Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Dekretua, Euskadin 1960. eta 1978. urteen artean motibazio politikoko biolentziazko garaian gertatu ziren giza eskubideen urraketen ondoriozko sufrimendu bidegabeen biktimei aitortza eta aringarria ematekoa (2012-06-12(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko ekainak 12

Dekretua, arrazoi politikoetarko indarkeriaren testuinguruan biktimei aitortza eta ordain osoa emateko.

Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak 2011ko martxoaren 31n onartu zuen motibazio politikoko indarkeria-garaian, giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimei buruzko ez legezko proposamena. Aipatutako proposamen horretan, biktimok aintzat hartzea eta beren sufrimendua arintzeko neurriak eta ekintzak abiarazteko eskatu zion Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari.

Dekretua onetsita, Eusko Jaurlaritzak hauxe adierazten du:

- Biktima haiek sufritutako injustizia aitortzen duela.
- Orain arte erakundeek ahaztuta eduki dituztela, eta badela garaia hori aldatzeko.
- Sufrimendu hori goxatzen lagundu nahi duela gogoz, horretarako jarri dituen aringarrien bidez.

Biktima hauen eskubideak larri urratu ziren, zigor-ordainik gabe eta propio, asmo politikoz, 1960. eta 1978. urteen artean, gure Konstituzioa onartu aurreko demokrazia-aurreko garaian.

Gogora ekarri behar da, nola ez, gertakari haietako asko ez zirela ezta ikertu ere egin, eta ikertu zirenek ez zituztela izan behar besteko bermeak; ez legezkoak ez judizialak.

Urte hauetan guztietan jasan duten isiltasunak, beren sufrimendua okertu ez ezik, erakunde publikoetan konfiantza galtzea eragin die, baina ez soilik biktimei, baita beren senitarteko eta gainerako kaltetuei ere. Horregatik da beharrezkoa eta presazkoa konfiantza hori lehenbailehen lehengoratzea.

Dekretu honek ofizialki aintzatesten ditu biktima haiek eta jasanarazi zitzaien bidegabekeria, eta sekulako garrantzia du horrek, gertakari haietako askotan Estatuaren agenteak izan baitziren zuzenean tarteko.

Dekretu honetatik kanpo utzi ditugu, espresuki, ekintza biolentoak egiten ari zirela min hartutakoak edo hildakoak, bai eta heriotza edo lesioak ekintza biolento horiek saihesten edo ebitatzen ari zirenean jasan zituztenak ere.
Eusko Jaurlaritza sinetsita dago biktima horiei aintzateste publikoa egitea izango dela, balio moral sendo eta denentzako onargarritan oinarrituta egitekotan, denok egin dezakegun ekarpenik onenetakoa, euskal herritarrok desiratzen dugun etorkizun oparoa eraikitzeko, bakea eta elkarbizitza ona ekarriko dizkiguna.

Horixe izango da, halaber, indarkeriari zilegitasun guztia kentzeko jokabiderik onena, inork ez dezan, euskal gizartean, zigorrik izango ez duen ustean, indarkeria zuritu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan