Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Lehendakariak Miguel Lazpiur, Justo Ercilla, Jesús Hermosilla, Juanjo Azkarate eta Miguel Gandiagari emango dizkie Korta Sariak

2012.eko ekainak 12

Patxi Lópezek gaur arratsaldean Korta Sariak banatzeko egin den ekitaldia zuzendu du. Topaketa hori urtero antolatzen du Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, enpresen ibilbidea balioesteko, eta bertan izan da Bernabé Unda sailburua.

Aurtengo sarituak honakoak izan dira: Justo Ercilla (Zayer-en sortzailea), Juanjo Azkarate (CCCren kontseilari ordezkaria), Jesús Hermosilla (Basconia Taldekoa), Miguel Gandiaga (Ingeteam-ekoa) eta Miguel Lazpiur (Confebask-en presidente ohia).

Bost sarituak beren jarduera profesionalei dagozkien enpresa-sektoreetan egin duten lanagatik gailendu dira, epaimahaiak adierazi duenez. Era berean, “enpresa-balioen garapenean, enpresen sorreran eta jarduera berrien eta lanpostuen sorkuntzan izan duten garrantziagatik nabarmendu dira”.

Aurtengo edizioan, bost enpresarien ibilbide profesionala aintzatesteaz gain, lehendakariak omenaldia egin die Joxe Mari Korta sarien 12 urteetan egon diren saritu guztiei. Sariak Adegiren zuzendari izan zen eta ETAk hil zuen enpresari gipuzkoarragatik dute izen hori.

Justo Ercilla Sagarminaga (Zayer)

Makina-erreminta alorrean aritzen den Gasteizko Zayer enpresaren sortzaileetako bat da.  Justo Ercilla 1921eko azaroaren 14an jaio zen, Durangon (Bizkaia). XX. mende erdialdeko ekintzaile hori langile familia batean hezi zen. Aitak, izen bera zuenak eta okina zenak, sakrifizioaren eta lana ondo egiteko konpromisoaren baloreak erakutsi zizkion. Amak, Vicentak, berriz, xumetasunak eta umiltasunak bizitzan norabide egokia hartzeko daukaten garrantzia erakutsi zion.

Ezkonduta dago. Bost seme-alaba eta bederatzi biloba ditu. Eibarko Armeria Eskolan ikasi zuen. 40ko hamarkadan, Durangoko gazte horrek etorkizuna zuela ikusita, Pedro Anituak Gasteizko Elizbarrutiko Eskola sortu berrien kide izatera gonbidatu zuen. Bertan, zenbait enpresarik Ercillak mekanikaren inguruan zuen ezagutzaren gaineko eskolak jaso zituzten, eta ikasleekin makina bat baino gehiago ere sortu eta eraiki zituen.

Hala, 1957an, alor akademikoan bereganatutako eskarmentua praktikan jarri nahian, Zayer makina-erreminta lantegia sortu zuen. Fresatzeko makina txikiak, artezteko makinak eta tornuak egiteari ekin zion, 47 langilerekin batera. Lantegia osatu eta urte bat besterik igaro ez zela, Espainian kopiatzaile hidraulikoa zuen lehen kontsolako fresatzailea egitea hitzartu zuten.

Espiritu berritzaile horrek bizirik jarraitzen du Zayerren, gaur egun bere sorkuntzak tamaina eta balio erantsi teknologiko handiagokoak diren arren. Honek lehiakorrago bihurtzen du Zayer.

Berehala, Justo Ercillak bere negozioa mundura ireki zuen, baita bere produktua nazioartera zabaltzeko eta merkatua zegoen lekuan saltzeko aukera ere. Estatutik kanpo lehen salmentak berehala egin zituen. Esate baterako, Argentina, Estatu Batuak, Brasil, Britainia Handia, Frantzia, Italia, Txina, Turkia eta... batez ere, Alemania Zayer-eko bezeroak dira, gizon horrek sakrifizioa, errespetua, zorroztasuna, konpromisoa eta bere buruarekiko exijentzia bezalako baloreei esker sortu duen enpresako bezeroak dira, hain zuzen ere.

SEA-Arabako enpresariek Ercillaren hautagaitza aurkeztu zutenean, zera azpimarratu zuten: «Apaltasunez eta pragmatismoz, hainbat egoeratara egokitzen jakin du, inoiz ez dio errealitateari ezikusiarena egin eta arazoen aurrean aurrera egin eta jarraitzeko aukera emango zioten konponbideak bilatzeari ekin dio».

Zayerrek nazioartean ospe handia du makina-erremintan, 200 langile baino gehiago ditu eta bere politikak Justo Ercillaren baloreen kutsua du. Dagoeneko erretiratua dagoen enpresariak bere ondorengotza ondo zaindu du eta zentzuz pasa die negozioa bere ondorengoei, Carlos bere semearen esku utzi baitu.

Orain, egunerokotasunetik urrundu den arren, Justo Ercillak egunero bisitatzen du lantegia. Atzean utzi du pilotalekuren batean pilota maisutasunez jotzen zuen garaia, nazioarteko makina-erremintako erreferente den enpresetako bat sortzen eta altxatzen erabili zituen indarra eta gogortasuna: Zayer.

Juanjo Azkarate Morera (CCC)


Juanjo Azkaratek hezkuntzaren, edizioaren eta komunikazioaren munduarekin izan du beti harremana. CCCren Kontseilari Ordezkaria da, aitonaren bitartez hasi zen familiako enpresa horretan. Halaber, Contrapunto publizitate-agentziako bazkide fundatzailea eta kontseilaria izan da.

Santiago Rodrigezekin batera, Directo Dimension marketin-agentzia ere sortu zuen. Bitartekoen Kudeaketako kontseilaria da (Zenith Optimedia Group). Halaber, Secretariaplus.com, SearchMedia Marketing Digital Aurreratua, Incipy Digital Innovation Management eta Inesdiren (Irakasleentzako Berrikuntza Digitalerako Institutua) bazkide fundatzailea da.S

Azkarate FECEMDeko (egun Adigital, Espainiako Ekonomia Digitaleko Elkartea) lehendakaria ere izan da, eta egun lehendakariordea da. Halaber, batzar, jardunaldi, mintegi eta abarretan hizlari aritzen da maiz eta Ez beldurrik, ez alferkeriarik, ez lotsarik blogaren egilea da.

Adegik bere hautagaitzan azpimarratu du Azkarateren jarduera eta bizitza bultzatzen duten Miguel «10 motorrak» eta irrikaz bizitzen laguntzen dioten hamar arauak honako hauek direla: «Onartu zalantza, egokitu etengabeko aldaketara, izan alboan baikorra den jendea, aktibatu jakin-mina, izan konfiantza zure jendearengan eta hazarazi, landu dibertsitatea, jarraitu bizimodu-arau osasuntsuak, berritu, ikasi etengabe, eta egin ezazu hori guztia beldurrik, alferkeriarik eta lotsarik gabe. Horrela zuk nahi duzun tokiraino iritsiko zara eta zuk izan zaitezkeena uste duzuna izango zara».

Jesús Hermosilla Bilbao (Baskonia Taldea)

1939ko apirilaren 20an jaio zen Bilbon eta Baskonia Taldeko arduraduna da. La Sallen ekin zien bere ikasketei, Iturribiden, 15 urte bete arte. Ikastun gisa ekin zion bere lan-ibilbideari, Ordezko Iberikoak lantegian, 1954an. Oinarrizko formazio akademikoarekin jarraitu ahal izateko, aisialdiari orduak kendu behar izaten zizkion. Enpresa horretan erosketa, salmenta, antolamendu eta elkarteen kudeaketa eremuetan ikaste-ibilbidea garatzen du.

1976an, elkarte horretan akzioduna izan ezin zela ikusita, banantzea erabakitzen du eta Auto Industrial Baskonia sortzen du. 1976tik 1976ra bitarte egindako enpresaritza jarduerari esker, automobilgintzan finkatuz doa eta, 1979an, automobilgintzako iragazpen industrialean jardungo duen enpresa berri bat sortzen du, Iparraldeko Iragazkiak (Finorsa) izenekoa.

Sektorean antzemandako beharrei erantzuteko, Biguinasa izeneko kudeaketa, erosketa eta antolamendu elkartea sortzen du. Hasiera batean, Euskadin jarduteko asmoz sortu zen eta 1980an Biguisur izenez maila nazionalean jarduteari ekin zion. Lehendakari izan zen 2005era arte.

1981n, Baskonia eta Finorsa mugakideak diren Gipuzkoa, Burgos eta Kantabria probintzietara zabaldu ziren. Gaur egun, biek ala biek zazpi saltokitan garatzen dute euren jarduera, 12.500 m2ko instalazioetan. Beste 7.000 m2 ere badituzte etorkizunean eman daitezkeen handitzeetarako, 100 lanpostuetatik gora mantenduz.

Gaur-gaurkoz, Baskonia Taldea Espainiako buruetako bat da ordezkoen sektorean. Ad Parts erakundeko kide da, Europako ordezkoen Aftermarket enpresen burua.

Asoziazionismoan, 1977an, Hermosilla Talde Merkatarien, ordezkoen, pneumatikoen eta Automobilgintzarako osagarrietan Elkarte Nazionalaren (ANCERA) fundatzailea izan zen. Urte berean, Bizkaiko Automobiletarako Ordezko eta Osagarrien Saltzaileen Elkartea (AVVRAA) sortu zuen, eta egun lehendakaria da bertan.

Era berean, 1978an, Bizkaiko Automobilgintzako Enpresen Federazioa sortu zen, eta egun bera da burua. Federazioa tailerren (BAT), garajeen eta ordezkogileen elkarteek osatzen dute.

Halaber, Cebek-eko batzorde exekutiboko eta zuzendaritza batzordeko kide da, baita Confebask-eko Batzorde Orokorreko kide ere. Halaber, Bilboko Komertzio Ganberako Batzarreko kidea da.

Cebek-ek honengatik proposatu zuen: «Bere enpresekiko konpromisoa duen enpresariaren baloreak, jarrera eta eredua ordezkatzeagatik, bai eta enpresa horiek osatzen dituztenak eta Bizkaiko garapen ekonomikoa ordezkatzeagatik ere».

Miguel Gandiaga Alberdi (Ingeteam)

Ingeteam taldeko fundatzailea eta zuzendari orokor ohia da Miguel Gandiaga. 1974an jaio zen Eibarren. 1968an, ingeniaritza ikasketak bukatu berri zituela, Berlingo Askania Gmbh eta Bilboko Comercial de Electricidad, SA enpresetako filiala zen Askania Espainola izeneko proiektuan sartu zen ingeniari industrial hori, beste hiru gazterekin batera. Berlingoa mundu mailan automobilgintzan eta prozesu industrialen instrumentazioan berezitutako enpresa da.

1972an, Siemens AGk enpresa alemaniarra bere egin zuen. Askaniaren bertako zatia Bilboko jatorriko enpresara bueltatu zen, eta profesional gazteen taldeak etorkizunean Ingeteam taldea izango zenaren lehen hastapenak eman zituen.

Urte berean TEAM sortu zen (Automatismoa eta Neurriaren Teknika Elektronikoa), elektronika potentzialean eta magnitude elektrikoen neurri sistemetan berezitua. Bi urte geroago, 1974an, Ingelectric sortu zen, prozesu industrialen aplikazioaren ingeniaritza elektriko gisa. Bi proiektu horietan sinetsi zuen eta gogor sartu zen.

1982ra arte bi enpresek Comercial de Electricidad taldean batera jardun zuten. Urte hartan, estrategia arrazoiak zirela eta, bi enpresak banandu egin ziren Lagun Aroren laguntzarekin, kide parte-hartzaile gisa. 

Hortik aurrera, taldeak siderurgiako proiektu askotan hartu zuen parte, merkatu nazionalean nahiz nazioartekoan. Espiritu ekintzaileak eta esfortzu zaletasunak ikusarazi zien ezin zutela gertuko merkatuarekin etsi eta industria bultzatzen zuten merkatuen bila irten ziren kanpora, batik bat, Europaren erdialdekoetara.

Bere enpresaritza proiektuak 90. hamarkadan sendotu ziren. Lehen fase batean, nazioartera zabaldu zen kanpoan berezko egoitzak jarriz:: Txina, Alemania, Txekiar Errepublika, Brasil eta Mexikon. Aldi berean, 1992an Zamudioko Parke Teknologikoko egoitza sozial berria ireki zuten. 4000m2 baino gehiago dituen eraikin funtzionala. Bertan 150 tekniko inguruk egiten dute lan.

Barne mailak sortzen dira Energiaren sektoreari bultzada emateko. Eolikoen eremuan ere garatzen hasten da, eta 1997an garapen hori osatzen du Indar, 1940tik motorrak eta haize-sorgailuak egiten dituen enpresa, bereganatuz. Proiektu hori irudikatu zen eta fruitua eman zuen Beasaingo Indar lantegi berria eraiki zenean, 30.000 m2 baino gehiago dituena eta 800 langile baino gehiago izatera ere heldu zena.

1993an Bascotecnia SteelB eraiki zen, Zumaiako Lagun-Artea eta Donostiako Bascotecniarekin batera, kanpoko merkatura bidaltzeko siderurgiako instalazio proiektuak garatzeko, giltza eskuan. Urte hauetan guztietan, 20 enpresa baino gehiago eta munduan zehar barreiatutako 3.000 langile dituen enpresaritza proiektua sendotu da. Taldeak Euskal Autonomia Erkidegoan ditu bere egoitzak eta erabaki guneak.

Ingeteam-en garapenak bizirauteko arazoak zituzten enpresa asko berarekin eraman eta aldatu ditu. Taldeak, lau bazkidek osatuta, familiako enpresaren ikuspegia duen enpresaritza kultura osatu du. Fundatzaileak ez daude eguneroko lanetan, baina «aholkulari» lan eraginkorra egiten dute, zentzurik onenean.

Laurek argi izan dute beti aurrera egiteko enpresa osatzen zuten pertsonek etengabeko formazioa jasotzea ezinbestekoa zela. Taldea enpresa berritzailearen ereduaren onarpena jaso du, etengabeko formazioaren aldeko apustua izan duena.

Korta Bidetik Fundazioak zera baloratu du: «Miguel Gandiagak inguratzen duten pertsonak ulertzeko eta behar dutenei laguntzeko duen umiltasuna eta eskuzabaltasuna. Gizatasun horri sen finak eta zuhurtziak laguntzen diote, bere lan-ibilbidean hainbat eratako egoera zailak konpontzeko baliagarri izan zaizkionak: Arazo teknikoak, komertzialak, kudeaketa eta zuzendaritza alorrekoak».

Gandiaga Robotiker-eko lehendakari izendatu dute azken urteetan, eta, duela gutxi, Tecnalia korporazioko idazkaria.

Miguel Lazpiur Lamariano (José Lazpiur Elcoro)


1942ko irailaren 16an jaio zen Bergaran. Ezkonduta dago, alaba bat eta biloba bat ditu, ikasketa mekanikoen Lanbide Heziketa egin zuen Miguel Altunan, Bergaran, eta bertan maisu industrial titulua lortu zuen.

Miguel Lazpiur tornulari aritu zen Arrasateko Nito lantegian eta Eibarko Andres Alberdin. 1960an, José Lazpiur Elcoro aitarekin batera, José Lazpiur Elcoro enpresa sortu zuen, tailer mekanikoaren jarduera egiten zuena, piezak mekanizatuz.  Enpresaren lan-indarra aita-semeek osatzen zuten, behin ikasketak amaituta Agustin anaiak beraiekin bat egin baitzuen.

Jarduera sendotuta, diseinua sartu zuen bere produktuetan, eta 1964an Miguelek torlojuak punteatzeko lehen makina automatikoa diseinatu zuen soldaduskan, eta horri esker bere lehen asmakizun patentea lortu zuen.

1973an, krisi ekonomikoari erantzuteko, produktua dibertsifikatu zuen eta taldeak eraikitzeari eta sektore industrialetarako taldeak, linea zuria, automobilgintza, elektronika, eta abar egiteari ekin zion. Hamar urte geroago, José Lazpiur, SA enpresa sortu zen, une hartan 18 langile zituena.

José Lazpiur 1985an hil zen eta Miguelek enpresaren kudeaketa-lana bere gain hartu zuen. Bergarako San Blas auzoko pabilioiak handitu ziren.

1989an, Miguel zuzendari zela, enpresak kalitatearen bidea aukeratu zuen eta industriaren munduan erabiltzen hasiberriak ziren kontzeptuak erabiltzeari ekin zion: Bezeroak asetzea eta produktu eta zerbitzuen kalitatea, enpresaren garapenean eta Miguel Lazpiurrek sustatutako jardueretan beti izan diren kontzeptuak.

1993an AENORen ISO 9001 ziurtagiria lortu zuen. Bi urte geroago, United Technologies multinazionalak saritu egin zuen, hornitzailea aintzatetsiz. Urte hartan, enpresak aeronautikako sektorearentzako motorren piezak eta tresneria hornitzeko jarduerarekin jarraitu zuen eta, ITPk egindako kontu-ikuskaritza batean, Rolls Royce-n arauen araberako homologazioa lortu zuen.

Une hartan Lazpiurrek enpresaren jarduera bi jarduera nagusitan banatu zuen: Makinak eraikitzea eta zehaztasunezko mekanizatuak.

1999ra arte lanean jarraitzen du industriako zenbait sektoretan, kalitate orokorreko sistemak ezartzen ditu, eta arrakasta pertsonen ekarpenean oinarritzen dela uste du, euren partaidetzarekin. Miguel Lazpiurrek langile guztiak enpresaren proiektuan parte har zezaten bultzatu zuen. Urte hartan, enpresaren instalazioak handitu ziren, Impreci zaharraren ondoan zeuden pabilioiak bereganatuz.

Urte hartan, berriz, GKN multinazional ingelesarekin joint-venture delakoa sinatu zen, eta GKN-Driveline-Lazpiur sortu zen Bergaran, 50 langile inguru dituena. 2002an Zubikua Galdara-lantegia sortu zen, Bergaran.

2004an zehar, Toulousen (Frantzia) dagoen Digital Control Berri enpresako kide izatera pasa zen. Aurretik, 2003an, J. Lazpiur Taldea sortu zuen, enpresa guztiak biltzen dituen holding-a, batzuk jabetzan eta beste batzuk bazkideekin parte-hartzean.

Taldeak 112 langile inguru ditu gaur egun eta 8 asmakizun patente lortu ditu.

Miguel Lazpiur Confebaskeko lehendakari izan zen 2005etik 2011ra, nahiz eta beste zenbait ardura ere izan dituen, besteak beste, CEOEren lehendakariordea, Adegirena, eta DCBerriren kontseiluko kidea. Gaur egun, J. Lazpiur, SA Taldeko eta CM José Lazpiur, SAren kudeatzailea da, baita Ipar Asepeyo eta FISC GKEren kontseiluko kide ere.

Iruzkin bat
  • 2012.eko ekainak 12

    Un buen homenaje a cinco fenomenales exponentes del empresariado vaco.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari, Bernabé Unda