Berriak Herrizaingoa
Eu

Prestakuntzako ikastaro espezializatua egingo dute Arkauten, ''Sexu esplotaziorako helburuarekin emakumeak salerostea'' gaitzat hartuta

2012.eko ekainak 14

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak antolatu du

Datorren asteartean, ekainaren 19an, ''Sexu esplotaziorako helburuarekin emakumeak salerostea'' gaiari buruzko jardunaldia egingo dute Euskal Herriko Polizia Ikastegian, Arkauteko egoitzan, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarekin elkarlanean antolatutakoa. Jardunaldiaren xedea ertzainen eta udaltzainen prestakuntzan sakontzea da, baina jardunaldia zabalik dago berdintasunaren, genero indarkeriaren edota giza eskubideen arloan lan egiten duten GKE eta erakunde ofizialetako langileei zein partikularrei. Jardunaldian, bidenabar, Sexu esplotaziorako helburuarekin emakumeak salerostearen aurrean Udaltzaingoek jarduteko gida argitalpena aurkeztuko da; pertsonak sexu esplotaziorako salerostearen aurkako esku-hartzean agenteei jarduteko jarraibide egokiak eta informazioa emateko lanabesa da aipatutako gida. Horrez gain, horrelako indarkeriaren biktimen egoera jasotzen duen Voces dokumentala proiektatuko da, Mabel Lozano aktoreak ekoitzi duena.

Jardunaldian, sexu esplotazioaren biktima diren emakumeek pairatzen duten indarkeria egora larriaren aurka borroka egiteko EAEn prestatu eta martxan jarri diren kolaborazio protokoloak azalduko ditu Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak. Ekintza koordinatuko eta diziplina anitzeko eredua da, eta, eredu horretan, hainbat erakundek parte hartzen dute, besteak beste: EAEko Fiskaltza Nagusiak, Epailetzak, Herrizaingo Sailak, Polizia Nazionalak atzerritartasun-arloan daukan erantzukizunetik, eta egoera horren biktima diren emakumeekin lan egiten duten Gobernuz Kanpoko Erakundeek.

Jardunaldiaren asmoa gogoeta eremua sortzea da, honi buruz aritzeko: genero rolek, indarkeriak, prostituzioak eta giza eskubideek dauzkaten ondorioak emakumeen salerosketan. Jardunaldiaren xedeak hauek dira: hain larria den indarkeria matxista mota honen ezaugarriei buruzko informazioa ematea eta delituaren eta kaltetutako emakumeen errealitatea erakustea; horrez gain, biktimak izan daitezkeenak aurkitzeko ezagutzak eta adierazleak ematea; horien eskubideak eta eskubide horiek zaintzeko erak aztertzea; eta, azkenik, EAEko beste zerbitzu publiko batzuekiko lankidetza-mekanismoen berri ematea parte-hartzaileei.

Jardunaldiaren edukiak

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendaria den Mariola Serranok irekiko du jardunaldia; erakunde aurkezpena egingo du, eta emakumeen salerosketaren aurkako borrokaren helburuak eta ibilbidea EAEn azalduko ditu. Inaugurazio hitzaldia Madrilgo Atzerritartasun arloko Salari atxikitako fiskala den Patricia Fernández-ek emango du. Bere hitzaldiaren oinarria hau izango da: sexu esplotaziorako salerosketaren aurkako borrokaren estrategiak, ezaugarriak eta araudia. Ondoren, Mabel Lozano-k hitz egingo du. Voces dokumentalaren gidoigilea, ekoizlea eta zuzendaria da Mabel Lozano. Dokumental horrek protagonismoa ematen dio biktimen hitzari. Horrez gain, Escúchame bideoa ere aurkeztuko du.

Jarraian, José Nieto-k hartuko du hitza. Polizia Kidego Nazionaleko Immigrazio Ilegaleko Sareen kontrako Unitateko Inteligentzia eta Arrisku Azterketen Zetroko arduraduna da José Nieto. Amaitzeko, Juan Carlos Iglesias-ek, Krimen Gaietarako Ertzaintzaren Alorreko Burutzari atxikitako komisariondokoak, EAEko koordinazio-prozedurak eta Ertzaintzaren jarduera azalduko ditu kriminalitate arlo horretan.

Sexu esplotaziorako helburuarekin emakumeak salerosteari buruzko gida zabaltzea

Jardunaldian, bidenabar, Sexu esplotaziorako helburuarekin emakumeak salerostearen aurrean Udaltzaingoek jarduteko gida argitalpena aurkeztuko da; pertsonak sexu esplotaziorako salerostearen aurrean esku-hartzeko agenteei jarraibide egokiak eta informazioa emateko lanabesa da aipatutako gida. Horrez gain, gida horretan honi buruzko informazioa emango da: biktimak izan daitezkeenak aurkitu eta identifikatzea, jarduera prozedurak, eman behar diren babes neurriak eta emakume horiek dituzten eskubideak. Hori guztia, salerosketaren biktima guztiek babes, arreta eta tratamendu egokiak jaso ditzaten, eta onera egiteko aukera eta beharrezko denbora izan dezaten.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko