Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Bernabé Undak “Enpresa Hurbil” ideia lehiaketaren lehenengo saria eman dio Leioako Gaztelueta ikastetxeari

2012.eko ekainak 06

 

 

DBHko eta Batxilergoko 40 ikastetxe inguruk Euskadiko enpresak bisitatu eta enpresa-mundua ikasleei gerturatzeko proposamenak egin dituzte.

 

 

 

Gaztelueta ikastetxeko ikasleek "Enpresa hurbil" ideia-lehiaketaren lehenengo saria jaso dute gaur, Bernabé Unda sailburuaren eskutik. Lehiaketa enpresa‑mundua Euskadiko ikasleei gerturatzeko Eusko Jaurlaritzaren kanpainaren barruan antolatu da. Kanpaina horretan Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak jardun dute lankidetzan.

 

"Enpresa Hurbil" izeneko gizarte- eta hezkuntza-kanpaina DBHko bigarren zikloko eta Batxilergoko lehenengo mailako ikasleei zuzenduta dago.

 

Ekimenaren helburua industria-prozesuak eta horiek gure gizartean balioa sortzeko duten gaitasuna gertutik ezagutzea da. Enpresekiko sentsibilizazioa, ezagutza orokorra eta jarrera positiboak sustatu nahi ditu, gure errealitate ekonomikoaren oinarrizko elementuak baitira.

 

Hori lortzeko, bi jarduera mota antolatu dira. Batetik, hiru lurraldeetako enpresen ordezkaritza zabal bat bisitatzeko ibilbideak programatu dira 2011‑2012 ikasturtean.

 

Sektore asko ordezkatzen dituzten enpresak bisitatu dira; besteak beste, Petronor, Cementos Rezola, Orbea, Irizar eta Café Baqué. DBHko eta Batxilergoko 40 ikastetxe inguruk hartu dute parte, baina ikasle gehienak DBHko 3. eta 4. mailakoak izan dira parte hartzaileen artean. Parte hartu duten guztiek balorazio positiboa egin dute programari buruz.

 

Ikasturte honetan eta aurrekoan ideia-lehiaketa bat antolatu da programaren barruan. Helburua ikasleek proposamenak egitea da, enpresen mundua ikasleei gerturatzeko modu onenei buruz.

 

Ikasturte honetan Leioako Gaztelueta ikastetxeko ikasleen taldeak jaso du lehenengo saria. Bigarren saria Gasteizko Marianisten ikastetxeko ikasleen talde batek lortu du. Lehenengoei gaur eman die saria Bernabé Undak, ikastetxean bertan. Bigarrenei, datorren astean emango die Pedro Gómez Damborenea Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuordeak.

 

Ikasleen adin zehatz batzuk aukeratu dira, etorkizun profesionala aukeratzen hasten den fasean daudelako. Eta, Euskadin industria aukeratzen duten gazteak behar ditugu.

 

 

Ordenagailu eramangarria opari

 

Lehiaketan proposamenen kalitatea eta bideragarritasuna baloratzen dira, eta, batez ere, errealismoa. Gaztelueta ikastetxeko DBHko lau ikaslek lortu dute sari hori: Iñigo Contreras, Alvaro Otaduy, Ignacio Garay  eta Alberto Cabos, Jorge Ugalde tutorearekin batera.

 

Irabazleek Portaventurara joateko bidai bat irabazi dute, taldearentzat eta tutorearentzat, baina nahiago izan dute bigarren sailkatuentzako oparia jaso: ordenagailu eramangarri bana taldeko ikasleentzat. Sailburuak eman dizkie ordenagailu horiek ekitaldian.

 

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 6a.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan