaberri-Unibertsitatea, Matia-Antiguo, Erdialdea-Kontxa eta Easo), eta, horrez gain, baita Intxaurrondon, Altzan edo Loiolako Erriberetan ere. Gainera, azpiegitura berriak izango ditu Lasarte Orian, Errenterian, Irunen, Aireportuan eta Hondarribian.

EuskoTrenen unitate berriek 7,5 minutuz behingo maiztasunarekin zirkulatuko dute. Horrela, zerbitzuan dauden zati berriekin (Fanderia-Oiartzun eta Lasarte-Errekalde-Añorga) bidaiariek denbora gutxiago behar dituzte bidaiak egiteko eta trazatu hobeagoetatik bidaiatzen dute.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                            

Donostialdeko metroak zerbitzu zuzena emango dio Gipuzkoako biztanleriaren %65ari. Aurreikuspenen arabera, 33 milioi bidaiarik erabiliko dute metroa urtean.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                            

Altza-Herrera

ETS erakunde publikoaren bitartez, duela denbora gutxi Sacyr-Febide-Cavosa-Mariezcurrena-Zubieder ABEE-UTE-ari esleitu zaion Herrera-Altza zatia eraikitzeko 31 hilabeteko epea egongo da, eta aurrekontua 34,5 milioi eurokoa izango da.

Herrera eta Altza arteko trazatu berria 1.040 metro izango da luze, eta danak tunel barruan joango dira. Trenbideko saihesbideari hasiera emateko, egungo Herrerako geltokiaren luzapen zuzena egingo da. Ondoren, kurba hartuko du eskuinaldera, N-1 errepide zaharraren eta Adif-en trenbidearen azpitik, eta gero beste kurba bat, ezkerraldera, Felix Iranzo pasealekuaren azpiko zuzengunean amaitzeko.

Puntu horretan egongo da geltoki berria, 28 metroko sakoneran. Bi atari eta sarrerako bi kanoi izango ditu. Kanoiek Larratxoko pasealekura eta Arriberrira emango dute.

Geltokiak alboetan izango ditu nasak. Nasa bakoitzak, geltokiko atariak jasoko dituzten bi mezzaninatara ematen duten bi eskailera izango ditu. Nasatara, beste igogailu baten bitartez kanpoaldearekin lotuko diren bi igogailuren bitartez ere heldu ahal izango da.

Horrela, Altzan bizi diren 21.500 pertsonak beraien etxeetatik 10 minutura edo gutxiagora izango dute Altzako geltokia. Horrez gain, metroaren eta udaleko autobusen (DBus) arteko loturak hobetu eta zabaldu egingo ditu azpiegitura berri horren prestazioak.

Horrela, geltokitik pixka bat urrunago dauden guneetan, Larratxo auzoan, adibidez, bizi diren pertsonek ere metrora hurbiltzeko aukera izango dute, Altzako geltokiarekin autobusez egongo den lotura zuzenaren bitartez.

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)