Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Zahartzearen arloko adituek Etxean Ondo proiektuari buruz eztabaidatuko dute

2012.eko ekainak 08

Jardunaldietan baloratuko den programa horri esker, ahultasun edo mendekotasun egoeran dauden pertsonek osasun- eta gizarte zaintza jasotzen dute etxean bertan edo komunitatean, non behar duten laguntza eta zaintza jaso dezaketen.


Ekainaren 13an eta 14an zahartzeari buruzko jardunaldiak izango dira Donostian Etxean Ondo proiektua gai nagusitzat hartuta. Iazko irailean Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak abian jarritako proiektu horren xedea da ahultasun edo mendekotasun egoeran dauden pertsonek osasun- eta gizarte zaintza etxean bertan edo komunitatean jasotzea, behar duten laguntza eta zaintza jaso dezaketen lekuan, hain zuzen ere.

Zahartzearen, mendekotasunaren eta desgaitasunaren arloko kudeatzaile eta arduradun publikoek eta sektore soziosanitarioko profesionalek gogoeta egingo dute pertsona ardatz gisa hartzen duen arreta-ereduari buruz. Horrez gain, proiektuak izan dituen emaitzen berri emango da jardunaldian. Foroaren helburua laguntza behar dutenei zuzendutako ekintzen diseinuan eta garapenean inplikaturiko eragileen artean ezagutzak trukatzea da. Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak inauguratuko du jardunaldia, eta ondoren hitz egingo dute Eusko Jaurlaritzako, aldundietako eta udaletako ordezkari publikoek eta arlo soziosanitarioko profesionalek eta adinekoekin lan egiten duten elkarteen eta erakundeen ordezkariek.

Gaur goizean, Donostian, jardunaldiak aurkezteko ekitaldian, Etxean Ondo programaren izaera parte hartzailea azpimarratu du Alfonso Gurpegui Gizarte Gaietako sailburuordeak; izan ere, proiektuarekin bat egin dute hiru herri-administrazioek (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Udalak), adinekoen elkarteek, desgaitasunak dituztenen elkarteek, zerbitzu hornitzaileek, hirugarren sektoreko gainerako elkarteek, eragile sozioekonomikoek eta kultura-arlokoek.

Egin diren azterlan guztien arabera, adinekoek etxean bertan edo etxean egongo balira bezala zahartu nahi dute. Etxean Ondo proiektua pertsona ardatz gisa hartzen duen arreta-ereduan oinarritzen da, eta eredu horrek oso kontuan izaten du adinekoen borondatea laguntza-zerbitzuak modu pertsonalizatuan, integralean eta iraunkorrean ematerakoan. Ezaugarri horiekin batera, Eusko Jaurlaritzaren ekimenak hurbileko zerbitzu berriak gerturatzea aurreikusten du: otorduak, arropa-garbiketa, fisioterapia, podologia, etab.

"Adinekoak zaintzen dituzten familientzako laguntzak indartu dira, zaintzei buruzko aholkularitza eman eta zalantzei erantzungo dien etxez etxeko laguntza profesionalaren bitartez" esan du Gurpeguik gai horren haritik. Horrez gain, programa horren bitartez, dauden beharrizanei erantzuten zaie, produktu lagungarriak edo laguntza teknikoak eta etxebizitzako irisgarritasunerako beharrezkoak direnak emanez, pertsona horien eguneroko bizitzako jardueretan dauden oztopoak murrizteko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)