Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Jaurlaritzak Etxean Ondo proiektua zabalduko du Araban eta Bizkaian, mendetasunen bat duten pertsonek etxean bizitzen jarrai dezaten

2012.eko ekainak 13

Hemendik gutxira, laguntza behar duten pertsonei (adinekoak eta mendekotasunen bat dutenak) etxean eta egoitzetan arreta emateko Etxean ondo esperientzia pilotua Arabara eta Bizkaira ere zabalduko da, 2011ko irailean abiarazi zen eta Gipuzkoako bost udalerritan gauzatu den lehen fasearen ondoren (erabiltzaileen ustez, oso gogobetegarria izan zen lehen fasea). Proiektua Eusko Jaurlaritzaren berrikuntza-politikaren barruan sartzen da. Zientzia eta Teknologia Planak gizarte-berrikuntza lan arlo gisa (teknologikoarekin eta ezaguerakoarekin batera) eta zahartzea lehentasuneko ildo gisa sartzen ditu bere jarduera guztietan.

Etxean ondo proiektuak laguntza behar duten pertsonek etxean bizitzen jarrai dezaten lortzeko jomuga du, edo egoitzaren batera bizitzera joan behar badute, egoitza hori betitik bizi izan diren ingurunearen ahalik eta antzekoena izan dadin. Guztira 387 pertsonak hartzen dute parte esperientzian (290ek, beren etxean, eta beste 97k berriz, egoitzetan eta eguneko zentroetan).

Mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko ikuspegi berriak aztertzeko xedez Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Matia Fundazioak Donostian antolaturiko jardunaldi batzuen esparruan, Gemma Zabaleta sailburuak osasun- eta gizarte-zerbitzuak txertatzen dituen ekimen aitzindari horren balantze positiboa egin du. "Etxean ondo pertsonengan oinarritutako eta pertsonaren bizi-kalitatearen eta ongizatearen esparru guztietan hobekuntzak lortzera zuzendutako eredu integrala dugu, betiere pertsonen duintasuna eta eskubideak, interesak eta lehentasunak erabat errespetatzetik abiatuta eta pertsonen parte-hartzea kontuan hartuta", nabarmendu du Zabaleta sailburuak.

EAEko bost biztanletik batek 65 urte baino gehiago ditu, eta aurreikuspen demografikoen arabera, bizi-luzetasunak gora egingo du; horrela, gaur egun 40-50 urte dituzten pertsonen % 75 90 urte izatera iritsiko da segur aski. Azterlan guztiek jasotzen dutenez, pertsona gehienek nahiago dute beren etxean zahartu, eta hori ezinezkoa bada, etxean egongo balira bezala bizi nahi lukete zahartzean. Sailburuaren aburuz, Etxean ondo plan pilotuak "adineko pertsonei, desgaituei eta mendetasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko EAEko ereduaren oinarriak ezarriko ditu".


Etxez etxeko arreta

Erreferentzia horretatik abiatuz, Etxean ondo proiektuak bi esparrutan hartzen du esku: etxe-esparruan eta egoitza-esparruan. Etxe-esparruari dagokionez, zailtasun handiak dituzten pertsonak etxean gera daitezen lortzeko jomuga du, eta adineko 290 pertsonak hartu dute parte bertan; horietako 78 bakarrik daude, eta gainerakoak, berriz, familiarekin. Adineko pertsona horietako 33k 90 urte edo gehiago dituzte. Kasu bakoitza aukeratzean, kontuan hartu dira pertsonaren egoera, ahaide zaintzaileen ezaugarriak eta beharrak, eta etxebizitza bakoitzaren irisgarritasun-premiak.

Esperientzia gauzatu den udalerri bakoitzean -Donostian, Irunen, Oiartzunen, Tolosan eta Zarautzen-, gizarte-langile batek, pertsona eta familia bakoitzaren erreferentziazko profesional gisa, kasu bakoitzaren lagun-egite pertsonalizatua eta etengabea gauzatzeko eta zerbitzu eta prestazio guztiak koordinatzeko ardura izan du. "Pertsona horiek horrelako zerbitzuarekin asebete daudela egiaztatu ahal izan dugu", berretsi du Zabaletak.

Etxez etxeko arretaz gain, Etxean ondo zerbitzuak bestelako zerbitzuak ematea ere jasotzen du, esate baterako, telelaguntza aurreratua edota etxetik gertuko zerbitzuak (otorduak eta arropa-garbiketa, ile-apainketa, podologia, fisioterapia, lagun-egitea, arreta-zerbitzuetara joateko garraioa eta jarduera soziokulturalak).


Egoitzan, etxean bezala

Bestalde, Donostiako egoitza batek eta eguneko bi zentrok -Julian Rezola, Lamorous-Zubiaurre eta Fraisoro zentro gerontologikoek- ere Etxean ondo esperientzian parte hartu dute, zehazki, egoitzen modalitatean. Arreta mota horri dagokionez, Zabaleta sailburuak honako hau adierazi du: "pertsonak aktiboagoak eta umore hobeagoarekin egotea faboratzen du horrelako arretak, eta baita egoitzetan sartu zirenean utzi zituzten eguneroko bizitzako hainbat jarduera berriz has ditzaten ere".

Esperientzia horretarako, ingurune fisikoak berrantolatu behar izan dira: etxeko ekipamendua txertatu da unitate bakoitzean, hala nola sukaldea edota etxetresna elektrikoak (besteak beste). Orobat, guneak berriz dekoratu eta antolatu dira, etxebizitzen antzeko inguruneak kopiatzeko asmoarekin. Hots, egoitzako zenbait toki pisu antzeko bilakatu dira, eta zentroan sartu baino lehen etxean zuten bizimoduaren antzekoa izan dezakete adinekoek toki horietan.

Esperientzia horretan narriadura kognitibo eta funtzionaleko hainbat gradu dituzten 97 pertsonak hartzen dute parte. Egoitzaren kasuan, bizikidetza-unitate deritzen guneetan gauzatu da esperientzia; 8-14 pertsonak osatzen dituzte bizikidetza-unitateak, eta bi zaintzaileren laguntza dute pertsona horiek.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan