
Eusko Jaurlaritzak 14 urtetik beherako seme-alaben zaintzaileak kontratatzeko laguntzen aurrekontu-zuzkidura onartu du (Gobernu Kontseilua 2026-04-21)
Gobernu Kontseiluak gaur, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren Agindua onartu du, zeinaren bidez jakinarazten den irailaren 7ko 102/2022 Dekretuan aurreikusitako 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzen aurrekontu-zuzkidura. 2026ko ekitaldirako aurreikusitako hasierako zuzkidura 940.102,92 eurokoa da.
Neurri honekin, Eusko Jaurlaritzak indartu egiten du bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko laguntza, eta erraztu egiten du familiek zaintzaileak kontratatu ahal izatea seme-alaben zaintza eta jarduera profesionala bateragarri egin behar dituztenean. Ekimena Gobernu Programaren 54. konpromisoan eta 126. konpromisoan – 5. ekimenean – kokatzen da. Konpromiso hau familiari laguntzeari, jaiotza-tasa sustatzeari eta zainketei balioa emateari buruzkoa da, gero eta berdinzaleagoa eta erantzunkideagoa den gizarte baterantz aurrera egiteko.
Laguntzak 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langile bat kontratatu duten guraso langileei – besteren konturakoak zein autonomoak – zuzenduta daude. Laguntza eskatzen duen gurasoak familiaren etxeko titular gisa ageri behar du Gizarte Segurantzako kotizazio-dokumentuan.
Kontziliaziorako laguntza-lerro honen oinarria irailaren 7ko 102/2022 Dekretua da, 2022ko urriaren 1ean indarrean jarri zena. Arau honen ondorioz, seme-alaben adina handitu egin zen – 3 urtetik 14 urtera –, diru-sarreren eta familia-unitatearen osaeraren arabera laguntzaren zenbatekoa handiagoa izan zen, eta zenbait baldintza malgutu egin ziren, hala nola zaintza partekatua, guraso bakarreko familiak, familia ugariak edo desgaitasuna, mendekotasuna edo genero-indarkeria duten familia-unitateak.
Laguntza kalkulatzeko, enplegatzaileak Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak hartzen dira kontuan, eta, familia-errenta estandarizatuaren arabera, kotizazio horren % 100era irits daiteke.
Programaren onura soziala
Programaren ibilbide berriak haren erabilgarritasuna eta balorazio soziala islatzen ditu.
2023an eta 2024an, 1008 eta 1099 familia izan ziren onuradun, hurrenez hurren.
2025ean, guztira 1023 etxeri eman zitzaien laguntza, eta 890.049 €izan zen gauzatutako aurrekontua, familia bakoitzeko 870 € batez beste; horietatik 382 familia kolektibo kalteberetakoak ziren – guraso bakarreko familiak, ugariak, desgaitasunen bat duen kideren bat duten familiak edo mendekotasun-egoeran daudenak –.
Azkenik, gogorarazi behar da une honetan amaitzen ari dela bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko dekretu berri baten arauzko izapidetzea. Dekretu honek arau bakar batean bateratuko ditu egungo 164/2019 Dekretua, urriaren 22koa, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa, eta 102/2022 Dekretua, irailaren 7koa, 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzkoa.
Onarpen honekin, Eusko Jaurlaritzak jarraipena ematen dio familien ongizatea hobetzera, zaintza-lanetan erantzunkidetasuna bultzatzera eta langile askok enplegua eta hazkuntza bateragarri egiteko aurkitzen dituzten zailtasunak murriztera bideratutako politika publikoari.



