Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Gasteizko Marianisten ikastetxeko ikasleek ‘Enpresa Hurbil’ ideia-lehiekatako bigarren saria irabazi dute

2012.eko ekainak 12

DBHko eta Batxilergoko 40 ikastetxe inguruk Euskadiko enpresak bisitatu eta enpresa-mundua ikasleei gerturatzeko proposamenak egin dituzte.

Gasteizko Marianisten ikastetxeko ikasleek 'Enpresa Hurbil' ideia-lehiaketako bigarren saria jaso dute gaur, Pedro Gómez Damborenea Industria Saileko Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuordearen eskutik. Lehiaketa enpresa‑mundua Euskadiko ikasleei gerturatzeko Eusko Jaurlaritzaren kanpainaren barruan antolatu da. Kanpaina horretan Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak jardun dute lankidetzan.

"Enpresa Hurbil" izeneko gizarte- eta hezkuntza-kanpaina DBHko bigarren zikloko eta Batxilergoko lehenengo mailako ikasleei zuzenduta dago.

Ekimenaren helburua industria-prozesuak eta horiek gure gizartean balioa sortzeko duten gaitasuna gertutik ezagutzea da. Enpresekiko sentsibilizazioa, ezagutza orokorra eta jarrera positiboak sustatu nahi ditu, gure errealitate ekonomikoaren oinarrizko elementuak baitira.

Hori lortzeko, bi jarduera mota antolatu dira. Batetik, hiru lurraldeetako enpresen ordezkaritza zabal bat bisitatzeko ibilbideak programatu dira 2011-2012 ikasturtean.

Sektore asko ordezkatzen dituzten enpresak bisitatu dira; besteak beste, Petronor, Cementos Rezola, Orbea, Irizar eta Café Baqué. DBHko eta Batxilergoko 40 ikastetxe inguruk hartu dute parte, baina ikasle gehienak DBHko 3. eta 4. mailakoak izan dira parte hartzaileen artean. Parte hartu duten guztiek balorazio positiboa egin dute programari buruz.

Ikasturte honetan eta aurrekoan ideia-lehiaketa bat antolatu da programaren barruan. Helburua ikasleek proposamenak egitea da, enpresen mundua ikasleei gerturatzeko modu onenei buruz.

Ikasturte honetan Leioako Gaztelueta ikastetxeko ikasleen taldeak jaso du lehenengo saria. Bigarren saria Gasteizko Marianisten ikastetxeko ikasle talde batek lortu du. Lehenengoei joan den astean eman die saria Bernabé Undak, ikastetxean bertan. Bigarrengoei gaur eman die saria Pedro Gómez Damborenea sailburuordeak.

Ikasleen adin zehatz batzuk aukeratu dira, etorkizun profesionala aukeratzen hasten den fasean daudelako. Eta Euskadin industria aukeratzen duten gazteak behar ditugu.

Ordenagailu eramangarria opari

Lehiaketan proposamenen kalitatea eta bideragarritasuna baloratzen dira, eta, batez ere, errealismoa. Eta bigarren saria Marianisten ikastetxeko DBHko lau ikaslek lortu dute: Fernando Ayapek, Carlos Ayapek, Javier Pérez Gámizek eta iñigo Pérez Gámizek, Jesús Monte tutorearekin batera.

Sari moduan, ordenagailu eramangarri bana jaso dute taldeko ikasleek. Sailburuak eman dizkie ordenagailu horiek ekitaldian.

 Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 12a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)