Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Basque Ecodesign Centerrek ekonomia berdea bultzatzen du, 30 ekodiseinu proiekturekin eta 45 ete-ren inplikazioarekin

2012.eko ekainak 13

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailburu Pilar Unzaluk Basque Ecodesign Centerren Ideien Laborategia aurkeztu du gaur Bilbon; ekimen horren asmoa da ideia berritzaileen sorrera bultzatzea ingurumen-produktu eta -zerbitzu aurreratuen eremuan, horren bidez enpresa-aukera berriak detektatzeko ekodiseinuan eta ekoberrikuntzan.

Basque Ecodesign Centerren Ideien Laborategia irekita egongo da Zentroko bazkide diren enpresei eta euskal ekoizpen-ehuna osatzen duten enpresa guztiei, eta baita euskal gizarte osoari ere, orokorrean.

Ideien Laborategia Basque Ecodesign Centerren baitan sartzen da (BEdC); erakunde hori 2011ko azaroan eratu zen, zazpi bazkiderekin: Euskaltel, Gamesa, Iberdrola, Vicinay Cadenas, Fagor, Ormazabal, eta CIE Automotive, Eusko Jaurlaritzaren Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoarekin batera.

Eratu zenez geroztik, zentroak lan trinkoa egin du eta 30 proiektu abiatu ditu. Horietatik, 16 proiektu ekodiseinuaren eremuko proiektuak dira, zentroko enpresak beren negozio-eremuetan garatzen ari direnak; beste 14, berriz, Basque Ecodesign Centerreko bazkideen arteko kolaborazio-proiektuak dira. Proiektu horiek abiatzeari esker, 45 ETE erakarri ahal izan dira ekodiseinuaren eremurantz, zeren metodologia hori txertatu baitute beren ekoizpen-prozesuetan. 2012ko amaierari begira, helburua da trakzionatutako enpresak 80 izatera iristea.

Pilar Unzalu Sailburuaren hitzetan, "Basque Ecodesign Centerrek badu izateko arrazoi sendoa. Nazioarteko erakunde garrantzitsuenek hazkunde eredua aldatzearen aldeko apustua egin dute, datorren astetik aurrera Rio+20 Goi Bileran eztabaidatuko den bezala; bertan, ekonomia berdea izango da protagonista nagusietako bat. Hor txertatzen da, hain zuzen ere, EcoEuskadi 2020 Euskadiko Garapen Jasangarrirako Estrategia. Eta Basque Ecodesign Center estrategia horren zerbitzuan jarritako beste tresna bat da".

Pilar Unzaluk "lankidetza publiko-pribatuaren adibide on" bezala deskribatu du Basque Ecodesign Center; zehaztu du, halaber, Zentroaren aurrekontu-zuzkidura 1.190.000 eurokoa dela. "Gainera, finantziazio-bide berrietara iristeko ahaleginak abiatu dira jadanik, eta horrek bidea eman lezake beste milioi bat euro eskuratzeko, Europar Batasunaren programen bidez, hala nola, LIFE programaren bidez edo eco-innovation programaren bidez", azpimarratu du sailburuak.

Basque Ecodesign Centerrek aliantza estrategikoak eratu ditu gisa bereko beste erakunde batzuekin, hala nola, Suediako Produktuaren Bizi Zikloaren Azterketarako Zentroarekin (CPM), edo herrialde bereko Environdec erakundearekin (International EPD System), munduko erakunde aitortuena Produktuen Ingurumen Adierazpenen ziurtapenean.

Ideien Laborategia

Urkixo Zumarkalea, 36an kokatuta, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bulegoen ondoan, Ideien Laborategia Basque Ecodesign Centerren eta beraren jardunaren erreferentzia-puntu bihurtu da.

Ekimen honek ideia berritzaileen sorrera bultzatuko du oraingo koiunturak zentroko enpresei eta Euskadiko industria-ehuneko enpresei planteatzen dizkien erronkei erantzuten dieten ingurumen-produktu eta -zerbitzu aurreratuen diseinuan. Horretarako, antena teknologiko bezala eta lehia gainbegiratzeko espazio bezala funtzionatuko du, ingurumena errespetatzen duten teknologien erabilerarekin zerikusia duten joerak detektatu ahal izateko, ekodiseinuak munduan izandako azken aurrerapenak euskal enpresara ekartzeko xedez.

Urtero, ideien lehiaketa publiko bat antolatuko du ekodiseinuaren alorrean, pertsona eta enpresa guztiei irekita. Ideien laborategiak ideia horien inguruan lan egingo du, haien aplikagarritasuna eta bideragarritasun praktikoa aztertuz; era horretan, euskal gizarte osoaren jarrera ekintzailea sostengatu eta bultzatuko du.

Adituen batzordea

Ideien laborategiak adituen batzorde baten lankidetza eta aholkularitza izango ditu bere aldean. Beraren partaideak munduko ekodiseinuaren alorrean ospe aitortua duten izen handiko pertsonak izango dira, eta beraren koordinatzailea Joan Rieradevall, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) irakaslea. Batzorde horretan, hainbat erakundetako adituak arituko dira.

 

4 iruzkin
  • @qv_ecodesign
    2012.eko ekainak 15

    Comentario de Twitter:
    #ecodesign Gobierno Vasco Irekia :: Irekia - Irekia - http://t.co/dBIHkjp8 http://t.co/DynPuJ9p

  • @qv_ecodesign
    2012.eko ekainak 14

    Comentario de Twitter:
    #ecodesign Gobierno Vasco Irekia :: Irekia http://t.co/HPMtU52L

  • @Iragarri
    2012.eko ekainak 13

    Comentario de Twitter:
    Basque Ecodesign Center impulsa la Economía Verde con 30 proyectos de ecodiseño e implicación de 45 Pymes http://t.co/sVpmR4Zk via @Irekia

  • @qv_ecodesign
    2012.eko ekainak 13

    Comentario de Twitter:
    #ecodesign Gobierno Vasco Irekia :: Irekia http://t.co/DKRzc70h

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
  • INDICE_DOSSIER.docx 10 KB (application/vnd.openxmlformats-officedocument.wordprocessingml.document)
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Unzalu