Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzak bikain ziurtagiria lortu du Basurtuko eta Galdakaoko pertsona ostomizatuen unitateetan

2026-03-31
  • Euskadin 3.200 pertsona inguru daude ostomizatuta, eta Osakidetzak arreta espezializatua eskaintzen die Estomaterapiako Praktika
    Aurreratuko Erizainen bidez
  • Ziurtapena lortzearen mugarria bat dator Euskadiko Osasun Itunaren konpromisoekin, arreta hurbila eta pertsonalizatua euskal osasun-sistema publikoaren ardatz eraldatzailetzat eskaintzearekin

Osakidetzak maila bikainaren ziurtagiria lortu du Basurtuko eta Galdakao-Usansoloko unibertsitate ospitaleetako ostomien kontsultetan. HU-CI Proiektuak (HU-CI: zainketak humanizatuz, gaztelaniaz) emandako ‘H-Ostomías’ sariak bermatzen du osasun-eredu bat, non pazientea zainketa-ekosistema baten ardatza baita. Gainera, sistema horrek alderdi biologikoa gainditzen du, dimentsio emozionala eta soziala ere aintzat hartzeko. Aurretik, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearen estomaterapia-unitatea nazioarteko ziurtagiri hori lortzen zuen Euskadiko lehen unitatea izan zen, eta Estatuko bigarrena. Orain, Basurtu eta Galdakao ere zentro bikainen zerrendan sartu direnez, Osakidetza pertsona ostomizatuen arretaren erreferente bilakatu da.  Aurrerapauso horrek erakusten du, beraz, osasungintza gizatiarrago baten aldeko konpromisoa ez dela soilik asmoen adierazpen bat, baizik eta benetako hobekuntza bat, pazienteak beren egunerokoan nabaritzen ari direna.

"Gure egitekoa da, hain zuzen, irakastea, laguntzea eta ondoan egotea prozesu osoan zehar. Ez gara soilik sendatzeaz arduratzen, baizik eta atzean dagoen pertsonaz, bere beldurrez eta bere egokitze-prozesuaz ere", adierazi dute arloko zenbait erizain adituk. Azken helburua da pazienteak bere bizitza soziala, lanekoa eta sexuala autonomia osoz berreskuratzea.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Euskadiko Osasun Itunarekin bat eginik hartutako konpromisoa berresten du ziurtagiri horrek, hau da, arreta integrala, pertsonalizatua eta kalitatezkoa emateko konpromisoa, ostomizatutako pertsonen eta haien familien behar fisiko, emozional eta sozialei heltzeko.

Pertsona ostomizatuei ebakuntza kirurgiko bat egin diete, abdomeneko paretan irekidura artifizial bat egiteko, dela minbizia izan dutelako (koloneko eta ondestekoa, maskurikoa), dela hesteetako hanturazko gaixotasunak (Crohn, kolitis ultzeraduna) edo buxadurak izan dituztelako, nahiz eta beste gaixotasun batzuen ondorio ere izan daitekeen. Irekidura horri esker, gorozkiak edo gernua irten daitezke, aldi baterako zein behin betiko, kanporatze naturala eragozten duten gaixotasun, lesio edo malformazioak daudenean. Euskadin 3.200 pertsona inguru daude ostomizatuta, eta Osakidetzak arreta espezializatua eskaintzen die, erizain estomaterapeuten eta hezkuntza-baliabideen bidez. Haien bizi-kalitatea hobetzearen aldeko lanak egin dituzte, hain zuzen ere, autozainketa irakasten eta azpiegiturak egokitzen, hala nola bainugela egokituak prestatuz.

Basurtuko eta Galdakao-Usansoloko ziurtapenaren oinarrian Jardunbide Egokien Eskuliburu bat dago, HU-CI Proiektuak eta zenbait elkarte zientifikok batera sortutakoa; besteak beste, SEDE izeneko elkarteak (estomaterapiako praktika aurreratuko erizainen elkartea). ‘Bikain’ ziurtagiriaren maila gorenera heltzeko, bi unitateek arrakastaz gainditu dute funtsezko alderdien ebaluazioa, hala nola laguntza emozionala ematea, bai pazientea, bai haren familia trebatzea, eta haien autonomia hobetzea ebakuntza egin aurretik ondorengo jarraipenera arte. Azken batean, aitortza horrek bermatzen du arreta mediko aurreratua eskaintzeaz gain, errespetu eta hurbiltasun bereziz zaintzen dutela pertsona ostomizatuen bizi-kalitatea.

Basurtu: berritzailea eta hurbila

Basurtuko kontsultak 16 urteko ibilbidea du, eta eskatutako jardunbide egokien % 98,44 betetzea lortu du. Auditoretzak nabarmendu dituen indarguneak dira, batetik, estomaterapeutek autonomia dutela beren agenda kudeatzeko, eta horrek berehalako arintasuna ematen diola prozesuari premiazko kasuetan, eta bestetik, pazientearen premietara erabat egokitzeko gaitasuna dutela.

Gainera, unitateak teknologia berriak integratzen ere asmatu du, eta 2025ean 1.600 asistentzia baino gehiago egin zituen, eta 500 pertsonari baino gehiagori arreta telematikoa eskaini zien (WhatsApp eta bideokontsulta bidez), alferrikako joan-etorriak murriztuta. Hori ez ezik, zentro aitzindaria ere bada estatu mailan, isolatutako hestearen errehabilitazioan, beraz, prestakuntzarako erreferentziazko zentroa da Estatu osoko profesionalentzat.

Galdakao-Usansolo: ingurunearen humanizazioa

Bestalde, Galdakao-Usansolok pazientearen autonomiarako inpaktu handiko neurriak hartu ditu; kasurako, hiru bainugela espezifiko sortzea pertsona ostomizatuentzat. Bertako ikuspegian aipagarriak izan dira estigmaren aurkako borrokaren eta errealitate hori ikusaraztearen alde egindakoak, adibidez, argazki-erakusketa eta humanizazio-jardunaldiak, zeinetan pazienteak protagonista izan baitira.

Erizain estomaterapeuten zeregin ezinbestekoa

Paziente horiei arreta emateko, teknika aurreratua eta etengabeko euskarri psikologikoa konbinatu behar dira. Bi erakundeetako erizaintza-taldeek azaldu dutenez, ostomia batek erabateko aldaketa eragiten du norberaren gorputzaren irudian eta eguneroko bizitzan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
Ekitaldiko kargudunak