Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak Etxean Ondo proiektua ezartzea erabaki dute

2012.eko ekainak 14

Laguntza behar duten pertsonei (adinekoei eta desgaituei) etxean eta egoitzetan arreta emateko Etxean ondo esperientzia pilotua Araban ezarriko da. Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta andreak eta Arabako Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuetako diputatu Marta Alaña andreak lankidetza-protokoloa sinatu zuten atzo eta, horri esker, Añanako Kuadrillako udalerrietako 150 etxetan eta Gasteizko eguneko zentroetan abiaraziko dute programa.

Etxean Ondo proiektua iazko irailean jarri zen martxan Gipuzkoako bost udalerritan, eta laguntza behar duten pertsonek (adinekoek edo mendetasunen bat dutenek) etxean bizitzen jarrai dezaten lortzeko jomuga du, edo egoitzaren batera bizitzera joan behar badute, egoitza hori betitik bizi izan diren ingurunearen ahalik eta antzekoena izan dadin.

"Etxean Ondo proiektua inoren laguntza behar duten eta desgaitasunen bat duten pertsonen arretaren arloan erreferentzia bihurtzea nahi dugu", nabarmendu du Zabaleta sailburuak. Hori horrela izanik, "ereduaren ardatz pertsonak dira, arreta pertsonalizatuan oinarritzen da eta pertsona bakoitzaren premiak betetzea du xede. Adinekoek etxean bizi nahi dute, duintasunez zainduak izatea eta kalitate-maila handiarekin. Orain, osasun-arloko eta gizarte-arloko erantzunak bateratu egingo ditugu; bi arloen arabera zehaztuko da pertsona baten bizi-historia eta aurreko etaparekin hausturarik izan gabe artatuko da".

Bestalde, Marta Alaña diputatuak esan duenez, "protolokoa sinatzea beste aurrerapausu bat da Arabako Foru Aldundiak pertsonarengan oinarritutako ereduaren alde hasitako estrategian, pertsona horien autonomia sustatzen laguntzeko eta mendekotasunen kasuei beren ohiko inguru sozialean eta beren etxeetan arreta emateko". Gizarte Zerbitzuen foru arduradunak gaineratu du "sistema guztien prestazioak uztartu behar direla eta beren etxeetan geratzeko adineko pertsona gehienek duten lehentasunari erantzuna eman behar zaiola".

Gaur egun, EAEko bost biztanletik batek 65 urte baino gehiago ditu, eta aurreikuspen demografikoen arabera, bizi-luzetasunak gora egingo du; horrela, gaur egun 40-50 urte dituzten pertsonen % 75 90 urte izatera iritsiko da segur aski. Azterlan guztiek jasotzen dutenez, pertsona gehienek nahiago dute beren etxean zahartu, eta hori ezinezkoa bada, etxean egongo balira bezala bizi nahi lukete zahartzean.

Etxean Ondo planaren bitartez adineko pertsonei, desgaituei eta mendetasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko EAEko ereduaren oinarriak ezarriko dira. Proiektuak bi esparrutan esku hartzen du: etxean eta egoitzan. Etxe-esparruari dagokionez, zailtasun handiak dituzten pertsonak etxean gera daitezen lortzea du xede. Horretarako, gizarte-langile batek, pertsona eta familia bakoitzaren erreferentziazko profesional gisa, kasu bakoitzaren lagun-egite pertsonalizatua eta etengabea gauzatzeko eta zerbitzu eta prestazio guztiak koordinatzeko ardura izango du.

Etxez etxeko arretaz gain, Etxean ondo zerbitzuak bestelako zerbitzuak ematea ere jasotzen du, esate baterako, telelaguntza aurreratua edota etxetik gertuko zerbitzuak (otorduak eta arropa-garbiketa, ile-apainketa, podologia, fisioterapia, lagun-egitea, arreta-zerbitzuetara joateko garraioa eta jarduera soziokulturalak).

Bestalde, eguneko zentroetan ingurune fisikoak berrantolatuko dira eta etxeko ekipamenduak sartuko dituzte; espazioak berriz apaindu eta berrantolatu egingo dira, etxe baten antzeko inguruneak sortzeko. Bestela esateko, egoitzako zenbait toki pisu antzeko bilakatu dira, eta zentroan sartu baino lehen etxean zuten bizimoduaren antzekoa izan dezakete adinekoek toki horietan.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)