
Eusko Jaurlaritzak 7,7 milioi euro jarriko ditu 7 eta 15 urte bitarteko 200.000 haur artatzen dituen Osakidetzaren Haurren Hortzak Zaintzeko Programarako (PADI) (Gobernu Kontseilua 2026-03-10)
- Azken urteotan, Osakidetzak aho-hortzen osasun-zerbitzuen eskaintza handitu du, 0-6 urte bitarteko haurren aho-hortzen osasunerako arretarekin, haurdunaldian zeharreko hortzetako prebentzio-jarduketekin eta paziente onkologikoentzako hortz-prestazioekin
- Euskadiko haurren aho-hortzen osasuna, azken hamarkadan, Estatuko onena da eta Europar Batasunean buru-buruan dago; hala ere, emaitzak optimizatze aldera, Osasun Sailak herritarrak informatzeko eta sentsibilizatzeko kanpaina jarriko du abian aurten bertan
Gobernu Kontseiluak, Alberto Martínez Osasuneko sailburuak proposatuta, baimena eman du gaurko bileran 2026ko Haurren Hortzak Zaintzeko Programari (PADI) dagokion 7,7 milioi euroko gastua egiteko. Horrela, aho-hortzen osasunaren arloko osasun-prestazioa bermatzen die Euskal Autonomia Erkidegoko 7 eta 15 urte bitarteko herritarrei.
Duela 35 urte sortu zuten Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Haurren Hortzak Zaintzeko Programa, haurren aho-hortzetako osasuna bermatze aldera. Programa horrek hortzen garapen onerako eta hortzak zaintzeko ohitura osasungarrietarako garrantzi handiko adin tartea hartzen du.
PADIk urtero 200.000 haur inguru artatzen ditu doan, eta, horretarako, Euskadiko Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialen laguntza du. Horrela, Osakidetzako profesionalez gain, dentista gaitu ugarik parte hartzen dute programan. PADIk egiten duen urteko berrikuspenaren bidez, dentistak garaiz detektatu eta tratatu dezake txantxarra hortzak ateratzen eta ordezten diren aldietan, nahiz eta ez den inolako alterazio edo trabarik sumatzen. Gainera, zainketa prebentiboak eta konpontzaileak egin ditzake, eta aho-higienerako beharrezko ohiturak indartu. Aldian behingo kontsultetara joatea, beraz, aho-hortzetako osasuna babesteko eta zaintzeko modu bat da, haurtzaroan zein helduaroan.
Gainera, Osakidetzak, duela bi urte, bere sare osoan betetzen duen estaldura hori 0 eta 6 urte bitarteko haurrengan ere zabaldu zuen, eta, horri esker, haur horiek Osakidetzako erreferentziazko beren osasun-zentroko odontologia-kontsultetara joan daitezke. Zerbitzu berri horrek 108.000 adingabe inguruko xede-biztanleriari mesede egin diezaiokeela kalkulatzen da. Hartara, txantxarraren hasierako lesioen prebentzioan eta detekzio goiztiarrean jardungo da, baita bizitzaren hasierako etapetan ere, lehen esne-hortzak ateratzen direnean.
Era berean, 2023az geroztik, Osakidetzak beste kolektibo batzuk ere sartu ditu aho-hortzetako osasun-zerbitzuen eskaintza berrian. 2024an, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako hortz-unitate guztietara hedatu ziren haurdunaldian zeharreko hortzetako prebentzio-jarduketak —zerbitzuen eskaintza berriaren proiektuan jasotzen ziren—.Bestalde, paziente onkologikoentzako hortzetako prestazioak Euskal Osasun Zerbitzuaren kontsulta publikoetan aplikatzen dira jada.
Azken hamarkada honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko eskola-haurren aho-hortzen osasunak estatuko onena izaten jarraitzen du eta Europar Batasuneko buru-buruan finkatu da, Danimarka gisako herrialdeekin batera. Hala islatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Aho-hortzetako Osasunaren IV. Ikerketa Epidemiologikoak. 1988. urteaz geroztik, hamar urtean behin egiten den txosten horrek 7, 12 eta 14 urteko haurren aho-hortzen osasunaren erradiografia eskaintzen du, eta baliagarria da Osasun Sailak eta Osakidetzak garatutako politiken eragina ebaluatzeko.
Nolanahi ere, etengabeko hobekuntzaren filosofia abiapuntu izanik eta emaitzak optimizatzeko helburuarekin, Osasun Sailak aurten bertan herritarrak informatzeko eta sentsibilizatzeko kanpaina jarriko du abian. Kanpaina horrek arreta berezia eskainiko die PADIren estaldura-tasarik txikiena duten Euskadiko eremuei, hala nola landa-eremuei edo hiriguneetatik urrun dauden eremuei.
-
2026-03-10
Comentario de X:
✅ Eusko Jaurlaritzak 7,7 milioi euro jarriko ditu 7 eta 15 urte bitarteko 200.000 haur artatzen dituen Osakidetzaren Haurren Hortzak Zaintzeko Programarako (PADI) -
2026-03-10
Comentario de X:
✅ El Gobierno Vasco destina 7,7 millones de euros al Programa Dental Infantil PADI de Osakidetza que atiende a 200.000 niños y niñas de 7 a 15 años



