Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintzako absentismoak bere daturik onenak lortu ditu; izan ere, % 5,97raino jaitsi da 2012an

2012.eko ekainak 11

Absentismo Batzordea 2010ean eratu zen, % 9,33ko ratioarekin

Ertzaintzako absentismo-indizeek % 5,97ko maila historikoa lortu dute 2012ko lehenengo lauhilekoan. Egungo ratioa oso behetik (4,59 puntu) dago 2010eko urtarrilean erregistratu zen % 10,56ko ratiotik. 2010eko urtarrila baino apur bat geroago, otsailean, Rodolfo Ares Herrizaingo Sailburuak Eusko Legebiltzarrean planteatu zuen absentismo-zifrak txikitzeko neurriak hartu behar zirela. 2009ko amaieran, absentismo-ratio garbia (gaixotasuna, lan-istripua eta beste lizentzia batzuk) % 12,10ekoa izan zen.

2010eko martxoan, Herrizaingo Saileko titularrak proposatuta, Absentismo Batzordea jarri zen martxan Ertzaintzan. Batzorde hori Saileko eta sindikatu-erakundeetako ordezkariek osatu zuten. Batzordeak hartu zituen lehenengo neurrien artean, hau erabaki zuen: azterketarako eta ekintzen proposamena egiteko ondorioetarako, aldi baterako ezintasunagatiko (gaixotasuna eta lan-istripua) absentismo-ehunekoak aintzat hartzea.

Informatizatuta dauden datuak 2001ekoak dira. Urte horretatik 2009ko amaierara arte, absentismoa % 9,25 eta % 12,47 bitartean ibili da. Azken 28 hilabeteetan, zifrarik altuena 2009ko abuztukoa da (% 12,19), eta baxuena, aldiz, duela gutxikoa, 2012ko martxokoa (% 5,28).

Absentismo-indizeen jaitsiera progresiboa izan da azken bi urteetan. Horrek eragin positiboa dauka langile-politikan. Absentismo-ratioa puntu bakar bat jaisteak esan nahi du 80 agente gehiago daudela eguneroko lanerako. Hori horrela, 4,59 puntuko jaitsierak dakarren emaitza Ertzaintzako promozio berri batetik gora dago, nabarmen (azken bi promozioetan, 290 eta 230 ikasle pasatu dira Arkautetik).

Absentismo-zifren hobekuntza nabarmen horretan eragin handia izan dute Absentismo Batzordeak aztertu ostean ezarri diren neurriek, honako hauekin lotuta: lan-arriskuak prebenitzea, agenteen ekipamenduak, aldi baterako ezintasunagatiko bajen jarraipena egiteko mekanismoak eta 900 telefono-zenbakia, Giza Baliabideen arloari jakinarazteko.

Gainerako euskal sektore publikoan bezala, absentismo-indizeek beheranzko joera izan dute, baita ere, aldi baterako ezintasun egoerako lehenengo egunetan ordainsari guztiak jasotzea bermatzen zuten osagarriak kendu direnean.

Seguruenik, honako beste neurri hauek ere eragina izan dute baja-kopuruaren jaitsieran: modu progresiboan plantilla gaztetuz joan da, erretiro aurreratua ezartzearen eta Ertzaintzako azken promozioak gehitzearen ondorioz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko