Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Gomavial Solutions-ek irabazi du EAEko EmprendedorXXI Saria

2012.eko ekainak 15

 

Estatuko finala urrian ospatuko da Bartzelonan

 

Gomavial Solutions-ek irabazi du EAEko EmprendedorXXI Saria

 

  • - EAEko 43 enpresa aurkeztu dira La Caixak sustatuko eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak antolatutako Sari honen EmprendesXXI kategoriara.

 

  • - Irabazleak 5.000 euroko sari ekonomikoa jasoko du eta aukera izango du nazioarteko prestakuntzako eta "networking"eko esperientzietan parte hartzeko: hain zuzen, Cambridge Unibertsitateak ematen duen Ignite Fast Track ikastaroan eta Silicon Valley-rako zubi teknologiko batean.

 

  • - EmprendesXXI kategoriako autonomi mailako irabazlea automatikoki pasako da Estatu mailako fasera. Estatu mailako fase hori Bartzelonan izango da urrian eta 20.000 € irabazteko aukera egongo da.

 

 

Gomavial Solutions enpresak jaso du gaur EmprendeXXI Sariketako "Emprendes" kategoriako saria,  0 eta 2 urte bitarteko enpresentzat pentsatuta dagoena. Industria eta Energi sailburuorde Xabier Garmendiak eman die garaikurra enpresako sustatzaileei, Donostiako Aquariumean egin den ekitaldian. Han egon da baita ere José Manuel Bilbao, sariketa babesten duen La Caixaren EAEko delegatu orokorra.

 

Gomavial Donostian kokatutako enpresa bat da, balio handiko produktuak diseinatu, garatu, fabrikatu eta merkaturatzen dituena, eta erabiltzen ez diren pneumatikoak dira produktu horien lehengaiak. Beren helburua da polimeroz fabrikaturiko soluzioak eskaintzea, pneumatikoen osagai teknologikoak ahalik eta gehien aprobetxatuz. Pneumatikoak deseraikitzen dituzte pneumatikoaren geruzak berreskuratzeko, eta berek patentatutako teknologia bat erabiltzen dute horretarako.  Behin geruza horiek edo goi mailako teknologiako polimeroak berreskuratutakoan, elementu lauak birfabrikatzen eta merkaturatzen dituzte, aplikazioak izan ditzaketenak hainbat sektoretan, hala nola trenbideetan, ingeniaritza zibilean, metalmekanikan edo ingurumenean.

 

Irabazleak 5.000 euroko sari ekonomikoa jasoko du eta aukera izango du nazioarteko prestakuntzako eta "networking"eko esperientzietan parte hartzeko: hain zuzen, Cambridge Unibertsitateak ematen duen Ignite Fast Track ikastaroan eta Silicon Valley-rako zubi teknologiko batean, non lehen eskutik ezagutuko baititu mundu mailan liderrak diren enpresa berritzaileak. Gainera, Estatu mailako fasean lehiatuko da eta 20.000€ irabazteko aukera izango du.

 

Gainerako enpresa finalistak Graphenea, IMG Pharma Biotech, Kiro Robotics eta Wattiocorp izan dira. 2012ko edizioan %38,7 hazi da Euskadiko hautagai kopurua, eta horrek argi erakusten du lehiaketa honek indarra hartu duela. 43 enpresetatik 26 Bizkaikoak izan dira, 12 Gipuzkoak eta 5 Arabakoak. Enpresa parte-hartzaileen jarduera sektoreei dagokienez, aipatzekoa da %48,8 informazio teknologietakoak izan direla eta %30,2 industriakoak. Enpresa hauen salmenten batez besteko zenbatekoa 2.047.586 eurokoa izan zen 2011n.

 

Hala, Euskadiko 43 enpresa aurkeztu dira Emprendedor XXI Sariaren seigarren ediziora.  Eusko Jaurlaritzak antolatzen du "La Caixa" Fundazioak sustatzen duen eta ENISArekin (Empresa Nacional de Innovación S.A.) batera ematen duen sari hau, eta bere helburua da hazkunde potentzialik handiena duten Espainiako enpresa sortu berri eta berritzaileak identifikatzea, aitortzea eta sustatzea.

 

Xabier Garmendia, Industria eta Energiako sailburuordea eta Jose Manuel Bilbao, La Caixako delegatu orokorra izan dira ekitaldiaren buru, eta Groupalia-ko Espainiako Contry Manager den Guillermo Llibre-k "El caso Groupalia; ruta hacia el crecimiento" hitzaldia eman du.

crecesXXI

 

Bestalde, 2-7 urteko 18 euskal enpresak parte hartu dute EmprendedorXXI Sariaren crecesXXI kategorian, eta Estatu mailako deialdi bakar bat egin da kategoria horretarako. Urrian jakinaraziko dira irabazleen izenak.

 

Kategoria hau hazkunde potentzial handiko enpresa berritzaileentzat da, eta baloraziorako irizpidetzat hartuko dira orain arte lortutako emaitzen garrantzia, enpresaren hazkunde planaren irismena eta sendotasuna eta baita ere plana gauzatzeko gaitasuna.

 

25 finalista aukeratuko dira hautagai guztien artean, eta finalista horiei beka bat emango zaie Executive Growth Program (ESADE eta IESE erakundeek ad hoc diseinatutako ikastaroa) delakoan parte har dezaten.

 

Kategoria honetako irabazleak 100.000€ jasoko ditu, bigarren sailkatuak 40.000€ eta hirugarren sailkatuak 25.000€.

 

Inpaktu soziala eta berrikuntza teknologikoa saritzeko accesitak.

Garaikur horiez gain, EmprendedorXXI Sariak hainbat accesit ematen ditu. Finalistetako bat "Israel StartUp Nation" (iSUN) nazioarteko ekimenaren enbaxadore izendatua izango da. Accesit horrekin, Israelgo enbaxadak aitortza egingo dio berrikuntza teknologiko handiena erakutsi duen hautagaiari. Saria da Tel Aviv-eko Yafo Zentro Akademikoak Israelgo Kanpo Gaietarako Ministerioarekin lankidetzan antolatutako prestakuntza programa bat.

 

Accesit honen irabazlea EmprendesXXI kategoriako autonomi mailako 17 irabazleen artean aukeratuko da, eta Tel Aviv-era joango da Europako beste herrialde batzuetako antzeko lehiaketetako beste irabazle batzuekin batera.

 

Bestalde, La Caixaren Gizarte-ekintzak bi accesit emango ditu, bata 25.000 eurokoa eta bestea 5.000 eurokoa, gizartean inpaktu positiboa sortu duten eta arazo sozial batentzako konponbide errentagarri eta iraunkorrak aurkitu dituzten enpresa berritzaileak saritzeko. Irabazleetako bat EmprendesXXI kategoriako autonomi mailako 17 irabazleen artean aukeratuko da, eta bestea, crecesXXI kategoriako 25 finalisten artean.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan