Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Gasteizko Energiaren Astea abian da

2012.eko ekainak 14

Jardunaldi teknikoak, hitzaldiak, ikastaroak eta erakusketak egiteaz gain, amaierako ikuskizun bat ere izango da ekainaren 22an 

 

  • Ekainaren18tik aurrera eta bost egunez jardunaldi teknikoak egingo dira Europa jauregian.
  • EEEk Alkateen Itunari buruzko jardunaldia antolatu du ekainaren 18rako, eta Euskadin ibilgailu elektrikoaren garapenaz jardunaldi monografiko bat ostiralerako, hilaren 22rako.
  • Ostiral gauean, hilak 22, aldi berean Donostia, Bilbo eta Gasteizen, ikuskizun bat izango da, herritarrek pedalei eragiteari esker argia edukiko duena.

 

Gasteizko Energiaren Astea datorren astelehenean, hilak 18, jarriko da martxan, eta bost egunez ekitaldi ugari egingo dira, herritarren artean energia zentzuz erabili beharra zabaltzeko helburuarekin. Egun horietan, energia eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien inguruko proiektu eta ekimenak ezagutaraziko dira Hala, jardunaldi teknikoak, ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak eta Euskadiko hiru hiriburuetan aldi berean egingo den ikuskizun bat antolatu dira.

Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, haren energia agentzia den Energiaren Euskal Erakundearen bidez, antolatutako Energia Astearen barruan jarduera eta ekitaldi ugari egingo dira; esate baterako, bost jardunaldi tekniko, bi ekologia gela, ibilgailu elektrikoei buruzko erakusketa bat, gidatze ekonomikoaz ikastaroak eta Euskadiko hiru hiriburuetan aldi beran egingo den amaierako ikuskizuna, ekainaren 22an. Horretaz gain, Estándar Passivhaus eta Solar Dechathlon Europa izeneko erakusketak eta Izotz Kuboaren Apustua delako emankizuna ere antolatu dira Loma Jeneralaren plazan.

Energiaren Asteari ekiteko, Alkateen Itunari buruzko jardunaldi tekniko bat egingo da Europa Kongresuen jauregian. Aldi berean, Energiaren Egunen erakusketa inauguratuko da. EUDELek eta EEEk antolatutako jardunaldi horretan, Euskadin eta Europan Ituna garatzen ari diren zenbait agintarik hartuko dute parte. Alkateen Ituna Europar Batzordearen ekimen bat da, eta Euskadin Energiaren Euskal Erakundeak koordinatzen du. EAEn 14 herrik edo hirik hartzen dute parte ekimen horretan, eta modu bateratuan ahaleginak egiten ari dira energiaren kontsumoa eta emisioak %20 murrizteko 2020. urteari begira. Parte hartuko duten txostengileen artean, nabarmentzekoa da Gabor Nagy, Europar Batzordeko Energia Zuzendaritza Nagusiaren ordezkaria, Euskadin Itunaren inguruan egiten ari den lanaren iritzia emango duena.


Ekainaren 18an ere, Martxa Iraunkorra deritzon erakusketak zabalduko ditu ateak Gasteizko Espainia plazan, eta Zurekin Bai lema edo lelopean ibilgailu elektrikoak eta bizikletak erakustearekin bat, gune interaktiboak erabiltzeko aukera emango du. Hartara, etxeetan energiaren kontsumoaz, garraiobideez eta beste gai batzuez kontsultak egiteko parada izango dute bertaratuko direnek. Halaber, eta umeentzako jolasekin batera, erakusketaren harira, energia aldetik eredugarriak diren zenbait eraikinetara eta instalaziotara bisita gidatuak antolatuko dira. Gainera, Desioen Hodeiak izeneko espazioa izango da, herritarrek beren iritzia emateko lekua. Era berean, gidatze ekonomikoaz ikastaroak egiteko aukera izango da. Egin nahi izanez gero, www.energiarenegunak.com helbidean izena eman daiteke. Erakusketa ibiltaria izango denez gero, Gasteizen izan ondoren, Euskadin Alkateen Ituna sinatu duten 14 udalerrietatik pasako da hurrengo asteetan.

Europa jauregian egingo diren gainerako jardunaldi teknikoak hauexek dira: Solar Dechatlon Europa-la Villa Solar izenekoa, ekainaren 19an egingo dena, eguzkiaren beroaz irabazi garrantzitsuak lortzea ahalbidetzen duen eraikuntza pasiboaren gaia izango duena. Asteazkenean, hilak 20, Energia Eraginkortasuna eta Lehiakortasuna Eraikuntza Alorrean" izenburupeko jardunaldia egingo da. Ostegunean, berriz, "Energia Aldagaia Etxebizitzan" izena duen jardunaldia izango da. Azkenik, ekainaren 22an, garraio sistema iraunkorrerako mugikortasun elektrikoari buruzko jardunaldi monografikoa egingo da. Jardunaldi horren helburua da mugikortasun elektrikoa zabaltzea eta ezagutaraztea, oro har, eta alor horretan Gasteizko Udala garatzen ari den ekimen zehatzen berri ematea. Hala, Euskadin ibilgailu elektrikoaren inguruan izandako azken aurrerapenak aurkeztuko dira IBIL-IBILEKen eskutik, eta EVOLO Evolving Mobility, Hiriko eta Mercedes-Benz enpresetako ordezkarien presentzia izango da jardunaldian. Gainera, Evolo, Mercedes-Benz eta Ibilek enpresen ibilgailuak ikusgai izango dira, ibilgailu elektrikoa kargatzeko erakustaldi bat egingo da eta Ibileken car-sharing sistemaren erabilera azalduko da.

Energiaren Asteari edo egunei amaiera emateko, Euskadiko hiru hiriburuetan ikuskizun edo emanaldi berezi bat egingo da, energia aldetik etorkizun iraunkorra lortzeko, herritar guztien parte hartzearen garrantziaz eta beharraz ohartarazteko, euskal herritarrei era ludikoan bidali nahi zaien mezua, hain zuzen ere. Horretarako, "Argitu zure hiria" izenburua duen ikuskizunaren bidez, hiri bakoitzeko erakin berezi eta nabarmen bat argituko da, herritarren parte hartzeaz argitu ere, bizikleten pedalei eraginez, Bilboko Arriaga Antzokian, Donostiako San Telmo Museoan eta Gasteizko Udaletxean jarriko diren postuetatik. Gainera, azken hiriburu horretan, Green Capital 2012 izendapenaren harira, light painting emankizun bat izango da, musikaz eta argiz egindako figura bereziez osatutako ikuskizuna dena.


Gasteizko Mugikortasun Zentroa
Ibilgailu elektrikoa zabaltzeko eta ezagutarazteko jardueren artean, EEEk eta Gasteizko Udalak hiri horretan ibilgailu elektrikoa ezartzeko proiektu bat garatu dute. Hala, aurreikusita dago Gasteiz hirian, mugikortasun elektriko zentroa eraikitzea, ibilgailu mota horiek kargatzeko guneak instalatzea eta e-car sharing IBILEK izeneko enpresa eratzea. Horrek guztiak, zalantzarik gabe, Gasteiz ibilgailu elektrikoaren sustatzaile nagusienetakoa izatea ekarriko du.
Mugikortasun Zentroa Gasteizko ekialdean izango da, autobus geltokiaren ondoan, eta ibilgailu elektrikoa erakusteko eta haren berri emateko erabiliko da. Aldi berean, IBILEKen operazio basea ere izango da. Zentroak 350 m2-ko azalera hartu edo okupatuko du, eta hainbat zereginetarako erabiliko da, adibidez, ibilgailu elektrikoei buruzko erakusketa iraunkor bat edukitzeko, herritarrei probatzeko aukera emango diena, ibilgailu elektrikoak kargatzeko, IBILEKen base logistikoa izateko eta ibilgailu elektrikoak gidatzeko tekniketan prestakuntza gune izateko.


Zentroaren inaugurazio ofiziala eta martxan jartzea uztailaren lehen hamabostaldian izango dela espero da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • José Ignacio Hormaeche, EEEko kontseilari zuzendari nagusia