Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Euskadiko Energia Estrategiak ia 11.000 milioi euroko inbertsioa mugiaraziko du 2020. urtera arte

2012.eko ekainak 07

Energia eraginkortasuna, berriztagarriak, gas naturala eta I+G teknologikoa dira ildo nagusiak

 

  • Aurreikuspenen arabera, energiaren aurrezpenak 5.000 milioi euroko errenta askatzea ekarriko du, gizarteko beste zeregin batzuetarako erabilgarriak izango direnak.
  • Ia 11.000 milioi euroko inbertsioaren eragina Euskadiko BPGaren %1,6aren baliokidea izango da, eta urtean 14.000 enplegu ingururi eustea ekarriko du. Administrazioak 1.770 milioi eurotik gorako inbertsio zuzenak eta laguntzak bideratuko ditu.
  • Garapen iraunkorra sustatuko du eta ekarpen handiak egingo dizkio gizarteari; izan ere, 2,5 milioi tona CO2 murriztea ahalbidetuko du 2020rako, 2005eko erreferentzia urtearen aldean %18 gutxiago.

• Epe luzeko ikuskera garrantzi handikoa da eta energiari lotutako I+G esparruko teknologian inbertsioak bultzatuko dira, nazioartean euskal enpresak erreferenteak izatea lortzeko xedez, kalitateko enplegu egonkorra sortuz.

 

 

Bilbo, 2012ko ekainaren 7a.- Eusko Jaurlaritzak 2020ko Euskal Energia Estrategia berria diseinatu du, lehiakorragoa, hornidura segurtasun handiagoa eta CO2 gutxiko energia sistema lortzeko aurrerapausoak ematea helburu nagusia duena. Premisa horiek zenbait ekimen eta jardueratan oinarritzen dira, honako xede hauei begira: energia kontsumoa %17 murriztea, energia berriztagarrien erabilera %87 areagotzea eta gas naturala sustatzea, petrolioaren ordezkapena bideratzeko energia gisa. Horretarako, 10.710 milioi euroko inbertsioak egitea eta bideratzea aurreikusten da.  

Energia Estrategiaren ildo berriek energia garapen iraunkorra bultzatzen dute, XXI. mendeko erronkei begira, energia hornidura segurtasun eta kalitate handiagoz lortu ahal izateko. Horretarako, gizarte ehunaren eta enpresen ongizatearen areagotzea ekarriko dituzten ekintza eta jarduera ugari aurreikusten dira. Jarduera horiek honako hiru lehentasun hauetan oinarritzen dira: energia aurreztea, energia iturri berriztagarrien eta gas naturalaren erabilera areagotzea eta Euskadiko energia alor industriala sustatzea, Euskadira lehiakortasuna, enplegua eta aberastasuna erakartzeko gai izan daitekeen alorra denez.

Estrategian ezarritako helburuak oso handinahiak dira; izan ere, energiaren aurrezpena %17 izatea lortu nahi da, energia iturri berriztagarrien aprobetxamendua %87 areagotzea, gas naturalaren erabilera %50era gehitzea, trantsizioko energia gisa, eta petrolioaren kontsumoa %9 murriztea.

3E2020 Energia Estrategiaren helburuak
Energia eraginkortasuna ardatz nagusienetako bat da energia sistemaren eragin ekonomikoa murrizteko, energiaren prezioa altua izango den eszenatokien aurrean. 2020. urteari begira, urtean 1.050.000 tep (tona petrolio baliokide) aurreztea lortu nahi da, energia eskaria %17 gutxitzea eskatzen duena, kontsumoan dagoen goranzko joeraren aldean. Era berean, energia intentsitatea, hau da, aberastasun unitate bat ekoizteko kontsumitzen den energia kantitatea, %22 murriztuko da, kantitate bera ekoizteko.

Gainera, energiaren kontsumoan izango den murrizketa horrek eragin zuzena edukiko du kontsumitzaileen energia fakturaren murrizketan. Izan ere, aurreikuspenean arabera, 4.000 eta 5.000 milioi euro artean aurreztuko dira 10 urtean sektore kontsumitzaileen aldetik. Horren ondorioz, errenta ugari liberatuko da, eta, beraz, beste zeregin batzuetarako errenta gehiago izango da, aberastasun handiagoa ekartzeaz gain.

Petrolioa eta beronen kontsumoa murriztea dira Energia Estrategiaren beste ardatz bat. Hala, garraio alorrak petrolioarekin duen lotura haustea da lehentasunetako bat, gaur egun %100eko lotura. Horretarako, errepideko garraioan energia alternatiboei sarbidea ematea aurreikusten da, %15 izatera iritsiko liratekeena. Horrekin batera, ibilgailu elektrikoa sustatuko da, 2020an 37.100 ibilgailu izateko merkatuan.

Energia iturri berriztagarriak areagotzea da Estrategiaren beste lehentasun bat. Arlo honetan, egungo aprobetxamendua %87 gehitzea ekarriko duten jarduera eta ekintza ugari eramango dira aurrera. Horrek esan nahi du nabarmen areagotuko dela berriztagarrien kuota azken kontsumoan, gaur egungo %8tik 14ra, zehazki. Horretarako, epe ertainean, teknologia helduak dituzten biomasa eta eolikoa lehenetsiko dira, bazter utzi gabe epe luzera begirako apustuak eta itsas energiak eta itsas eolikoa kontuan hartuta. Hala, epe luzeko ikuskera oinarri hartuta, xedea da berriztagarrien %30 lortzea 2030. urtean.

Ekoizpen elektrikoari dagokionez, helburua da baterako sorkuntzaren edo kogenerazioaren eta berriztagarrien parte hartzea areagotzea sorkuntza elektrikoan, eta haien partaidetza %22 eta %16 izatea, hurrenez hurren.

Gas naturala da Energia Estrategiaren beste ardatz nagusi bat. Petrolioaren ordezkoa izango den energia iturri hori aprobetxatzeko sistema sendotu nahi du Eusko Jaurlaritzak, trantsizio energia garbi gisa indartzean datzana, energia berriztagarrien erabileraren nagusitasuna lortzeko bidean. Izan ere, zenbait ahalegin egingo dira honako helburu hauek lortzeko: gaur egungo energia-mixaren barruan hartzen duen %42tik %50eraino gehitzea, gasa biltegiratzeko eta garraiatzeko azpiegiturak handitzea eta Euskal-kantauriar arroan gasa natural propioaren erreserba potentzialen bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumenekoa aztertzea.  

Hori guztia, energia kontsumoa murriztea, bertako baliabideak aprobetxatzea eta atmosferara CO2 gutxiago aireratzea diren xedeak aintzat hartuta. 2020an, helburua da CO2 gasari dagozkion emisioetan 2,5 milioi tona murriztea urtean, hots, erreferentziatzat hartzen den 2005ean erregistraturikoak baino %18 gutxiago.

Teknologia
Energia Estrategiaren alderdi berrienetakoa da garapen teknologikoari eta industrialari ematen zaien garrantzia. Izan ere, lehentasunezko alor berezia da, energia garapen iraunkorrean, enpleguan eta gizartearen hazkundean eragina eta isla zuzena izango duena.  Etorkizuneko apustu handia da, Euskadi teknologia gune edo polo moduan agertzea, nazioartean energiaren alorreko teknologietan erreferentea izatea eta Euskadiko energiari lotutako enpresen alde teknologikoa sustatzea ekarriko duena.

Bi ikerketa zentrorekin batera, Euskadiko energia alorrak honako zentro hauek ditu: I+G esparruan diharduten 10 zentro korporatibo, multinazionalen 5 lehiakortasun zentro, unibertsitateetako zentroak eta energia arloan unitateak dituzten IK4 eta Tecnalia ikerketa zentroak. Energia alorrean 24.400 pertsona ari dira lanean eta fakturazioa 15.469 milioi eurokoa da. Ikerketaren arloari dagokionez, energia alorreko enpresetan 1.900 langile artzen dira.

Alor horretan helburua da I+G esparruan inbertsioa areagotzea 5 urtean. Hala, gaur egun, energia arloko enpresek inbertitzen duten 189 milioi eurotik 300 milioi euro inbertitzera pasatzeko 2015. urtean.

Euskal enpresen kooperazioa eta hazkundea sustatu nahi da 8 eremu estrategikotan, elektrizitatearen inguruan lotura izango dute lehentasunezko zortzi eremu, hain zuzen ere.  Horretarako, Energia Estrategiak jarduera zehatzak aurreikusten ditu puntako euskal enpresen artean, adibidez, sare elektriko adimendun, potentzia handiko eoliko eta itsas eolikoaren gaietan nazioarteko erreferenteak diren enpresak. Horrekin batera, eguzki termoelektrikoaren esparruetan enpresen lidergo teknologikoa bultzatzeko jarduerak ere zehaztu dira.

Aurrekoaz gain, goraka ari diren alor berrietan ezagutza sortzeko asmoa dago; esate baterako, energiaren metatzearen eta energia undimotrizen inguruan. Hori erdiesteko, goi mailako ikerketa zentroak ditugu: CIC energiGUNE eta bimep (Biscay marine energy platform); azken hau instalazio fasean gaur egun. Energiaren metatzea funtsezkoa izango da energia iturri berriztagarrien garapen erabatekoa izateko etorkizunean; izan ere, nagusiki gauean izaten den ekoizpen berriztagarria eta eskari handiena dauden orduak aldi berean izatea ekarriko du. Bestetik, itsas energiak, epe luzean, perspektiba bikainak aurkezten ditu aprobetxamenduari begira, harrapatzeko edo kaptatzeko gailu egokien ikerketan aurrerapausoak eman behar badira ere.

Azkenik, energiaren alorreko inbertsioek dakarten aukeren aprobetxamendua nabarmendu behar da, enpresa eta zerbitzu berriak garatzeko garraioaren elektrifikazio esparruan, energia zerbitzu enpresen artean eta gas natural ez konbentzionalaren inguruan.


Inbertsioak
Energia Estrategiak erronka handia ekarriko dio Administrazioari ekonomikoki, diru ugari mugitzeko ahalmen handia erakutsi beharko baitu. Izan ere, 10.710 milioi euroko inbertsioak aurreikusten dira: diru kantitate horretatik, %94 ekimen edo alor pribatuari dagokio eta gainerako %6a Gobernuaren inbertsio zuzenari. Zehazki, jarduera alor guztietara bideratuko den diru kopurua 7.890 milioi eurokoa da, eta garapen teknologikoari lotutako  I+G esparruko inbertsioa 2.820 milioi eurokoa da. Administrazio publikoaren aldetik, berriz, 1.160 milioi euro bideratuko dira laguntzetara, proiektuak garatzeko behar diren inbertsioak sustatzeari begira. Horrekin batera, Administrazioaren eraikinak eta instalazioak energetikoki berritzeko inbertsioak bultzatu eta egingo dira, energia eraginkortasunaren hobekuntzaren eta energia berriztagarrien erabileraren sustapenaren bitartez.

Alde horretatik, azpimarratzekoa da inbertsioek euskal gizarteari ekarriko dioten eragin positiboa. Izan ere, egingo den inbertsio horren %61 euskal enpresek ekoitziko dituzten ondasun eta zerbitzuen bidez ase eta beteko dela espero da, BPGaren %1,6 den kantitatearen ekarpena eginez eta urtean 14.150 enpleguri eusten lagunduz. Horrez gain, zuzenak ez diren beste onura edo etekin batzuk ere eskuratuko dira, zergekin zerikusi duten foru aldundien ogasun sailen diru bilketaren bidez, 2.824 milioi baino gehiago izango dena 2011-2020 aldirako.

5 iruzkin
  • @camelajsp
    2012.eko ekainak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @osvalbuena: Estrategia Energética Vasca movilizará hasta 2020 una inversión de 11.000 millones€ http://t.co/QVsVy4z3 http://t.co/GIXK9Kcu #ModeloEuskadi

  • @alaincoloma
    2012.eko ekainak 18

    Comentario de Twitter:
    RT @osvalbuena: Estrategia Energética Vasca movilizará hasta 2020 una inversión de 11.000 millones€ http://t.co/QVsVy4z3 http://t.co/GIXK9Kcu #ModeloEuskadi

  • @bettyboo600
    2012.eko ekainak 18

    Comentario de Twitter:
    RT @osvalbuena: Estrategia Energética Vasca movilizará hasta 2020 una inversión de 11.000 millones€ http://t.co/QVsVy4z3 http://t.co/GIXK9Kcu #ModeloEuskadi

  • @osvalbuena
    2012.eko ekainak 18

    Comentario de Twitter:
    Estrategia Energética Vasca movilizará hasta 2020 una inversión de 11.000 millones€ http://t.co/QVsVy4z3 http://t.co/GIXK9Kcu #ModeloEuskadi

  • @osvalbuena
    2012.eko ekainak 18

    Comentario de Twitter:
    Estrategia Energética Vasca movilizará hasta 2020 una inversión de 11.000 millones€ http://t.co/QVsVy4z3 http://t.co/GIXK9Kcu #ModeloEuskadi

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Xabier Garmendia