Tarteko radarrak N-1 errepideko zirkulazioa ''baretzea'' lortu du Gipuzkoan, eta gaurtik aurrera ez du salaketarik igorriko
100 km/h abiadura-muga baino azkarrago doazen arau-hausleen kopuruak behera egin du erdia baino gutxiagora
Ordizia eta Irura bitarteko N-1 errepide-tarteko radarrari esker, batez besteko igarotze-abiadurak nabarmen egin du behera; radarra iazko martxoan instalatu zuten eta ekainean hasi zen funtzionatzen. Hala, radarra instalatu aurretik autoen ia erdiak abiadura-muga betetzen ez zuen arren, orain datu hori % 20 baino gutxiagokoa da. Aurrez ikusitako xedea lortu denez, Trafiko Zuzendaritzak erabaki du hemendik aurrera gailuak ez duela salaketarik igorriko.
Euskal errepideetako lehenengo tarteko radarra instalatzeko Ordizia eta Irura bitarteko N-1 errepide-tartea hautatu zuten ("aire zabaleko" lehenengo radarra estatuan); izan ere, ezbehar-tasa oso altua zen, eta gehiegizko abiadura bereziki nabarmentzen zen istripuen faktore eragile gisa. Horrez gain, istripu askotan ibilgailu astunak izaten ziren inplikatuta; hala, bideko erabiltzaileentzat arriskutsua izateaz gain, beste ikuspegi batzuetatik ere eragozpen handia eragiten zuen, penintsulako komunikazio-bide nagusietako bat baita, eta maiz blokeatzen da.
Radarra funtzionatzen hasi eta urtebete igaro ondoren, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak emaitzak zehatz eta zorrotz aztertu ditu; tarte horri buruzko datuez gain, N-1 errepideak Gipuzkoan egiten dituen gainerako tarteen datuen emaitzak ere jaso dituzte, kontrako noranzkoan, Nafarroarantz doan tarteari dagozkionak barne.
Azterketaren ondorioen artean, alderdi nabarmen gisa aipatu behar da, alde batetik, tarte horretan batez besteko igarotze-abiadura 8,3 km./h moteldu dela etengabe eta modu progresiboan. Beste alde batetik, ezbehar-kopuruaren hazkundea geldiarazi da, eta inguruko tarteek baino bilakaera positiboagoa izan du.
Horren haritik, igarotze-abiadura moteldu denez, arau-hausteen kopuruak ere pixkanaka-pixkanaka behera egin du. Hortaz, ekainean radarra salaketak igortzen hasi zenetik, gehiegizko abiaduragatik zigortutako gidarien kopuruak behera egin du hilero-hilero, etengabe eta modu progresiboan. Ekainean 1.142 gidari zehatu zituzten, eta aurtengo maiatzean, aldiz, 305; horrek agerian uzten du tarte horretan abiadura oro har moteldu egin dela.
Ezbehar-tasaren hazkundea geldiaraztea
Azterketak frogatzen du istripu-tasa % 16,7 jaitsi dela, tarte horretan abiadura kontrolatzeko sistema jarri ez balitz egongo zen istripu-tasarekin alderatuta. Horrez gain, egiaztatu da istripu asko gehieneko abiaduratzat ezarritakoak baino abiadura txikiagoetan gertatu direla, batzuetan 80km/h abiaduran edota hori baino abiadura txikiagoan.
Horren berri eman zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepide Zuzendaritzari, eta horrek ezbehar-tasarik handiena duten puntuetan abiadura-mugak aldatzeko konpromisoa hartu du.
Abiadura ez handitzeko eta ezbehar-tasaren hazkundea geldiarazteko oinarrizko eragina lortu eta gero, Trafiko Zuzendaritzak erabaki du tarteen kontrolak bere xedea lortu dutela, eta, gaurtik aurrera, salaketak jartzeari utziko dio. Ekipoak gune horretan jarraituko du, aztertzeko datuak lortzeko. Bestalde, Gipuzkoako Ertzaintzako Trafiko Unitateari eskatu zaio bide horretan abiaduraren zaintza eta kontrola indartzeko, radar mugikorraren bidez.