Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak adierazi du euskararen etorkizunak kohesio soziala, aliantza berriak eta adostasun zabalak behar dituela

2026-05-28
  • Imanol Pradalesek euskararen erabilera soziala zabaltzearen aldeko apustua egin du, erakundeen, enpresen, hezkuntzaren, kulturaren eta gizarte zibilaren arteko aliantza berrien bidez
  • Imanol Pradalesek euskararen erabilera soziala zabaltzearen aldeko apustua egin du, erakundeen, enpresen, hezkuntzaren, kulturaren eta gizarte zibilaren arteko aliantza berrien bidez Jauzia Gara proposamen partekatuaren bitartez

Imanol Pradales Lehendakaria Euskararen Aholku Batzordearen bileraren buru izan da gaur arratsaldean, Ibone Bengoetxea lehenengo lehendakariorde eta Hizkuntza eta Politikako sailburuarekin batera.  Bilkuran, euskararen biziberritze prozesuaren egungo erronkak eta datozen urteetako norabide nagusiak izan dira hizpide.

Lehendakariak adierazi du euskararen biziberritzeak aurrerapauso handiak eman dituela azken hamarkadetan, baina egungo gizarte eraldaketek erronka berriak ere ekarri dituztela. Era berean, gogorarazi du gaur egun inoiz baino pertsona gehiagok dakiela euskara, baina erronka nagusia erabileran dagoela, eta horrek erantzun berriak eskatzen dituela.

Testuinguru horretan, azaldu du Jauzia Gara ekimena euskararen biziberritzeak behar duen paradigma gaurkotua elkarrekin eraikitzeko markoa dela, eta azken urtebetean hainbat ekimen eta prozesuren bidez bide berriak urratzen ari dela.

Ildo horretan, nabarmendu du mugimendua martxan dagoela eta hurrengo urratsa hori zabaltzea dela: euskararen erabilera handitzea, komunitatea indartzea eta euskararekiko lotura berriak sortzea. Horretarako, Jauzia Garak hiru norabide osagarri planteatzen ditu. Lehenik, politika publikoak eguneratu eta gaur egungo errealitateetara egokitzea; testuinguru horretan kokatu ditu migrazioari, aniztasunari eta gizartearen eraldaketei lotutako erronkak, eta kohesio soziala indartzeko beharra. Bigarrenik, euskararen erabilera naturala ahalbidetuko duten baldintzak eta aliantzak indartzea, erakundeen, enpresen, hezkuntza komunitatearen, kultur eragileen eta gizartearen arteko lankidetza berriak aktibatuz. Eta hirugarrenik, euskararekiko lotura emozionalak sendotzea, hizkuntzarekiko motibazioa, atxikimendua eta komunitate sentimendua indartuz.

Lehendakariak euskalgintzaren, enpresen, hezkuntzaren, kultura-eragileen, tokiko erakundeen eta gizarte-mugimenduen arteko sareak eta lankidetza-espazioak aktibatzen jarraitzeko beharra defendatu du, hizkuntzaren erabilera soziala bultzatzeko. Esparru horretan, hainbat ekimen eta komunitate- eta lankidetza-gune berri kokatu ditu, Eusko Jaurlaritza hainbat eragilerekin batera sustatzen ari dena. Adierazi duenez, euskararen erabileran egingo den jauzia bereziki lan-eremuan, aisialdian, ingurune digitaletan, udalerrietan eta eguneroko harremanetan jokatuko da.

Imanol Pradalesek euskararekin lotura emozional berriak eraikitzearen garrantzia azpimarratu du, euskararen prestigioa indartuz eta gero eta pertsona gehiagok tresna hurbil, natural eta desiragarritzat hartzeko baldintzak sortuz. Testuinguru horretan, Euskararen Ahotsak bezalako entzute-prozesuen balioa nabarmendu du, herritarrek hizkuntzari buruz dituzten pertzepzioak, jarrerak eta esperientziak ulertzera bideratuak. Era berean, Euskararen III. Mundu Biltzarra euskararen etorkizunari buruzko elkarrizketa zabal eta partekatu bat irekitzeko hurrengo mugarri nagusietako bat izango dela adierazi du, nazioarteko begiradarekin baina Euskadiren erronkei eta aukerei lotuta.

Azkenik, Lehendakariak erantzunkidetasun kolektiboa eskatu du, euskara biziberritzeko bultzada berri bat emateko. Eusko Jaurlaritzaren helburua adostasun zabaletatik aurrera egitea dela ziurtatu du, entzuteko eta etengabe hobetzeko borondatearekin, eta euskararen etorkizuna erakundeen, eragile sozialen eta herritarren artean bakarrik eraiki ahal izango dela defendatu du.

Euskararen Aholku Batzordea

Euskararen Aholku Batzordea euskararen inguruko aholkularitza, hausnarketa eta proposamenetarako organoa da. Bere helburua da euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan orientazioa ematea eta administrazioaren zein gizartearen arteko elkarlana sustatzea.

Euskararen Aholku Batzordea administrazio publikoetako ordezkariek, hezkuntza eta hizkuntza politikako arduradunek, euskalgintzako ordezkariek eta hainbat esparrutako adituk osatzen dute. Bertan parte hartzen dute, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, foru aldundiek, EUDELek, UEMAk, Euskaltzaindiak, Legebiltzarrak proposatutako kideek eta hizkuntza, hezkuntza, kultura, gizarte eta eremu sozioekonomikoko adituek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
Ekitaldiko kargudunak