Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak Euskadi Europako elikadura-berrikuntzaren erreferente gisa kokatu du eta nekazaritza eta elikadura industriaren aliantza estrategikoa indartu du Food 4 Future 2026 ekitaldian

2026-05-27
  • Imanol Pradales Lehendakaria eta Amaia Barredo sailburua euskal elikadura-kateko CEOekin elkartu dira BECen, sektorearen egoera geopolitiko, industrial eta teknologiko berria aztertzeko
  • Eusko Jaurlaritzak elikadurari eta lehen sektoreari aplikatutako adimen artifizialarekin, jasangarritasunarekin, digitalizazioarekin eta trantsizio energetikoarekin lotutako proiektuak aurkeztu ditu Food 4 Future azokan

Imanol Pradales Lehendakariak, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-n (BEC) egiten ari den Food 4 Future World Summit 2026 azokaren barruan, euskal elikadura industriako ia hogeita hamar CEO eta ordezkarirekin topaketa estrategikoa zuzendu du, sektoreak bizi duen nazioarteko testuingurua aztertzeko eta Euskadik elikaduran, industrian eta berrikuntzan etorkizunera begira dituen erronkei buruzko ikuspegi partekatua indartzeko.

Saioa Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarekin batera antolatu da, eta bertan euskal elikadura-kateko hainbat eremutako ordezkariek parte hartu dute, hala nola; ekoizpena, eraldaketa, arrantza, banaketa, ostalaritza, retail-a, logistika, berrikuntza edo teknologia, erakundeen eta enpresen arteko zuzeneko elkarrizketa sustatzeko diseinatutako mahai-inguru formatuan.

Lehendakariak azpimarratu du Euskadik une erabakigarria duela bere etorkizuna prestatzeko, Europa bultzatzen ari den eraldaketen ildotik, eta etorkizuneko elikadura iraunkortasunean eta berrikuntzan oinarritu behar dela defendatu du. Ildo horretan, adierazi du elikadura-sistemaren eraldaketari modu inklusiboan heldu behar zaiola, eta bermatu behar dela balio-kateko katebegi bakar bat ere ez dela atzean geratuko, ekoizpen primariotik hasi eta kontsumora arte. Era berean, elikagai-eredu erresilientea, lehiakorra eta elikagai osasungarri, seguru eta kalitatezkoen hornidura bermatzeko gai izango dena eraikitzeko beharra nabarmendu du, aldi berean autonomia estrategikoa, enpleguaren sorrera eta Euskadiren nazioarteko posizionamendua indartuz. Helburu horretan aurrera egiteko, Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoak 2030era arte 2.600 milioi euroko inbertsioa mobilizatzea aurreikusten duela gogorarazi du, eta Ikerbat abian jarriko duela iragarri du, zentro teknologikoekin eta sektore pribatuarekin batera berrikuntza bultzatzeko ekimen berria.

Hiru ardatz nagusi

Topaketak hiru ardatz nagusi izan ditu: nazioarteko egoera geopolitikoak elikadura-kateetan eta industria-kostuetan duen eragina; Euskadiko elikadura-autosufizientzia eta ekoizpenaren erresilientzia indartzeko beharra; eta sektorearen lehentasun estrategiko nagusiak berrikuntza, digitalizazioa, jasangarritasuna, lehiakortasuna edo enpresa-dimentsioa bezalako esparruetan.

Elkarrizketan zehar, enpresek nazioarteko ziurgabetasun gero eta handiagoari, marjinen eta kostuen gaineko presioari, merkatuen eraldaketari eta gero eta konplexuagoak diren tentsio logistiko, energetiko eta komertzialek markatutako eszenatoki globalean lehiakortasuna galtzeko arriskuari buruzko kezka partekatu dute.

Era berean, Euskadik etorkizuneko ezegonkortasun-eszenatokiei erantzuteko duen gaitasun industrial eta teknologikoa indartzeko beharra nabarmendu da, hornidura-kate sendoagoak sendotzeko eta berrikuntza eta digitalizazioa elikadura-balio kate osoan bizkortzeko.

“Topaketak egunero erabakiak hartu behar dituzten enpresekin elkarrizketa oso zintzo eta erabilgarria izateko aukera eman du, konplexutasun eta ziurgabetasun handiko testuinguru batean”, nabarmendu du Amaia Barredo sailburuak.

“Geopolitikak, energiak, logistikak, kostuen gaineko presioak edo azelerazio teknologikoak zuzenean eragiten diote dagoeneko elikadura-sektorearen lehiakortasunari. Eta horregatik, hain zuzen ere, gure gaitasun industrialak, teknologikoak eta enpresarialak herri ikuspegi estrategiko batetik indartu behar ditugu”, adierazi du Barredok.

Eusko Jaurlaritzaren presentzia instituzionalak Food 4 Future 2026 azokan, gainera, elikadura-berrikuntzarekin, foodtech-arekin eta nekazaritza eta elikadura industriaren eraldaketarekin lotutako nazioarteko erakusleiho nagusietako batean parte-hartze aktiboa izan du.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, HAZI, NEIKER eta ELIKA erakundeekin batera, Euskadin sustatutako hainbat ekimen eta proiektu estrategiko erakutsi ditu, digitalizazioarekin, jasangarritasunarekin, adimen artifizialarekin eta trantsizio energetikoarekin lotuak, elikaduraren eta lehen sektorearen esparruetan aplikatuta.

Stand instituzionalak topagune gisa jarduten du enpresentzat, eragile teknologikoentzat, ikerketa-zentroentzat, inbertitzaileentzat eta nazioarteko ordezkarientzat, eta euskal elikadura-berrikuntzaren ekosistemarentzat harremanak eta lankidetza-aukerak sortzea errazten du.

Euskadiren presentziak Food 4 Future ekitaldian, halaber, euskal elikadura eta teknologia ekosistemako erakunde eta enpresen parte-hartzea ere barne hartzen du hainbat mahai-inguru eta hitzalditan, berrikuntzari, jasangarritasunari, digitalizazioari, automatizazio industrialari, packaging-ari, logistikari edo elikadura-sistemen eraldaketari buruz.

Food 4 Future ekitaldiko presentzia instituzionala Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren barruan kokatzen da, Euskadi Europako elikadura-berrikuntzaren erreferente gisa sendotzeko eta zientziarekin, teknologiarekin eta lurraldearen garapen ekonomikoarekin lotutako elikadura-eredu lehiakor eta jasangarria indartzeko helburuarekin.

Elikaduraren eta gastronomiaren sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoko BPGaren %10 baino gehiago ordezkatzen du, eta 133.000 enplegu baino gehiago sortzen ditu; horrela, Euskadiko industria eta kultura ardatz nagusietako bat da. 2020 eta 2024 artean, sektorearen balio erantsi gordina %30 hazi da, enpresa aktiboen kopurua %3,6 eta esportazioak %10 baino gehiago.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak