Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbidek Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren %100 finantzatuko die, sei hilabetez, Diru sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaileak kontratatzen dituzten enpresei

2012.eko ekainak 11

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren %100 adinako kopurua finantzatuko die enpresei sei hilabetez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaileak kontratatzen badituzte. Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak egin du iragarpen hori, la Caixaren Obra Sozialaren barruan garatzen den ‘Incorpora Euskadi Sartu' programaren aurkezpenean, Bilbon, non Euskadiko enpresen eta gizarte-erakundeen ordezkari ugari bildu diren. 2012. urtean LGS hilean 641,40 eurokoa da.
Kontrataziorako laguntza horiek Lanbidek langabetuak laneratzera eramateko helburuarekin garatzen dituen toki- eta eskualde-mailako planen barruan kokatzen dira. Egun Lanbidek orientazio pertsonalizatua ematen die gutxieneko errenten 27.000 hartzaileri, eta diru-laguntzen sistematik ateratzeko laguntza eskaintzen die horren bidez.

"Laneratzea lortzeko ezinbestekoa da enpresen, gizarte-erakundeen eta herri administrazioen ahaleginak bateratzea. Pertsona guztiengan sinesten duten enpresak behar ditugu, diskriminaziorik gabe aukerak eskaintzen dituztenak", adierazi du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu eta Lanbideko administrazio-kontseiluko presidenteak.

Enpresen eta gizarte-erakundeen ordezkari ugarirekin izandako lan-gosarian Zabaletak gogora ekarri duenez, legegintzaldi honetan gaur arte bere sailak eta Lanbidek garatu dituzten enplegu-planei esker Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren 3.000 hartzaile baino gehiago hasi dira lan egiten. "Gizarte-prestazioak eta enplegua lotu ditugu, eta formula horren oinarriak enplegurako aktibazioa, orientazio pertsonalizatua eta prestakuntza dira".

Abenduan Lanbidek bere gain hartu zuen Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) eta Etxebizitzako Gastuak Osatzeko Prestazioaren (EGOP) kudeaketa osoa, laneratzearekin lotzea helburu. Horrela, gizarte-prestazioak enplegua modu aktiboan bilatzearekin edo lan-merkatura sartzeko prestakuntzarekin lotzen dituen Estatuko lehenengo erkidegoa izan da Euskadi. "Horixe da egiten ari garen iraultza handiena: enpleguan -eta ez subsidioan- oinarritutako gizarte-babesa bultzatzen ari gara. Izan ere, sistemak, sartzeko atea duen bezala, irteteko atea ere eduki behar du", azpimarratu du Zabaletak.
"Estatu osoan gutxieneko errenta handienak eskaintzen dituen erkidegoa gara, baita prestazio horiek enplegurako aktibazioarekin lotzen dituen leku bakarra ere; sistemak badu irteteko atea, jendeari errenta ez ezik aukerak ere eskaintzen dizkielako", azaldu du. "Gizarte-erantzukizunaz ari naiz, gizatasuna era baduten enpresez, baita administrazioen gizarte-erantzukizunaz ere, pertsonak jomugan dituzten politiketan inbertitzen duen gizarte-estatuaren alde lan egiten dutelako".

"Ahulenak gogoan"

"Garai zailak bizitzen ari gara" gogorarazi du Zabaletak bere hitzaldian, "baina ez gara aurrera arterako baliorik ez badugu; aitzitik, ahulenak izan behar ditugu gogoan, eta prestakuntza eta enplegua eskaini behar diegu".

"Horixe egiten du ‘Sartu' programak, eta horrek bultzatzen du Lanbide eta Eusko Jaurlaritza enpleguaren alde lan egitera, prestakuntzan inbestituz, enpresei lagunduz, konfiantza sortuz eta esfortzuari balioa emanez baina, baita ere, justizia, elkartasuna eta berdintasuna bultzatuz".

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan