Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Azkue: «KATAk gure ekoizleei eta Idiazabal gaztak nazioarteko merkatu berrietara heltzeko duen gaitasunari gehiago eusten laguntzen du»

2012.eko ekainak 08

Jon Azkue Arrantza eta Elikagaien Industrien Sailburuak gaur ziurtatu duenez, KATA merkaturatuta Idiazabal gaztaren ekoizleen sektoreak apustu serio eta heldua egiten du merkatuetan dugun presentzia indartzen eta nazioarteko merkatu berrietan sartzen laguntzeko.

Azkuek Donostia-San Sebastianen aurkeztu du KATA gazta, eta aurkezpen ekitaldian berarekin batera Pilar Santamaria Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendaria eta Basque Cheese Sales partzuergoko (BCS) arduradunak eta gazta ekoizleak egon dira.

Azkuek adierazi duenez, "ekimen honek geure gaztagileak eta gazta ekoizten duten gure enpresak sendotu egiten ditu; izan ere, eskaintza komertzial bateratua eta kalitatezkoa planteatzeko ahaleginak batu dituzte merkatu berrietan posizionatu eta beste herrialde batzuetan kontsumitzaile berriak bereganatu ahal izateko".

Idiazabal gaztaren ekoizpenak gora egin du urtetik urtera, 2010ean 1.466.429 kg ekoizteraino, ia 1995ean ekoitzitakoaren halako bi. Ekoizpenaren goreneko maila hori salmentak moteltzea eta stockak agertzea ekarri duen krisi orokortuaren garaian gertatu zen. 2012ko urtarrilean stockean 300.000 kg baino pixka bat gutxiago zeuden, 2011n produkzioa %15 inguru jaitsi ondoren.

Idiazabal gaztaren merkatu kontsumitzaile nagusiak Euskal Herrikoa eta Espainiakoa dira, baina produktuaren salmenta gero eta zailagoa dela antzematen ari da.

"Hori dela eta, bereziki interesgarria da honen moduko ekimenekin nazioarteko kontsumitzaile berriengana heldu ahal izatea, jendeak gustuko duen kalitate handiko produktua dugu eta. Izan ere, nazioartean egiten diren lehiaketa guztietan ateratzen da irabazle", gaineratu du Azkuek.

Pilar Santamaria Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariak, berriz, nabarmendu du BCS eratzea eta KATA merkaturatzea "artzain, gaztagile eta industria txikien ezinbesteko apustua da, elkartuta behar-beharrezkoak dituzten erronka komertzial berriei ekiteko gai direlako, arrakastarako aukera handiagoekin".

"Kalitate handiko gazta da, kontsumitzaileen artean oso baloratuta dagoena. Halere, merkatu berrietan lehiatu beharra daukagu prezio duinean saldu ahal izateko eta kate osoan, baita artzainengan ere, ondo eta modu egokian nabaritzeko" adierazi du.

KATA gazta (Idiazabal Jatorri Izendapena) BCS partzuergoak bultzatu du gaztaren ekoizpen iraunkorrari eta bere ekoizleen bizimoduari eusteko helburuarekin, bai eta produktuaren lehiakortasuna bultzatu eta nazioarteko merkatuetan sartzen laguntzeko ere.

Basque Cheese Sales ekoizpen eta merkaturatze lanean espezializatutako elkartea da eta bertako kide dira Artzai Gazta Elkarteko artzainak eta Idiazabal Jatorri Izendapeneko gazta egiten duten industria txikiak. Guztira gazta egile duten 116 artzainek eta 5 industria txikik osatzen dute elkartea, eta denon artean 600.000 kilo inguru gazta ekoizten dituzte.Idiazabal gaztaren esportazioa lehen urratsak egiten hasi da eta sektoreak egindako ahaleginetik sortu da ekimena.

KATAk merkatu hauetara heltzea du helburu: AEB, Alemania, Suedia, Erresuma Batua, Holanda, Belgika, Suitza, Errusia eta Arabiar Emirerriak, eta aurreikusita dauka hasieran 80.000 kilo esportatzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jon Azkue