Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintzak droga kontrolak areagotu ditu errepideetan

2012.eko ekainak 06

Aurten 238 euskal gidarik emaitza positiboak eman dituzte droga kontroletan

Ertzaintzak droga kontrolen kanpaina berezia jarri du martxan euskal errepideetan. Neurria aste osoan zehar egongo da indarrean, eta droga kontsumoaren gorakada erabat eteten saiatzeko abiaraziko da; izan ere, azken urtean droga kontsumoak gora egin duela detektatu da. Aurtengo lehenengo bost hilabeteetan 238 gidarik emaitza positiboa eman dute droga kontrolean, eta datu horri iaz (2011. urtean) emaitza positiboa eman zuten 571 gidariren kopurua gehitu behar zaio. Zenbait faktorek, batez ere gazteen artean, gidatzerakoan dagoen arriskua areagotzen dute, besteak beste droga ugari aldi berean kontsumitzeak edota asteburuetan kontsumoak gora egiteak, baita arriskua ez hautemateak ere.

Iaz, 2011. urtean, Ertzaintzak orotara 1786 gidariri droga probak egin zizkien; horietatik, guztira 571k emaitza positiboa eman zuten. 2012ko lehenengo bost hilabeteetan kontrolak areagotu egin dira, eta orain arte 1296 proba egin dira; horietan, 238 gidarik emaitza positiboa eman dute. Datu kezkagarri horiei beste hainbat faktore ere gehitu behar zaizkie, Ertzaintzako Trafiko Alorreko adituen ustez droga kontsumitzeko eta gidatzeko ereduetan zenbait aldaketa islatzen baitituzte; faktore horien artean daude, besteak beste, asteburuetan drogak kontsumitzea nabarmen areagotu izana, eta substantzia ugari aldi berean kontsumitzearen fenomenoa. Horregatik, egun hauetan errepideetan drogen kontrol zehatzak ugarituz esfortzu nabarmena egiten ari da Ertzaintza. Xedea gidari arriskutsuak detektatzea da, baina horrez gain, helburu nagusia batez ere gazteenak fenomeno horren arriskuaz kontzientziatzea da, istripu askoren kausa baita.

Legez ziurtatutako probak

Ertzaintza 2007an hasi zen gidariei droga kontrolak egiten, eta harrezkero, bost urte hauetan, milaka proba egin dira. Gaur egun arte, Ertzaintzak erabilitako kontrol prozeduraren aurkako hiru helegite baino ez dira aurkeztu, eta administrazioarekiko auzietarako kasuan kasuko auzitegiek horiek guztiak baztertu dituzte.

Horrez gain, Prozedura Kriminalaren Legeko 796.7 artikuluaren aldaketa indarrean sartu zenetik urtebete osoa 2011. urtean bete da; motordun ibilgailuen eta ziklomotorren gidariei egindako azterketetan droga toxikoak, estupefazienteak eta substantzia psikotropikoak detektatzeko probetan jarraitu beharreko urratsak aldaketa horren bidez jaso ziren. 2010eko abenduko lege aldaketa horren ondorioz, bidenabar, Ertzaintzak prestakuntza zabala jaso behar izan du; hala, azken urtebetean 1200 agente Euskal Herriko Polizia Ikastegian izan dira, droga proba horiek egin ahal izateko beharrezko ezagutzak eskuratzen, betiere lege marko arautzaile berriaren barruan. 

Arrastoak listuan

Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan egindako droga kontroletan, Ertzaintzak listu laginak erabiltzen ditu legez kanpoko substantziak antzemateko. Laginak hodi xurgatzaile baten bidez jasotzen dira, eta ondoren in situ analizatzen dira. Probaren emaitza negatiboa izanez gero, 5 eta 10 minutu arteko iraupena du. Emaitza positiboa izanez gero, ostera, emaitza laborategiko zenbait proben bidez egiaztatu behar da, administrazio espedienteari ekin ahal izateko.

Alkoholemiarekin ez bezala, drogen kasuan ez dago tasarik. Gailuek detektatzen dituzten bost substantzietako edozeinetan (kokaina, opiazeoa, THC edo kannabisa, anfetaminak eta metanfetaminak) emaitza positiboa emate hutsak 500 euroko administrazio isuna eta gidabaimenean sei puntu kentzea dakar.

Kannabisaren kasuan, kontsumitu eta handik ordu batzuetara ere droga kontroletan detektatzen da; horrenbestez, ezingo da inoiz gidatu kontsumitu ondoren gutxienez bost ordu igaro arte (kantitate txikietan kontsumitu bada ere). Gogoan izan behar da, bidenabar, droga detekta daitekeela haren ondorioak antzematen ez diren arren. Metanfetamina (speed), MDMA (estasia) eta kokaina kontsumitu eta hamabi ordu geroago ere detekta daitezke.

Beste faktore batzuek ere eragina dute organismo bakoitzak droga ezabatzeko behar duen denboran, eta hortaz, baita kontroletan detekta daitezkeen denbora tartean ere; faktore horien artean daude, besteak beste, drogak konbinatzea, pertsona bakoitzaren metabolismoa, sexua edota adina.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko