Berriak
Eu

Nitrato edukien jaitsiera orokorra eman da nitratoz kutsatzeko arrisku eremua den Gasteizko Lurpeko Ur Masan

2012.eko ekainak 13

Gure lehen sektorea nabarmen teknifikatu da azken hamarkadetan, eta bide batez, trantsizioa egin du eredu estentsibo batetik eredu intentsibo batera. Aldaketa horrek produktibitatearen igoera eta sektorearen garapen sozio-ekonomikoa ekarri ditu; hala ere, sektorearen efikazian eta eraginkortasunean eman den hobekuntza horrek ingurumenean aintzat hartu beharreko ondorioak izaten ari da, eta horien artean azpimarratu beharra dago lur gaineko eta lurrazpiko uren kutsadura lausoa.

Zehazki, laborantza intentsiboko guneetan erabiltzen diren ongarriek nitratoen metaketa handitzea dakarte, eta, ondorioz, lurpeko uren kalitatea galtzea eta baita lur gaineko urena ere.

Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Lurpeko Ur Masa hau nekazaritzatik datozen nitratoz kutsatzeko arriskua duten eremuen artean kokatua dauka, 91/676/CEE Zuzentaraua jarraituz.

Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzatik, Ekintza Plan bat abian jarri da arriskua duten gune horientzat. Plan horretan ongarritze nitrogenaturako irizpideak ezartzen dira, ez bakarrik kopuruei dagokionez, baita horiek erabiltzeko erari buruz edo ubideetatik hurbil dauden guneetan erabiltzeko dauden murrizketei buruz ere.

Uraren Euskal Agentzia-URAk 1998. urtez geroztik aurrera darama - EAEko ur masen egoera ekologikoaren jarraipena egiteko programaren barruan -nitratoz kutsatzeko arrisku eremua den Gasteizko Lurpeko Ur Masan honen lur gaineko eta lur azpiko uren egoeraren jarraipena. Lan horren helburu nagusia da uretan dagoen nitrato kontzentrazioa zehaztea eta, horrekin batera, aztertzea sortutako kutsadura lausoa murrizteko abian jarritako neurriek izan duten eragina.

2011 urtean nitratoz kutsatzeko arrisku eremua den Gasteizko lurpeko ur masa osatzen duten hiru eremuetan analisiak egin dira. Lortutako emaitzek adierazten dute nitrato pilaketan jaitsiera orokor bat egon dela aurreko urtekoekin alderatuz, eta sendotu egiten du azken urteetako beherako tendentzia, nahiz eta irregulartasunak egon

Nahiz eta aztertutako puntuek eremu osoan nitrogenatuko konposatuen jaitsiera jarraitua adierazi; mendebaldeko sektorean - orain esku artean duguna, eta arrisku eremuan sartzen azkena izan zena, 2009. urtean - nitrato presentzia eta aldakortasun nabarmena antzeman dira; horiek erlazio gehiago izan dezakete momentuko nitrato kutsadura foku batekin kutsadura lausoarekin baino.

Uraren Euskal Agentzia-URAk uste du nitrato pilaketan eman den jaitsiera jarraiturako joera hau erakundeek bultzatutako jardunbide egokietarako kodeen erabileraren hedapenari esker lortu dela, nekazarien artean harrera ona izan duena

Edonola ere Uraren Euskal Agentzia-URAk aurrera jarraituko du nitratoek eragindako kutsaduraren kontrolarekin eta hark lurraldeko ur masen egoera ekologikoan duen eraginaren jarraipenarekin. Helburua esaera ezagun hau jarraitzea da: hobe da arazoei aurre hartzea gero sendatzea baino.

Uraren Euskal Agentzia-URA erakunde publikoa da eta Eusko Jaurlaritzan ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari atxikita dago. Bere helburua EAEko ingurune hidrikoaren babestea da, eta ingurune honen parte diren ur masen egoera ekologikoa hobetzen jardutea. Horretarako, alde batetik, ingurune hidrikoari buruzko informazioa lortu, EAEko Uraren egoera diagnostikatu, eta uraren erabilpen zentzuduna planifikatu behar du. Bestetik, Ur jabari publikoa zaintzen du (jabariari kaltea ekidin, babestu, kontrolatu eta, behar izatekotan, isundu), gerta lekizkiokeen kalteetatik babestuz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko