Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Jaurlaritzak Portuen Lege proiektua onartu du

2012.eko ekainak 12

Gobernu Kontseiluak Euskadiko portuen lege proiektua onartu du. Euskadik euskal titulartasunpeko portuen eskumen esklusiboa du, horregatik modu integralean eta lege propio baten bitartez, zatikatuta eta sakabanatuta dagoen gaia arautzea erabaki du. 

Lege honek bost titulu ditu, xedapen gehigarri bat, lau xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen. 

Legearen xedea da: 

-Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko portuak zehaztea eta sailkatzea eta horien portu-jarduerako gune berezituak zehaztea. Portu horiek, lege honen ondorioetarako, euskal titulartasunpeko portu izendatuko dira. 

-Euskal Autonomia Erkidegoko Portu Administrazioaren egitura eta funtzionamendua ezartzea. 

-Euskal titulartasunpeko portuen plangintza-, ustiapen-, eraikuntza-, zabalkuntza-, berritze- eta mantentze-lanak arautzea. 

-Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen den portu-jabari publikoaren kudeaketa arautzea eta erabilera-araubidea ezartzea. 

-Euskal titulartasunpeko portuetan portu-zerbitzuak eskaintzeko araubidea zehaztea eta portuetarako sarbideak eta erabilera arautzea. 

-Arau-hausteen eta zehapenen araubidea ezartzea autonomia-erkidegoko portu-jabari publikorako, eta euskal portu-administrazioari dagozkion zaintza-, ikuskapen- eta kontrol-ahalak finkatzea. 

-Autonomia-erkidegoko portu-jabari publikoa erabiltzearen eta portu-zerbitzuak ematearen ondoriozko ekonomia- eta finantza-araubidea ezartzea. 

Legeak EAEren titulartasunpeko portuen sailkapena ere egiten du, kontuan hartuta bertan egiten diren jarduerak, ematen diren zerbitzuak eta dituzten gutxieneko instalazioak. Hortaz, ezarritako tipologiak honela sailkatzen ditu portuak:

-arrantza-portuak -bi mailatan banatuak-,

-aisialdirako azpiegitura nautikoak

-eta portu mistoak (azken horietan, batera egiten dira arrantza-jarduerak, aisialdiko jarduera nautikoak eta merkataritza jarduerak).

Onartu egingo da, halaber, itsas portu beraren esparruan arrantza-portua eta aisialdirako azpiegitura nautikoak egotea; izan ere, aurreikusita dago esparru berean portu-jarduera desberdinak egin ahal izango direla. 

Arrantza-portuak honela sailkatzen dira, eskaintzen dituzten gutxieneko zerbitzuen eta instalazioen arabera: 

a) 1. mailako edo lehentasunezko arrantza-portuak. 

Horrelako portuek zerbitzu eta instalazio hauek izango dituzte gutxienez: Arraina saltzeko lonja eta baskula, Kutxen biltegia, Izotz-fabrika, Tresnetarako biltegiak, 5 tona jasotzeko garabia, Erregai-hornidura, Sarrera mugatua, Kamioientzako sarbidea, Garbigunea (ontziak, pilak eta bateriak, olioa eta gai organikoak jasotzeko). 

b) 2. mailako arrantza-portuak 

1. mailako edo lehentasunezko portuetarako ezarritako zerbitzu eta instalazio guztiak ez dituztenak. 

Aisialdirako azpiegitura nautikoak honela sailkatzen dira: 

a) Kirol-portuak: berariaz horretarako eraikiak izanik, pantalanetan 200 amarraleku edo gehiago dituztenak. 

Kirol-portuek zerbitzu eta instalazio hauek izango dituzte gutxienez:Itsas Kapitaintza, Eguraldiari buruzko iragarpen-zerbitzua, Karenatzeko eta konpontzeko gunea duen eremu teknikoa, Konponketa-tailerrak, 5 tona jasotzeko garabia edo travel-lifta, Amarralekuen % 100 pantalanetara izatea, Ur- eta elektrizitate-dorretxoak pantalanetako amarralekuetan, Sarbidea mugatzeko atedun pantalanak,  Harrera-pantalana pasean doazen ontzientzat, Amarralekuen portzentaje bat pasean doazenentzat (%­ 10), Aparkatzeko cunea, Sarrera mugatua ibilgailuentzat,  Erregai-hornidura, Garbigunea (ontziak, pilak eta bateriak, olioa eta gai organikoak), Kafetegia - Jatetxea, Aldagelak amarratuta daudenentzat. 

b) Kirol-ditxoak: arrantza-portu baten barruan egon arren, aisialdiko jarduera nautikoetarako diren ditxoak. 

Kirol-ditxoek zerbitzu eta instalazio hauek izango dituzte gutxienez: Eguraldiari buruzko iragarpen-zerbitzua, Karenatzeko eta konpontzeko gunea duen eremu teknikoa, 5 tona jasotzeko garabia, Amarralekuen % 60 pantalanetara izatea, Ur- eta elektrizitate-dorretxoak pantalanetako amarralekuetan, Sarbidea mugatzeko atedun pantalanak, Harrera-pantalana pasean doazen ontzientzat, Garbigunea (ontziak, pilak eta bateriak, olioa eta gai organikoak). 

c) Aisialdirako instalazio nautikoak: amarralekuen % 60 baino gehiago pantalanetatik kanpo dituzten edo amarratzeko pantalanik gabeko ainguralekuak dituzten instalazioak, eskuarki arrantza-portuetan edo itsasadarretan kokatuak eta, babesaz bestelako zerbitzurik apenas eskaintzen dutenak. 

Aisialdirako instalazio nautikoek zerbitzu eta instalazio hauek izango dituzte gutxienez: Karenatzeko eta konpontzeko gunea duen eremu teknikoa, Lehorreratzeko arrapala edo, bestela, garabia, Behar bezala antolatu eta araututako ainguralekuak, Garbigunea (ontziak, pilak eta bateriak, olioa eta gai organikoak), Portu mistoak dira arrantza, aisialdiko jarduera nautikoak eta merkataritza-jarduerak biltzen dituztenak, jarduera horietako bat ere bereziki nabarmentzen ez delarik. 

Euskal titulartasunpeko portu batek 1. edo 2. mailako arrantza-portuak eta aisialdiko azpiegitura nautikoak izan ditzake bere eremuan. 

Antolaketari dagokionez, legean portuak kudeatzeko aukeratu den ereduaren arabera, portuetan eta itsas gaietan eskumena duen Jaurlaritzako sailak gauzatuko du eskumen esklusiboa portuen arloan. Organo horiek Portu Administraziotzat joko dira. 

Organo aholku-emaileak eta parte hartzeko organoak ere sortuko dira, portuen arloan eta itsas gaietan erakundeen parte-hartzea bermatzeko; organo horietan bestelako administrazio publikoek eta/edo Jaurlaritzako sailek eta euskal portuen esparruan egiten diren jardueretan protagonista diren sektoreek eta eragileek hartuko dute parte. 

II. tituluak Portu-espazioaren lurralde- eta hirigintza-antolaketari buruzkoa da, eta antolaketa hori portuko sektore-plangintzarekin egituratzeko beharraz dihardu, bai eta euskal titulartasunpeko portuak eraikitzeaz eta ustiatzeaz ere. 

Lurralde-eta hirigintza-plangintzei dagokienez, testuak errespetatu egiten du autonomia-erkidegoan lurralde-antolamenduari eta hirigintzari buruz indarrean dagoen legeria, eta bertan finkatutako eredu orokorrari eusten dio. 

Ildo horretatik, sarritan aitortu da lurralde-antolamenduari buruzko araudia egokia izan dela administrazio publikoek beren eskumenak erabiliz lurraldeari eraginez burutu behar izan dituzten jarduerak koordinatzeko, eta lege honek berretsi egiten du koordinazio-zentzu hori. Era berean azpimarratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen protagonismoa, lurraldearen gaineko eskumenak dituzten euskal administrazio guztien lankidetzarako foroa den aldetik. 

Legeak aurreikusten du, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko beste organo batzuek portuko jabari publikoa erabiltzeko aukera, eta bai Estatuko administrazio orokorreko organoek erabiltzekoa ere, behar den denboran; betiere, erabilera hori portuaren ustiaketa arruntarekin bateragarria denean eta interes orokorreko xedeetarako eskatzen denean. Azken kasu horretan, erabilera dagokion hitzarmena sinatuta gauzatuko da. 

Titulu honetan euskal titulartasunpeko portuen eraikuntzari, zabalkuntzari, berrikuntzari eta mantenimenduari buruzko kapitulu bat sartzen da; bi ataletan banatuta dago: lehenengoa jarduerok ekimen publikokoak direnean aplikatuko da; bigarrenak, berriz, gai honetan ekimen pribatuari ematen dio bide, portuko herri-lanen emakidarako kontratuaren bitartez, eta zehazki arautzen ditu figura honen eskakizun objektibo eta subjektiboak eta emakida-tituluak jaso behar duen gutxieneko edukia. 

III. tituluak portuko jabari publikoaren kudeaketa arautzen du. Horretarako, erakunde dagoeneko klasikoetara jotzen da, partikularren erabilera ahalbidetzeko eta, dena delako erabileraren arabera, baimenak eta emakidak emateko, eta habilitazioa ematen duten titulu horien erregimena arautzen da. 

Titulu horretan, demanioa kontserbatzeko manuak ere ematen dira, eta portuko jabari publikoaren erabiltzaileek eta portuko instalazioek bete beharreko funtsezko obligazioak ezartzen dira: isurketen debekua, hondatutako lurrak edo instalazioak konpondu beharra, aldez aurreko baimenik ez duten dragatze-lanen debekua eta hondakinak instalazio egokietan jaso beharra. 

IV. tituluak portuko zerbitzuak arautzen ditu, eta legearen zati horretan adierazten da argien portuen kontzepzio berria eragile ekonomiko eta jarduera anitzetarako egoitza gisa; zerbitzuok jendeari eskainitako prestazio gisa definitzen dira, itsas eragiketak eta premiak eta portuko gutxieneko premiak asetzeko, portuetako funtzionamendua egokia izan dadin. 

Portuetan eta itsas gaietan eskumena duen zuzendaritzak emango ditu zerbitzu orokorrak, dela zuzenean, dela zeharka kudeatzeko legez aurreikusitako edozein mekanismoren bidez, arauz zehazten denaren arabera. Ez da zeharkako kudeaketaren bidezko zerbitzurik eskainiko agintea baliatu behar bada edo, beste edozein arrazoi dela medio, zuzeneko kudeaketa egokitzat jotzen bada. 

Zerbitzu orokorrak eskaintzeak berekin dakar dagokion portu-tasaren ordainarazpena. 

Zerbitzu bereziak lehiaren araudiaren bidez eskainiko dituzte partikularrek, portuetan eta itsas gaietan eskumena duen zuzendaritzak dagokion lizentzia emanez baimena eman ondoren: sektore pribatuaren eskaintzarik izan ezean, edo eskaintza hori urriegia izanez gero, Portu Administrazioak eskainiko ditu zerbitzu horiek. 

Zerbitzu bereziak sektore pribatuaren bidez eskaintzerakoan, dagozkion tarifak kobratuko dira. Portuetan eta itsas gaietan eskumena duen zuzendaritzak dagokion zerbitzuaren baldintza teknikoetan ezarriko du gehieneko tarifak zenbatekoak izango diren. 

Legearen V. tituluan polizia-jarduera eta zehatzeko araubidea erregulatzen dira. Sektorearentzako zehatzeko araubideari heltzen dio, legezkotasunaren, tipikotasunaren, erantzukizunaren, atzeraeraginik ezaren eta proportzionaltasunaren printzipioetan oinarrituta. 

Euskal Portu Administrazioari dagozkion zaintze-, ikuskatze- eta kontrol-ahalak ezartzen dira, halaber. Portu Administrazioari atxikitako langile kualifikatuek beteko dituzte lan horiek, eta, zeregin horietan dihardutela, agintari publikoen izaera izango dute; horrenbestez, beroiek egiaztatzen dituzten gertakariek froga-balioa izango dute. 

Portuen eta itsas gaien arloan, zehatzeko ahala Portu Administrazioko organoen esku dago modu esklusiboan, eta arlo horretan eskumena duen saileko organo gorenen artean banatzen da, ezarri beharreko zehapenaren larritasunaren arabera.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012-06-12n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan