qrcode

Eusko Jaurlaritzak 4,6 milioi euro bideratu ditu merkataritza-establezimenduak modernizatzeko laguntzetara eta “Tokiko kontsumorako balio-hezkuntza” proiektura (2026-04-29ko Gobernu Kontseilua)

2026-04-29

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak merkataritza-establezimenduen eta merkataritza-jarduerari lotutako zerbitzuen modernizazioa bultzatzera bideratutako programa (MEC 2026) onartu du gaur Gobernu Kontseiluan.

Programa horren helburua da berrikuntza, kudeaketa-tresnen hobekuntza, azpiegiturak eta merkataritza-ekipamendua sustatzea, sektorean kalitate- eta lehiakortasun-maila handiagoa lortzeko. Agindu honetarako esleitutako aurrekontua 4.654.000 eurokoa da. 

Laguntzak beren jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta eta kale ondoan, jendearentzat irekita eta egoera operatiboan dauden establezimendu fisikoetan garatzen duten norberaren konturako langileek edo autonomoek, sozietate zibilek eta ondasun-erkidegoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek jaso ahal izango dituzte. 

Gobernu Kontseiluan, halaber, Arabadendak Merkataritza Elkartearen “Tokiko kontsumorako balio-hezkuntza eta gune seguruen sarea: auzoa ehuntzen, etorkizuna hezten” proiektua onartu da. Proiektu horren helburua da hezkuntzaren esparruan tokiko produktuak kontsumitzeak duen balioaren inguruan kontzientziatzea eta puntu seguruen sareari agerikotasuna ematea.

Proiektuak 24.100 euroko aurrekontua du, eta bi jarduketa-ildotan banatuta dago:

  • Ikastetxeetan egiteko pentsatutako ekintzak, ardatz gisa hitzaldiak eta talde-dinamikak izango dituztenak, 11-12 urteko ikasleei tokiko kontsumorako balio-hezkuntza bat eskaintzeko. Hitzaldi eta parte-hartzean oinarritutako dinamika horien bidez, kontsumoari buruzko gogoeta egiten lagundu nahi zaio xede-biztanleriari, kontsumitzeko moduak gure egungo eta etorkizuneko gizartearen eraikuntzan duen ondorioaz jabetu dadin.
  • Gune Seguruen Sarea sortzeko ekintzak, sare horri atxikitako saltokiak kontsumitzaileengandik hurbil dauden laguntza-gune gisa identifikatzeko.Gainera, haurrek eta nerabeek mugikorrak gero eta neurri handiagoan erabiltzen dituzten gizarte honetan, sare honen bidez seme-alabek mugikorra erabiltzeko unea atzeratu nahi duten familiei lagundu nahi zaie, eta atxikitako saltokiek harremanetarako zerbitzu bat eskaintzen diete gazteei, larrialdi, lapurreta, mugikorraren galera edo behar baten kasuan senideekin harremanetan jarri ahal izateko.

Ekintza horien helburua da kontsumitzaile gazteak tokiko saltokietara joatera bultzatzeko irakaskuntza aktibo baten aldeko apustua egitea eta hurbileko 150 saltoki sortuko den Gune Seguruen Sarera atxikitzea. Hasiera batean proiektua Gasteizen eta Arabako Lautadan egingo bada ere, azken helburua da hitzaldiak ematea eta Arabako zazpi kuadrilletako edozeinetan kokatutako saltokiak atxikitzea.

Programa horien bidez, indartu egiten da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak merkataritza-sektorea garatzeko eta modernizatzeko duen konpromisoa, baita hezkuntzaren esparruan tokiko kontsumoaren balioaren inguruan lortutako kontzientziazioa ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan