Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Arriolak adierazi duenez, NBE-k emandako Saria, Eusko Jaurlaritzaren gardentasunaren eta adostasunaren bilaketaren aintzatespena da

2012.eko ekainak 11

Etxebizitza Sailak bultzaturiko partaidetza prozesuak direla eta emandako saria gaur arratsaldean jasoko du New Yorken

Ekitaldian mundu osoko erakundeen ordezkariek hartuko dute parte

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak, NBE-k zerbitzu publikoari ematen dion UNPSA Saria jasoko du gaur arratsaldez Nazio Batuen Erakundeak New Yorken duen egoitzan. Sari horrek, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak legealdi honetan bultzaturiko “Etxebizitza gaietan, zure iritzia kontuan” partaidetza proiektua aintzatetsi du.

“Benetako ohorea da Nazio Batuen Erakundetik sari hau jasotzea, Gobernu honek politika egiteko orduan duen era berritzaileari eta ausartari mundu mailan egiten zaion aintzatespena baita. Izan ere, gardentasuna eta gizartearen eta hiritarren partaidetza ezinbesteko elementuak baitira Jaurlaritzak bultzaturiko ekimenen eta proiektuen diseinuan zein ebaluazioan. Laburbilduz, esan daiteke orain arte ikusi ez den gardentasunari eta adostasunaren bilaketari ematen zaion saria dela”, esan du Arriolak.

Etxebizitza Sailburuak azaldu duenez, Sailak hiritarren partaidetza sustatu du, adostasunak lortzeko eta gizartea Eusko Jaurlaritzaren politiken erantzukide izan dadin. Horrela, aurrera eramaten diren jarduketetan eraginkortasun handiagoa lortzen da.

“Hasiera hasieratik, bultzatu gaituen helburua hiritarrei ahotsa ematea izan da, ahalik eta askatasun handienarekin, hiritarren artean ardura gehien sortzen duen gaietako baten inguruan, biztanleen benetako beharrei erantzungo dieten soluzio berriak identifikatzeko, etxebizitza eskuratzea errazteko politikak adosteko eta neurri horiek guztiek hiritarren ahalik eta onarpen handiena izan dezaten”, adierazi du.

Sailburua oso pozik agertu da prozesuaren emaitzarekin. Horrela, azpimarratu behar da oso interes eta ideologia desberdinak dituzten 79 agente instituzional eta sozial elkarrekin, era koordinatuan, aritu izan direla lanean, eta parte hartu duten 30.000 hiritar baino gehiagok 300 proposamen baino gehiago aurkeztu dituztela. Proposamen horien erdia baino gehiago testuan sartu dira. Horri guztiari esker, ekimen hori gero eta hobeto baloratu dute partaideek beraiek, eta etxebizitza politika integral adostua eratzeko aukera eman digu.

Arriolak aitortu duenez, ibilbide horretan Sailak asko ikasi du, besteak beste, partaidetza proiektuak bereiztuak eta pertsonalizatuak izan behar direla, ahalik eta gardentasun handienarekin jardun behar dela, eta hiritarrek beraien proposamen eta ekarpen batzuk azken emaitzan islaturik ikusi behar dituztela.

Iñaki Arriola Etxebizitza Sailburuak eskerrak eman dizkie sari hau lortzea posible egin duten pertsona guztiei, egitasmoan lan egin duten eta beraien partaidetzaren eta ekarpenen bitartez laguntza eman duten guztiei.

“Sari hau benetako pizgarria da Etxebizitza Saileko lan talde guztiarentzat, gizarte partaidetzarekin dugun konpromisoaren bide horretan aurrera egiteko eta hiritarren ekarpenak eta iradokizunak kontuan izaten jarraitzeko”, esan du.

Proiektu irabazlea

Hiritarren partaidetza bultzatzen duen prozesuaren bitartez, Etxebizitza sailak gizarte berrikuntzari, transferigarritasunari, iraunkortasunari, gardentasun demokratikoari eta, batez ere entzute aktiboari eta partekaturiko konpromisoari buruzko esperientzia berriak bildu ditu. Horrez gain, prozesuan parte hartu duten milaka hiritarrek oso ongi baloratu dute.

Eusko Jaurlaritzaren proiektuak Europa eta Ipar Amerikako eskualdearen barruan irabazi du lehiaketa, “Erabaki publikoen prozesuetan herritarren partaidetza hobetzen mekanismo berritzaileen bidez” izeneko kategorian.

Etxebizitza Sailak aurkeztutako proiektu horrek etxebizitza politika publikoak diseinatzean garatu diren hiru partaidetza proiektuetan herritarren partaidetzaren aldeko apustu berritzailea biltzen du.

Hasteko, erakundeekin, gizarte eragileekin eta gizarte sareekin batera partaidetza prozesua abiatu zen, etxebizitza politikaren epe luzeko estrategia ildoei buruzko adostasuna lortzeko; emaitzak Etxebizitzaren Itun Soziala 2010-2025 lanean islatu zituzten, eta agiria ia 80 erakundek eta gizarte eragilek sinatu zuten. Prozesu horren lorpen nagusia, oso interes eta ideologia anitzak elkartzea eta bateratzea izan zen.

Ondoren, hiritarrei laguntza eskatu zitzaien, 4 urtetarako jarduketa ildoak aurrera eraman ahal izateko. Ekarpenak, 2010-2013 aldirako Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailean islatu ziren. Fase horretan 16.000 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte, eta planteatu zituzten ekimenen ia % 70 bildu ziren.

Azkenik, Sailak herritarren partaidetzarako beste proiektu bat abiatu zuen Etxebizitza Legearen Aurreproiekturako; honako honetan 17.000 pertsona baino gehiagoren iritziak batu ziren, eta hobetzeko ia 200 proposamen egin zituzten. Proposamen horietatik %44 testuan sartu dira.

 

UNPSA Sariak

Saria, zerbitzu publikoaren bikaintasunari ematen zaion nazioarteko aintzatespenik garrantzitsuena da. Aurtengo edizioan markarik hoberena hobetu da, kategoria guztietan aurkeztutako kandidaturei dagokienez. Horrela, 471 hautagai aurkeztu dira sarietarako, hau da, 2011n aurkeztutakoak baino %58 gehiago. Parte hartu duten estatuei dagokienez, 73 aurkeztu dira guztira. 2011n 57 aurkeztu ziren, eta 2008an 39. Beraz, aurten 2008ko marka hori bikoiztu egin da.

Epaimahairen iritziz, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimenak, Euskadiko administrazioak eskainitako zerbitzu publikoa hobetzen lagundu du, eta etorkizuneko egitasmoetarako inspirazio iturri izango da.

Etxebizitza Sailak, sektore publikoak gobernantza egokiaren barruan betetzen duen tokia aztertzeko eta eztabaidatzeko Nazio Batuek antolatu dituzten jardunaldien barruan jasoko du Saria New Yorken. Jardunaldi horien buru Nazio Batuetako presidentea izango da, eta bertan, mundu osoko erakunde eta instituzio askotako goi agintariek eta ordezkariek hartuko dute parte. Jardunaldi horietan, Eusko Jaurlaritzak, saria jasotzeaz gain, bere partaidetza proiektua, egun horietan burutuko diren lan tailerretako gainerako partaideen aurrean aurkezteko eta azaltzeko aukera izango du.

UNPSA sariak Nazio Batuen Gai Ekonomiko eta Sozialetarako Sailaren Administrazio Publikoaren eta Garapenaren Kudeaketa Atalak kudeatzen ditu.

Munduko herrialde guztietan administrazio publiko eraginkorragoa eta ahalik eta erantzun-gaitasun handiena duena garatzeko erakunde publikoen lorpenak eta haien sormenezko ekarpenak aitortzea da sari horien helburua. Administrazio publikoaren eginkizuna, bere profesionaltasuna eta ikusgarritasuna sustatzen duen urteroko lehiaketaren bitartez, gobernantzarako berritasunak bilatzea, berrikuntza sustatzeko funtzionario publikoak motibatzea, zerbitzu publikoaren irudia gorestea, gobernuarekiko konfiantza areagotzea eta arrakasta izan duten praktikak biltzea eta zabaltzea da, gure herrialdean bertan eta beste herrialde batzuetan gauzatzeko.


Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)